euskaraespañol

Image of the day

Lehergaien detekzioa hobetzeko teknika bat, 'Think Big 2020' enpresa-ideia onena

Lehiaketak Bizkaiko UPV/EHUko ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea du helburu

  • News

First publication date: 22/10/2020

21 hautagaitza aurkeztu dira gaur Bizkaia Aretoan. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Enpresa-ideien lehiaketa da Think Big eta Bizkaiko UPV/EHU campuseko ikasleen artean ekintzaile sena piztea du helburu. Ekimen honek ikasleak animatu egiten ditu komertzialki bideragarriak diren produktu eta zerbitzuak garatzera, beraien lan-esperientzia eta ezagutzak aplikatuz.

Aurten 21 hautagaitza aurkeztu dira, eta 'Auziker' izan da irabazlea eta 2.500 euroko saria jaso duen proiektua. Poliziak erabiltzen dituen txakurrak trebatzeko lehergai bat detektatzea ahalbidetzen duen materiala (amu bat) garatu dute proiektuaren baitan.

"Merkaturatu nahi den produktua TATP lehergaia detektatzeko entrenamendu-amuak dira. Horretarako, bi amu mota garatu ditugu: Hauts-TATP eta Hodei-TATP. Bi amuak, funtsean, euskarri bizigabe bat dira (bera bi amuetan), non lehergaia xurgatu den. Alde nagusia da horietako batek (Hauts-TATP) lehergai hauts kantitate txiki bat duela, eta besteak, berriz, ez duela lehergai kantitaterik, soilik bere lurrina (Hodei-TATP). Amua maneiatzea, gainera, ez da arriskutsua, eta oso eraginkorrak dira (txakurrek % 95ean antzeman dituzte) ", azaldu dute aurkezpenean Ainhoa islak eta Luis Bartolomek.

1.500 €-ko bigarren saria ‘Roseo Eólica Urbana’ izenburua duen enpresa-ideiak eraman du. Hirugarren sariak ‘Bee Agritech’ eta ‘4urtaroak Mindfulness Birtuala AGHN-an’ proiektuek lortu dituzte.

Hiru accesit

‘Loop’, ‘Gomutak’ eta ‘Nanodiab’ proiektuek accesit bat eta 300 € jaso dituzte bakoitzak. 2020ko edizio honetan 21 proiektu aurkeztu dira, 53 parte-hartzailek egindakoak (25 emakume eta 28 gizon). Lehiaketa ZITEK-ek antolatu du eta epaimahaia UPV/EHU, BEAZ (Bizkaian ekonomia eta berrikuntza sustatzeko sozietate publikoa) eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatu dute. Proiektuak baloratzeko orduan erabili diren irizpideak ideiaren berrikuntza eta orijinaltasuna eta horren garapena, bideragarritasun tekniko eta ekonomiko-finantzarioa eta ekintzaile taldearen konpromisoa izan dira.