Eva Ferreira errektoreak datorren urterako Jarduera Programa aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak gaur Bizkaia Aretoan izandako bileran. Urte honetan haren taldearen lana egituratu duten bost ardatz nagusietan oinarritzen da plana: 1) Prestakuntza; 2) Jakintzaren ikerketa eta Transferentzia; 3) Kultura eta Gizartea; 4) Pertsonak; 5) Gobernantza eta Baliabideak.
Prestakuntza duala, IKD ereduaren garapena, nazioartekotzea eta STEM graduetara sartzeko berdintasuna, UPV/EHUk 2022rako prestakuntzan dituen erronkak
Eva Ferreira errektoreak datorren urterako Jardueren Programa aurkeztu du Unibertsitateko Klaustroaren aurrean
- News
First publication date: 25/11/2021
Errektoreak programaren lehentasunak azaldu ditu bloke horietako bakoitzean. Prestakuntzaren kapituluan, zehazki, funtsezko apustua egiten da dagoeneko martxan dauden hezkuntza ekimenak indartzeko eta sortu berriak diren beste batzuk bultzatzeko. IKD hezkuntza ereduaren esparruan (Irakaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa, UPV/EHUk berak diseinatutakoa), titulazio desberdinetako ikasleen baterako lana erraztuko da, baita gradu amaierako lan (GRAL) eta master amaierako lanen (MAL) Garapen Jasangarriaren Helburuen erronkekiko lotura ere. Gradu bikoitzak bultzatzen jarraituko da, eta, ENLIGHT Europako aliantzaren barruan, ikaskuntza esperientzia berriak garatuko dira, hala nola BIP (Programa Intentsibo Konbinatuak: Blended Intensive Programs). Lehenengo deialdia abian da jada. Etengabeko prestakuntzako ereduaren proposamen berri bat ere egingo da, eta kanpoko praktiken programak areagotuko dira. Esparru berean, euskal unibertsitate publikoak STEM plan bat ezartzeko asmoa du, emakumeen belaunaldi berrien artean diziplina teknologikoekiko bokazioak sustatzeko.
Beste bloke batzuetan, 2022rako Jardueren Programak berrikuntzak ere jasotzen ditu, hala nola ikertaldeen transferentzia eta berrikuntza gaitasunak sustatzea GJHen inguruan; ikasteko aukerak hobetzeko programak bultzatzea zailtasun ekonomikoak dituzten kolektiboetan; Euskararen Astea aktibatzea UPV/EHUn; Entzute Sare bat sortzea fakultate eta eskoletan; eta aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak abiaraztea unibertsitatean.
2022-2025eko Plan Estrategikoa
Bestalde, gaurko Klaustroaren bilera parte hartze prozesu anbiziotsu baten abiapuntu izan da, ikasturte honen amaieran 2022-2025 Plan Estrategikoa onartzeko, eta tresna horrek euskal unibertsitate publikoaren hurrengo urteetako jardueraren garapena gidatuko du.
Oinarrien dokumentua aurkeztu ondoren, non behin betiko onartu arte prozesua gidatuko duen ibilbidea zehazten baita, Eva Ferreirak honako hau adierazi du: "Gure unibertsitatearen ikuspegia globala da, eta pertsona bakoitzak unibertsitatea eraikitzeko egiten duen ekarpenak integratuago egon behar du proiektu kolektiboan. Gure unibertsitateko langileen karrera profesionalak zaindu eta planifikatu behar ditugu, gure ikasleen beharrei eta eskaerei erantzun, eta gizarte zibilarekin eta erakundeekin dugun harremana sendotu. Epe ertain eta luzera begiratu beharra dugu”.
Errektorego taldeak egindako oinarrien dokumentuan, datozen urteetan arreta berezia jarri nahi zaien “eraldaketarako lau elementu” identifikatu dira: nazioartekotzea; eraldaketa digitala; Garapen Jasangarriaren Helburuen garapena; eta komunikazioa.
Etorkizuneko plana egiteko prozesua bost ardatz estrategiko handiren definizioan du abiapuntu:
- Prestakuntza.
- Ikerketa eta transferentzia.
- Kultura eta gizartea.
- Pertsonak.
- Gobernantza eta baliabideak.
Esparru horietako bakoitzean lan taldeak sortuko dira, eta unibertsitateko kolektiboen ordezkariak izango dira bertan. Era berean, kanpoko parte hartzera irekitzea ahalbidetuko duten baliabideak ere ezarriko dira. Prozesuaren azken fasean, taldeen lanaren emaitza jasoko da, eta Plan Estrategikoaren lehen bertsioa egingo da, baita ardatz handi horietako bakoitzerako ekintza proposamenak ere. Ondoren, unibertsitateko kide guztiei zabalduko zaie eztabaida, webgune instituzionalean tresna interaktibo bat jarrita, pertsona guztiek ekarpenak edo iradokizunak egiteko aukera izan dezaten. Ekarpen berri horiek aztertu ondoren, azken dokumentua aurkeztuko da Gobernu Kontseiluan onartzeko, hala iritziz gero. Espero da prozesu hori guztia ikasturte honetan zehar garatzea eta 2022-2025 aldirako Plan Estrategikoa datorren urteko ekainean onartzea.
Estatutuen Erreforma
Klaustroak UPV/EHUren Estatutuetako artikulu jakin batzuk aldatzea onartu du. Bi izan dira aldaketaren helburu nagusiak: batetik, ikasleen ordezkaritza sistema aldatzea ikasleen kontseiluetan (unibertsitatekoetan, campusekoetan eta ikastegietakoetan), organo horien eta ikasgeletako ordezkarien arteko lotura hobetzeko; bestetik, Klaustroan eta Gobernu Kontseiluan dauden irakasleen hiru kolektiboren (lotura ez-iraunkorra duten irakasle doktoreak; lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreak; eta gainerako irakasle-ikertzaileak) ordezkaritzarekin lotutako ehunekoak aldatzea. Irakasle ez-doktore iraunkorrak nabarmen murriztu dira LOU legea indarrean sartu ondoren, eta irakasle doktore ez-iraunkorrak (“gainerako irakasle-ikertzaileak”) nabarmen gehitu dira: kolektibo horiek kide anitzeko organoetan zuten parte hartzea aldatzea eskatzen zuen horrek, ordezkaritza hobe bat bermatze aldera.