UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 531 M €-ko aurrekontu proiektua onartu du 2024rako
Aurrekontu proiektuan bost miloi aurreikusi dira USLO ezartzeko
- News
First publication date: 22/02/2024
Gaur Bizkaia Aretoan egindako bileran, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 531 M €-ko aurrekontu aurreproiektu bat onartu du 2024rako. Aurreproiektua abenduaren 14an aurkeztu zen organo berean. Aurtengo aurrekontua 531.031.332 €-koa da, eta 2023koa, aldiz, 494.543.014 €-koa izan zen. Beraz, € 7,38 hazi da iazkoaren aldean. Proposatu diren 531.031.332 € horietatik, 466.148.132 € aurrekontu arruntari dagozkio: horietatik 39.433.200 € programa kontratuetarako dira, 25.000.000 € Inbertsioen Urte Anitzeko Planerako eta 450.000 €, berriz, Gizarte Kontseilurako.
Totalaren % 72,79 Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik datoz, eta beste % 27,21a kanpoko iturrietatik. Kanpo sarrera horien % 8,42 tasei dagozkie, eta gainerako % 18,79a unibertsitateak bere jardunetik sortutako sarrerak dira (kanpoko kontratuetatik, ikerketa proiektuetatik, berezko tituluetatik datozenak eta abar).
Aurrekontu berrietan azpimarratzekoa da, besteak beste, 32 M € azpiegiturak hobetzeko erabiliko direla (aurten 25 M € Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berrira bideratuko dira), Azpiegiturak Hobetzeko Urte Anitzeko Plan Bereziari lotutako beste inbertsio batzuekin batera, eraikinen jasangarritasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeari begira. Era berean, nabarmentzekoa da 5 M izendatu direla Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (USLO) ezartzeko, irakasle laguntzaile doktoreen irakats ahalmenaren murrizketak kontratazio berrien premia ekarri baitu.
Aurrekontuen proiektua onartu delarik, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira esker oneko agertu da ekimenak jasotako babes zabalagatik: “Gaurdanik, tresna on bat daukagu ekitaldi honi aurrera egiteko: oso positiboa iruditzen zait aurrekontu hauek onartu izana. Bestalde, aurrekontuen nobedadeetako batzuk azpimarratu nahi ditut: partida bat izango dugu ikerketa intentsiboko guneak sustatzeko, eta beste partida bat fakultate eta eskolei laguntzeko Plan Estrategikoari lotutako antolatzen dituzten jardueretan eta azkenik, unibertsitateak jasotzen dituen dohaintzetarako aurreikusi dugun dirusarreren partida”.
Orain aurrekontu proiektua Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio, 2024ko martxoaren 13an onar dezan, egoki baderitzo.