euskaraespañol

UPV/EHU Europako unibertsitateen ENLIGHT partzuergoko kide da

Europako bederatzi unibertsitatek sortu zuten partzuergoa, urriaren 29an, Estoniako Tartu hirian

  • News

First publication date: 05/11/2019

Joan den urriaren 29an, Estoniako Tartu hirian, ENLIGHT partzuergoa sortu zen, lehen helburu izango duena proiektu bat aurkeztea 2020ko otsail amaiera arte zabalik egongo den Europako Unibertsitateen Erasmus+ deialdira. Deialdi horretan, Europako 24 unibertsitate aukeratuko dira gehien jota, eta programak 120 milioi euroko aurrekontua izango du (bost milioi partzuego edo aliantza bakoitzeko), hurrengo hiru urteetan erabiltzeko. UPV/EHUrekin batera, unibertsitate hauek arituko dira ENLIGHT partzuergoan: Bordele, Irlandako Unibetsitate Nazionala (Galway), Bratislavako Comenius, Tartu, Gante, Göttingen, Groningen eta Uppsala.

UPV/EHUko errektorearentzat, ENLIGHT partzuergoa sortzea aukera ezin hobetzat hartu behar da: “Gure unibertsitateak apustu argia egin zuen bere garaian nazioartekotzearen alde, baina Europako unbertsitate bokazioa duen partzuergo batean egoteak aukera berriak emango dizkigu lankidetza akademikorako eta gure ikerketa, irakaskuntza eta transferentzia indartzeko”. ENLIGHT partzuergoaren helburuen artean dago ikasleen ahalduntzea sendotzea, gizartearekin konprometitutako herritarrak prestatzeko, lurraldeetako tokiko erakundeekin elkarlan estuan aritzea eta eredu jasangarriak sortzea testuinguru global baten barnean.

Europako unibertsitateen aliantza hauek Europako estatuen 2017ko akordioaren emaitza dira, akordio horren xedea izanik Europar Batasun osoan sendotzea goi mailako hezkuntzako erakundeen arteko elkarte estrategikoak, eta bultzada ematea aldi berean Europako unibertsitateen konstituzioari. Europako unibertsitateak EB osoko unibertsitate sareetan bilduko dira, goi mailako irakaskuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna indartzeko kontinente zaharrean. Europako unibertsitateek goi mailako erakundeen nazioz gaindiko aliantzak eratuko dituzte, epe luzerako lankidetza bultzatuko dute eta unibertsitateko kolektibo guztiei eskainiko dizkiete, besteak beste, mugikortasun sistematikoa, elkartutako unibertsitateetan eginiko egonaldien aitortza, ikasketa osagarrien planak eta baterako tituluak.

2020ko aurrekontu aurreproiektuaren aurkezpena

2020ko aurrekontu aurreproiektuaren zenbaki nagusiak aurkeztu dira UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan.  Zehazki, 428,22 milioi €-ko aurrekontua (2019an, 422,05 milioi €-koa izan zen). Beraz, % 1,26ko igoera izan da aurreko urteari dagokionez. Kopuru horretatik, 326,14 milioi € EAEko aurrekontu orokorretatik datoz; hau da, aurrekontu osoaren % 76,16. Nolanahi ere, kopuru hori aldatu ahal izango da, Legebiltzarra ari baita 2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren proiektua tramitatzen.

Azaroaren 20tik 29ra, zuzenketak proposatu ahal izango dira aurreproiekturako. Aurreproiektua abenduaren 12ko Gobernu Kontseiluan aztertuko da, eta, ondoren, Gizarte Kontseiluan, behin betiko onespena jasotzeko.