euskaraespañol

image of the day

Unai Arregi Leon: «Doktoretza egiteak ez du esan nahi automatikoki balio batzuk dituzunik»

  • Interview

First publication date: 05/07/2024

EHU-ekinean 2. denboraldiko 6. podcasta: Unai Arregi Leon.

Unai Arregi Leonek Milandik eman du elkarrizketa. Hain zuzen, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza ikasi zuen EHUn, Leioan, eta gero  Mikrouhin Elektronika eta Optikako Erasmus Mundus Masterra egin zuen Limogeseko (Frantzia), Bresciako (Italia) eta Euskal Herriko unibertsitateetan. "Nahiz eta Euskal Herrira oso lotuta egon, gaiak oso gustukoak nituenez, abentura honetan sartzera animatu nintzen. Masterrari esker, 13 herrialde desberdinetako 16 pertsona talde berean ibili gara herrialde batetik bestera mugitzen, eta Brescian nire oraingo irakaslea, Milangoa bera, ezagutu nuen. Horrela suertatu zait Milanen doktoretza egiteko aukera", azaldu du Arregik.

Masterreko kideek hizkuntza asko hitz egiten zituzten, baina haien artean ingelesa zerabilten nagusiki. Hala ere, Arregik aitortu du euskara bere izaeraren parte dela, eta beti azaldu izan diela gradu bikoitza euskaraz egin zuela. "Horrek asko harritzen ditu, eta interes handia pizten die. Galdetzen didate, adibidez, ea nondik ateratzen ditudan erreferentziak, eta, apunteak ikusitakoan, esan izan didate alemana dirudiela". Milanen lana ingelesez egiten badute ere, italieraz ere hitz egiten dutela zehaztu du; hortaz, italieraz ere ikasi du pixka bat. "Dena den, euskara oso presente daukat".

Diskriminatua, eta, hala ere, pribilegiatua

Hizkuntzagatik eta ikasketa-mailagatik oztoporik izan ez duen arren, dena ez da erraza izan, jarrera eta iruzkin homofoboak jasan behar izan baititu: "Ez lan-eremuan bertan, baina bai inguruan. Iritsi nintzenean, LGTBI komunitateko kide gisa, asko poztu nintzen ikusi nuenean armairu zahar batean ostadarraren eranskailua. Badakit horrek ez duela dena arrosa-kolorekoa bihurtzen, baina lagun-artean sentitu nintzen. Gero, ordea, iruzkin homofoboak eta horrelakoak entzun behar izan nituen ikertzaile batzuen ahoetatik, eta oso gaizki pasatu nuen".

Bolada gogorra izan zen, baina, hausnarketarekin, eta irakasleen eta gertuko lagunen laguntzarekin, gainditzeko bidean da. Asko lagundu diote kirolak (“korrikalari fina bilakatu naiz”), musikak, eta halako zaletasunek, eta liburu bat ere gomendatu du: Gabriel Martin psikologoak idatzitako “Maitatu asko zure burua, marikoi” (Quiérete mucho, maricón).

Argi du, norberak bere tresnak garatzeaz gain, garrantzitsua dela sistemak protokoloak eta baliabideak izatea halakoa egoerak saihesteko, eta, gertatuz gero, irtenbideak eskaintzeko. Eta azpimarratu du doktore izateak ez zaituela pertsona ona egiten: "Ingelesez, doktore-tituluaren izena Doctor of Philosophy da; hau da, balio batzuekin lotzen da. Baina doktoretza egiteak ez du esan nahi automatikoki balio horiek dituzunik, landu egin behar dira. Eta jendeari ahaztu egiten zaio hori".

Alderdi horretatik, bere aletxoa jarri nahiko luke Arregik, beste batzuek ez dezaten bizi behar izan berak bizitu dituen egoerak. "Eta hori, gizon zuria, cis eta ez-indigena izanda".

Neurri batean dituen pribilegioez jabetzen da, beraz, eta gauza bera gertatzen zaio ikerketan ere: "Udaren ondoren, Berlinera joango naiz, Fritz Haber Institutura, egonaldi bat egitera nanofotonikaren arloan. Izugarrizko gogoa daukat, eta esan behar da zorte hori dugula: guk aukeratzen dugu zer ikertu, norekin, zer lekutan... Ez zaizkigu kexatzeko arrazoiak falta, oso bizimodu prekarioa baitaukagu, baina onartu behar dugu, neurri batean, pribilegiatuak garela". Etorkizunerako ilusioa adierazten duten hitzekin bukatu du elkarrizketa.

Ikertzaileari buruz

Unai Arregi Leon (Tolosa, 1996) Fisikan doktoregaia da Milango Politekinikoko Fisikako sailan, Computational Electromagnetics Lab taldean. Bere tesia nanoegitura dielektrikoen prozesu optiko ez-linealak aztertzean datza, metodo analitikoak eta numerikoak erabiliz. Aurretik, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza ikasi zuen EHUn, eta, gerora, Mikrouhin Elektronika eta Optikako Erasmus Mundus Masterra egin zuen Limogeseko, Bresciako eta Euskal Herriko unibertsitateetan.

 

 

EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).


Honen harira