Ikerketa batek agerian utzi du Eliza Katolikoan adingabeei egindako sexu-abusuen larritasuna eta abusuok salatzeko ekimen urriak
UOCk, UBk eta UPV/EHUk egindako ikerketa batean agerian geratu da aurrez tratu txarrak jasan zituztela bazekiten biktimei eragin dizkiete apaizek sexu-abusuak gehienetan
- Research
First publication date: 28/06/2021
Joan den apirilean lehen aldiz aitortu zituen Espainiako Eliza Katolikoak 2001etik aurrera Espainiako elizgizonek egindako 220 abusu-kasu; Espainiako Gotzain Batzarreko bozeramaileak iragarri zuen. Espainiako erakunde erlijiosoetan sexu-abusuak salatzeko ekimenak oso urriak izan dira, eta Espainiako Eliza Katolikoan sexu-abusuak prebenitzeko protokoloak askotarikoak izan diren arren, lehenago ez da ikerketa sakonik egin urteetan zehar gertatutako biktimizazioari buruz, kaltea behar bezala erreparatu eta biktimei erreparazio horretarako sarbide uniformea eman ahal izateko. Horixe da Eliza Katolikoaren barruko sexu-abusuei buruz estatu mailan orain arte egin den asmo handieneko ikerketaren ondorioetako bat. Ikerketaren emaitzak astelehen honetan aurkeztu dira Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroko auditorioan egindako ‘Erakunde erlijiosoetan adingabeei egindako sexu-abusuak: erantzun errestauratiboak, biktimologiatik’ jardunaldian. Ekitaldia ikerketen arduradunek antolatu dute (Josep M. Tamarit, UOC; Noemí Pereda, UB, eta Gema Varona, UPV/EHU), eta kriminologiako, psikologiako, zuzenbide penaleko eta beste jakintza-arlo batzuetako adituek hartu dute parte, baita ikerketa-kazetariek, biktimek eta biktimekin programa espezifikoetan lan egiten duten profesionalek ere.
Kataluniako Unibertsitate Irekiak (UOC) koordinatu du proiektua, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) —zeina aitzindaria baita alor honetan 2013tik— eta Bartzelonako Unibertsitatearekin (UB) lankidetzan. Estatuko abusu-mota horiei buruzko ikerketa guztiak biltzen ditu proiektuak, eta beste herrialde batzuetan lortu dituzten emaitzekin alderatzeko helburua du; halaber, eztabaidagai izan dute zer inpaktu izan dezaketen biktimizazio-mota hori erreparatzeko, esku-hartzeko eta prebenitzeko.
Diziplina anitzeko proiektua
Ikerlana 2018 eta 2021 bitartean egin du biktimologiaren alorrean esperientzia sendoa duen profesional-talde batek, eta Zientzia Ministerioak finantzatu du, Europako funtsak ere baliatuz. Hala, proiektu honen esparruan, zenbait ikerketa egin dira, eta Espainiako testuinguruarekin lotutako alderdi jakin batzuk ebaluatu.
Ikerlan koordinatuak ikerketa kuantitatibo eta kualitatiboak izan ditu, eta ondorioztatu dute gizonezkoetan izan duela eragin handiena. Hala ere, genero-ikuspegia duen atal berezi bat sartu dute, emakumeen biktimizazioaren ikusezintasunari buruzkoa. Halaber, biktimek jasandako kalte sakon eta iraunkorra dokumentatu dute, bai jasandako delituari dagokionez, bai biktimizazio sekundarioari edo instituzioek emandako erantzunak eragindako kalte gehigarriari dagokionez, zeinek, askotan, ezkutatzeko, isilarazteko eta nahasteko joera izan baitute, eta, batzuetan, biktimei errua botatzeko joera; eta hori oso larria da, biktimak haurrak eta nerabeak baitziren, eta, batzuetan, bazterketa, desabantaila sozialak edo minusbaliotasunak berez larriagotutako egoerak bizi zituzten.
Ikerketak erakutsi duenez, aurretik tratu txarrak jasaten zituztela bazekiten biktimei egiten zizkieten apaizek, gehienetan, sexu-abusuak eta, hala, biktimen muturreko zaurgarritasunak eta babes-ingurunerik ez izateak bermatu egiten zien zigorgabetasuna.
“Abusu-kasuak azaldu direnean Eliza Katolikoak nola erantzun duen ikusteko egindako azterketak agerian utzi du modu batean baino gehiagotan jokatu duela. Herrialde askotan nagusi izan den joera defentsiban jartzea izan da, arazoa ukatzean edo minimizatzean oinarrituta. Abusu-kasuak gertatu direla ukatzea ezinezkoa izan denean, erantzun ofizialak joera izan du gertaera bakan gisa aurkezteko edo azalpenak norbanakoaren kausak bilatzera bideratzeko, abusuak abusu-egileen ezaugarri psikopatologikoekin lotu dituzte eta inguruneak edo egiturak eragindako kausek izan zezaketen eragina bazterrean utzi”, baieztatu du Tamaritek (proiektuaren koordinatzailea).
Arrisku-faktoreak
Proiektu honetan, bestalde, Espainiako eliza-erakundeetan gertatu diren sexu-abusuen egiturazko kausak ere aztertu dira. Hala, arrisku-faktore gisa identifikatu dira zenbait alderdi, hala nola botere klerikala, perfekzionismo morala, sexualitatearen ikusmoldea, sekretismoa, bakardadea edo bekatuaren eta barkamenaren ideia. UPV/EHUko taldeak, bereziki, alderdi instituzionalak edo erakundearekin lotutako alderdiak izan ditu ardatz, eta “traizio instituzional eta espiritual” izenekoak egindako kaltea aztertu dute (ikerketa erkatu espezializatuetan erabilitako terminoa da). Funtsezko alderdi bat nabarmendu dute, biktimen instrumentalizazioa; erakundearen izen ona gailentzen zaie orduan adingabe zirenen eskubide indibidualei.
Gainera, duela gutxi erreformatutako Zuzenbide kanonikoak ez ditu denbora askoan kontuan hartu mota horretako prozeduretan biktimek izan behar dituzten eskubideak; izan ere, nazioarteko araudiari jarraiki, espezializazioa bermatu behar da sexu-biktimizazioari buruzko gaiak lantzeko, baita inpartzialtasuna eta biktimen babesa ere, errugabetasun-presuntzioa murriztu beharrik gabe.
Justizia errestauratiboko programa batzuek —biktimei erreparazio moral eta ekonomikoa emateko moduak bilatzeko— aukera ematen dute erantzukizunak hartu eta biktimei elkartasuna adierazteko; horrek berretsi egiten du egindako kaltearen bidegabekeria, eta aukera ematen du erantzukizun indibidualak eta instituzionalak nork bere gain hartu ahal izateko eta biktima eta herritar askok galdu duten edo zalantzan jarri duten konfiantza eta zilegitasuna berreskuratu ahal izateko, betiere programa errestauratibo horiek modu independentean egiten badira.
Proiektuaren emaitzak Aranzadi argitaletxean argitaratuko dira; jardunbide egokien eredu zehatzak eskainiko dituzte erakunde erlijiosoek eta publikoek, oro har, bai eta gizarte zibilak ere, biktimekiko elkartasun-erantzunak garatu ahal izateko, zintzotasunez eta konpromisoz —izan ere, biktimek balio handia ematen diete bi alderdi horiei—, eta agerian utziko dute beste herrialde batzuek nola egin dioten aurre gizarte-arazo honi. Horri esker, arazoa dagokien erakundeak indartuta atera ahal izan dira, serioski hartu baitute egindako kaltea, eta justiziazko eta osasun-publikoko esparru batean kokatu baitute arazoa.
Bartzelonako Unibertsitateak beste alderdi hauek deskribatu ditu: aurrez tratu txarrak bizi izan zituzten biktimen —gehienetan umeen— ezaugarriak; sexu-abusuen larritasuna (abusu errepikatuak dira; kontaktu fisikoa izan dute, eta erdietan baino gehiagotan penetrazioa); ondorio psikologikoak (biktima gehienek antsietate- eta depresio-arazo kronifikatuak dauzkate; sexu-zailtasunak; elikadura- eta lo-arazoak); eta trauma espirituala (sexu-abusuek biktimen fedean eta Eliza Katolikoarekiko sinesmenean izan duten muturreko eraginarekin lotutakoa). Era berean, sexu-abusuak gertatu eta urte batzuetara, heldutasun- eta hausnarketa-une batera iritsitakoan, biktimek Elizari egindako jakinarazpenak ere aztertu ziren. Instituzioek emandako erantzunek berriz egin zieten kalte; traizio-sentimendu berriak eragin zizkieten, eta haien ondoeza areagotu.
Ikertzaileek esker ona adierazi diete beren ikerketan parte hartu duten pertsona guztiei, baita Elizako kideei ere; baina bereziki zuzeneko eta zeharkako biktimei, beren lekukotza eman baitiete proiektu koordinatu honen esparruan aztertzeko.