euskaraespañol

UPV/EHUk eta Euskadiko Parke Teknologikoak mugikortasun elektrikoa bultzatu dute Leioan birkarga bikoitzeko puntu bat instalatuz

Ekimena unibertsitateak Europako Mugikortasunaren Astea dela eta antolatutako jardueren barruan kokatzen da

  • News

First publication date: 20/09/2023

Irudian, Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea, eta Joseba Urbieta, Bizkaiko Parke Teknologikoko gerentea. | Photo: Fernando Casabella. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskadiko Parke Teknologikoak ibilgailu elektrikoak birkargatzeko gune bat inauguratu dute gaur goizean Bizkaiko Campusean (Leioa-Erandio eremuan), egunero ingurune akademiko horretara joaten diren milaka pertsonen mugikortasun jasangarria errazteko eta bultzatzeko. Instalazio hori martxan jartzea Europako Mugikortasunaren Astearen barruan egin da. Astearen lema ‘Konbinatu eta mugitu!’ da, eta UPV/EHUko hiru campusetan hainbat jarduera egingo dira hilaren 22ra arte (ostirala).

Kargatze-puntua Parke Teknologikoko Egoitza Eraikinaren ondoan dago, eta 180 kilowatteko (kW) kargagailu bikoitz superazkarra du, ibilgailuen bateriaren %80 bost minutu baino gutxiagoan kargatzeko. Puntu hau erabiltzen duten pertsonek, gainera, beren auto elektrikoen bateria energia %100 berdearekin kargatzeko bermea izango dute, energia berriztagarriko iturrietatik datorrena, eta jatorri-bermearen ziurtagiria (GdOs).

Kargatze-gune berriaren inaugurazioan parte hartu dute Gorka Morenok, EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Joseba Urbietak, Bizkaiko Parke Teknologikoko kudeatzaileak.

Instalazio hori abian jartzea UPV/EHUk Europako Mugikortasunaren Astea ospatzeko duen jarduera-programaren barruan dago. Hala, irailaren 20tik 22ra, hiru campusetan jarduera-programa zabala egingo da, unibertsitate-komunitatean mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko.

Jardueren artean daude bizikletaz eta patinete elektrikoz egindako ibilbideak, bizikletentzako tailerrak eta auto elektrikoen erakustaldiak, besteak beste, Formula Studentena, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle eta irakasle talde batek garatua.

Parkearen apustua mugikortasun elektrikoaren alde

Leioan birkarga-puntu bikoitza jartzea Euskadiko Parke Teknologikoak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoaren parte da. Gasteizko instalazioetan, 17 puntu bikoitz ditu kargatze elektrikorako, eta beste 13 Zamudio/Derion. Helburua da ibilgailu-mota horien erabilera sustatzea, Euskadiko Parke Teknologikoko egoitza guztietan klima-neutraltasuna erdietsiko duen ‘Parke Berdea’ agertokia lortzen laguntzeko.