euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUk Ozeanoen Munduko Eguna ospatzen du

G9ko G9Missions proiektuak sustatutako ‘Itsaso bete zientzia’ jardueraren sariak banatuko dira eta ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektuaren emaitzak aurkeztuko

  • News

First publication date: 08/06/2023

Gaur, ekainak 8, osteguna, Ozeanoen Munduko Eguna izango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du ospakizunarekin. Aurtengo goiburua ‘Planeta ozeanikoa da: korronteak aldatzen ari dira’ da, eta bere helburua da gizakiek ozeanoetan duten eragina komunikatzea eta zabaltzea, arlo horretako ikerketa baloratzea eta gizartea kontzientziatzea gure itsasoen beharrezko kudeaketa iraunkorrari buruz.

Gainera, EBk 2030. urtera arte finkatu dituen misioen artean, gure uren eta ozeanoen osasuna lehengoratzea dago, hain beharrezkoa den baliabide hori jasangarria eta pertsona guztientzat irisgarria izaten jarrai dezan.

Eginkizun horretan oinarritzen da G9 Unibertsitate Taldeak (UPV/EHU horren parte da) Ikertzaileen Europako Gauaren G9 Missions proiektuaren aurretiazko jarduera. Zehatzago esanda, UPV/EHU arduratu da, Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera, parte hartzen duten unibertsitate guztiek egiten duten jarduera komuna diseinatzeaz: Itsaso bete zientzia. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketa da, itsasoko ekosistemak babestu eta lehengoratzean inspiratutako literatura- eta arte-lanak taldean aurkeztean datzana.

Itsaso Bete ZientziaLehiaketa honetan parte hartu duten gazteek aukera izan dute ozeanoak kontserbatzearen garrantziaz duten ikuspegia partekatzeko eta mezu hori beren familiei, adinekoei, irakasleei eta, azken batean, gizarteari helarazteko. Aurkeztutako lanak, narrazioaren modalitatean zein sorkuntza artistikoaren modalitatean, itsas ekosistemak, horien biodibertsitatea, itsasoko dibertsitate biologikoaren erabilera iraunkorra edo uretan petrolioen eta hondakin plastikoen kutsadura murriztea, besteak beste, babestu eta lehengoratzeko helburuetan oinarritzen dira.

Hainbat ikastetxetako 554 ikaslek hartu dute parte ekitaldian, eta, horrela, ozeanoen kontserbazioan duten harri-koskorra ekarri dute. Lehiaketaren idazketa-modalitatean, Abusu ikastola (Lehen Hezkuntzako 6. maila) eta Txingudi BHI (Bigarren Hezkuntzako 2. maila) izan dira irabazle. Modalitate artistikoan, Anoetako Herri Ikastola (Lehen Hezkuntzako 6. maila) eta Uribe Kosta Institutua (Bigarren Hezkuntzako 1. maila) izan dira irabazleak.

Sari-banaketa gaur, ekainak 8, izango da, 19: 30ean, Bilboko Itsas Museumean, Basque Environment and Ocean Week-en barruan, herritarrei ingurumenaren eta ozeanoen inguruko aurrerapen zientifikoak eta teknikoak hurbiltzeko astea. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile askok parte hartzen dute.

Halaber, gaur, Bizkaia Aretoan, Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuaren emaitzak aurkeztuko dira. Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) ikertzaile talde batek bultzatuta, proiektuaren helburua parte-hartzaileak euskal kostaldera hurbiltzea da, eta haien arreta eskala mikroskopikoko biodibertsitatean eta arriskuan jartzen duten eragileetan (plastikoek eragindako kutsadura, esaterako) ardaztea.

Lehen eta bigarren hezkuntzako azken urteetako 28 ikastetxek eta 700 ikaslek baino gehiagok (Curriculum Aniztasuneko taldeak barne) parte hartu dute ekimenean, eta aisialdiko mota guztietako erakunde eta elkarteei eta kultura-, gizarte- edo ekintza-jarduerak garatzen dituzten talde inklusiboei ere irekita egon da.

Egitaraua

10:30-10:40 "Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuaren ikuspegi orokorra
10:40-10:45 Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoaren agurra
10:45-11:15 Ulf Jondelius, Historia Naturaleko Suediako Museoko zuzendariaren hitzaldia
11:20-12:00 Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko (CIMASUB) film laburren emanaldia
12:00-12:15 MATERi (ingurumen-hezkuntzako zentro berritzailea) buruzko hitzaldi dibulgatzailea, naturarekiko begirunetsuagoak diren bizimoduetarantz pertsonen eta komunitateen ekintza bultzatzera bideratua
12:15-12:45 Sari banaketa UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendari Nerea Jauregizarren eskutik
13:00-14:00

Posterren erakusketara bisita eta lunch-a.

 

Era berean, talde bakoitzak bidalitako posterrak ekainaren 5etik 14ra egongo dira ikusgai Bizkaia Aretoan, hilaren 8an joaterik ez duten talde eta parte-hartzaileek beste une batean bisitatzeko aukera izan dezaten, publiko orokorrak bezala, erakusketara sarrera librea egongo baita.