Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ospatu du gaur Bilboko Unibertsitatearen sorreraren 50. urteurrena. Bilboko Unibertsitatea gaur egungo UPV/EHUren aitzinekoa. Ekitaldian mintzatu dira Iñigo Urkullu, Lehendakaria, Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea, Goio Monreal, Bilboko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreorde ohia eta UPV/EHUko errektore ohia, Juan Maria Aburto, Bilboko alkatea eta Patxi Juaristi, Bizkaiko Campuseko errektoreordea.
UPV/EHUk Bilboko Unibertsitatearen sorreraren 50. urtemuga ospatu du
1968an sortua, lehen euskal unibertsitate publikoa izan zen eta gaur egungo UPV/EHUren aitzinekoa
- News
First publication date: 13/12/2018
“Ezin dira zuhaitz baten adarrak zabaldu sustrai sendoak ez baditu. Ekitaldi honen bidez erakutsi nahi dugu non dauden Euskal Herriko Unibertsitatearen sustraiak. Eta ez dugu hori egin nahi iraganera begira gelditzeko, etorkizunari indar handiagoz eta uste osoz begiratzeko baizik”, esan du Nekane Balluerka errektoreak bere hitzaldian.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justizia sailburu Maria Jesús San José, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko errektore Margarita Arboix eta UPV/EHUko errektore ohi Pello Salaburu, Manuel Montero, Juan Ignacio Pérez eta Iñaki Goirizelaia.
Bilboko Unibertsitatea, UPV/EHUren hazia
Bilboko Unibertsitatea, lehen euskal unibertsitate publikoa, 1968ko ekainean sortu zen, Bilbon eta haren inguruetan hazten zihoan biztanleriak goi mailako hezkuntzaren arloan eginiko eskariei erantzuteko helburuaz, eta Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Udalak eta ekonomiaren eta gizartearen arloko hainbat erakundek eskatuta. Hazkunde ekonomikoaren testuinguru horretan unibertsitate eskaintza urria zen. Bizkaiko goi-mailako ikasketak Deustuko Unibertsitateak, 1865ean sortua, Zientzia Politiko, Ekonomiko eta Komertzialen Fakultateak, 1955ean sortua eta Valladolideko Unibertsitatearen mendekoa, eta 1897an sortutako ,Bilboko Industria Ingeniarien Eskolak artatzen zituen.
Bilboko Unibertsitatearen muina izan ziren aipatutako Zientzia Politiko, Ekonomiko eta Komertzialen Fakultateak eta Medikuntza eta Zientzia Fakultate berriak. Unibertsitate barrutirik gabe sortu zen, eta Juan Echevarría Gangoiti izan zen lehenengo errektorea. Bere lehen egoitza Bilboko Botika Zaharra kaleko Nautika Eskola izan zen.
1970ean hasi ziren Leioan Unibertsitatea eraikitzeko lanak eta 1972-73 ikasturtean hasi ziren lehen klaseak ematen Zientzia eta Medikuntza Fakultateetan. Arian-arian, beste goi-mailako ikastetxe batzuk gehitu ziren unibertsitatera. Horrela, 1972an, hiru euskal lurraldeetan 14 goi-mailako ikastetxe zeuden.
Lehen urte horietan, 1970eko legeria berrira egokitu behar izan zen Unibertsitatea, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langile berriak gehituz ikasleen gorakadari erantzuteko; izan ere, 1968ko 3.000 ikasletik, 15.000 ikasle izatera pasako dira 1976an.
Ondoren, 1977an, euskal unibertsitate barrutia sortu zen Arabako eta Gipuzkoako unibertsitate ikastegien sartzearekin batera. Hiru urte geroago, 1980an, Autonomia-estatutua onartuta eta Eusko Jaurlaritza eratuta, izen aldaketa onartu zen eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea jaio zen.
Bilboko Unibertsitateari buruzko erakusketa
Bilboko Unibertsitatearen historia laburtzen duen ‘Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrena’ erakusketa ikusgai dago Bizkaia Aretoko atondoan. Paulí Dávila eta Luis María Naya UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak dira erakusketaren komisarioak.
‘Bilboko Unibertsitatearen 50. urteurrena’ erakusketa Bizkaia Aretoa – UPVEHUn (Abandoibarra 3, Bilbo) egon zen ikusgai urtarrilaren 4ra arte. Ondoren Bizkaiko Campuseko Liburutegian (Leioa-Erandio eremuan) bisitatu ahal izango da urtarrilaren 28tik otsailaren 18ra arte. Ostean Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan (Elhuyar plaza, 2. Donostia) ikusgai egongo da ekainaren 3tik 14ra arte. Halaber, Arabako Campusean bisitatu ahal izango da ere.
Bilboko Unibertsitateari buruzko bideoa