euskaraespañol

Marta Fernández Corral

Hispaniako herri bat Ponpeian: Nor ziren autrigoiak?

Ikasketa Klasikoen Saileko Irakasle Atxikia

  • Cathedra

First publication date: 23/09/2024

(Opens New Window)

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Ponpeiako indusketa arkeologikoetan beste aparteko aurkikuntza bat egin dute. Oraingoan, hilobi-monumentu bat aurkitu dute San Paolino eraikina hobetzeko lanak egiten ari zirela. Eraikin hori Ponpeiako Arkeologia Parkearen liburutegiaren egoitza da.

Hilobi-monumentu berri horrek hemiziklo formako banku itxura du. Eredu hori ohikoa zen hirian, bertatik pasatzen zirenak esertzera eta hildakoa oroitzera gonbidatzen baitzuen. Bizkarraldean hileta-inskripzio handi bat ageri da Numerio Agrestinori eskainia. Augusto enperadorearen garaian (k.a. 27 - k.o. 14) ibilbide militarra eta zibikoa egin zuen gizona izan zen.

Monumentuko inskripzioa

Latineko testua letra handiekin dago zizelkatua eta hau dio:

“N(umerio) Agrestino N(umerii) f(ilio) Equitio Pulchro trib(uno) mil(itum) praef(ecto) autrygon(um) praef(ecto) fabr(um) II d(uum) v(iro) i(ure) d(icundo) iter(um) / locus sepulturae datus d(ecreto) d(ecurionum)”

Hots, itzulita:

“Numerio Agrestino Equitio Pulcrori, Numerioren semeari, tribuno militarra, Autrigoien prefektua, jenio militarraren prefektua, duoviro iure dicundo bi aldiz. Hilobiratzeko lekua dekurioiek agindu zuten”.

Ikus daitekeen moduan, bere izen osoaz gain, Numerio Agrestinok bere bizitzan zehar izan zituen kargu militarrak eta zibikoak aipatzen dira. Adierazgarria da hiriko kargu politikorik altuena (“duoviro iure dicundo”) izan zuela bi aldiz. Agian horregatik -inskripzioaren azken zatian irakur daitekeen moduan- eman zion dekurioien ordoak -hiriko kontseiluaren antzekoa- lurperatzeko espazio publiko bat. Ohore hori komunitatean oso baloratuta zeuden pertsonentzat soilik izaten zen.

Inskripzioak informazio askoz gehiago eta aztertzeko aukerak eskaintzen ditu, baina kasu honetan elementu zehatz bati erreparatuko diogu: “praefectus autrgygon(um)” karguaren aipamenari.

Nor ziren autrigoiak?

Autrigoiak Iberiar Penintsulako biztanleria-talde bat izan ziren, eta autore klasikoen aipamen gutxi batzuei esker ezagutzen ditugu. Informazio horretatik abiatuta, iparraldean koka ditzakegu, beste biztanleria-talde batzuekin batera; kantabriarrak mendebaldean, karistiarrak ekialdean eta turmodigoak eta beroiak hegoaldean.

Gainera, iturri batzuek esan duten arren autrigoiak beste biztanleria-talde zahar eta moderno batzuen parte izan zirela, iturri klasikoek diote biztanleria-talde hori independentea zela.

Lehen harremanak Erromarekin

Ez dakigu zehazki zer unetan menderatu zituen Erromatar Inperioak, ez nolakoa izan zen konkistatzeko prozesua. Antzinako testuek Erromaren orbitan kokatzen dituzte zuzenean eta Hispaniako gatazken barruan sartzen dituzte.

Tito Livio erromatar historialariaren arabera, Sertorioren gerretan zehar (k.a. 83- k.a. 73), Ponpeioren bandoan egon ziren. Honela dio:

“Sertoriok berak erabaki zuen bere ejertzitoarekin beroien eta autrigoien aurka egitea; jakin zuen berak Zeltiberiako hiriak setiatzen zituen bitartean, haiek laguntza eskatu ziotela Ponpeiori, gidak bidali zituztela erromatar armadari bideak adierazteko eta zaldizkoek sarri egin zietela eraso bere soldaduei edozein puntutan...”.

Eta Kantabriar Gerretan (k.a. 29-19), Florok -erromatar historialaria bera ere- kantabriarren aurka kokatzen ditu testu honetan:

“Altxamenduarekin hasten lehena, indartsuena eta setatsuena kantabriarrena izan zen. Askatasuna defendatzeaz gain, bizilagunak menderatzeko asmoa ere bazuten eta maiz egiten zizkieten erasoaldiak bakzeoei, turmodigoei eta autrigoiei”.

Erromatar Inperioan integratzea

Lehengo harremanak ez ditugu asko ezagutzen, baina badakigu Erromako egitura administratiboaren barruan nola sartu ziren. Iturriek diote Hispania Citerior probintziaren lurraldearen parte izan zirela, eta Plinio Zaharrak dioenaren arabera, beraien hiriak Conventus Cluniensisen parte izan ziren. Hau da, Clunia hirira (egungo Burgosko probintzian) joatea zegokien, gobernadoreak -edo berak bidalitako legatu batek- urtero bisitatzen zituenean justizia ezartzeko.

“Cluniako konbentu juridikora hamalau herri eramaten dituzte barduliarrek eta alabanenseak soilik aipatu behar dira. […] Kantabriarren bederatzi herrien artean, Iuliobriga soilik aipatu behar da eta autrigoien hamar hirien artean, Tricio eta Virovesca”.

Gainera, konkistatutako lurralde gehienen kasuan bezala, Erromako eredu kultural eta sozialak ere jaso zituzten, tartean, Latineko epigrafe-kultura. Hau da, harrian inskripzioak egiteko ohitura hartu zuten, batez ere hilobietan eta erlijiosoetan. Horietako asko kontserbatu dira gaur egunera arte.

Inskripzio horien azterketak aukera ematen du tokiko biztanlerian izandako aldaketak egiaztatzeko. Besteak beste, izen latindarrak geroz eta gehiago erabiltzera edo jainkoekin (tokikoekin eta klasikoekin) interakzio handiagoa izatera igaro ziren, erromatarren modura. Gainera, pertsona batzuek gora egin zuten politikoki Inperioaren botere-egitura berrietan eta kargu zibilak eta militarrak izan zituzten (Ponpeiako inkripzioaren protagonistak, Numerio Agrestinok egin zuen moduan).

Aztertzeko aukera berriak

Ponpeiara itzuliz,  “praefectus autrigon(um)”  baten presentzia dela eta, inskripzio hori oso garrantzitsua da Hispania iparraldea atertzeko. Beste eremu batzuen kontrolaz arduratu ziren beste prefektu batzuk ezagutzen ditugu, baina hau da autrigoientzako dokumentatu den lehenengoa.

Erantzunak emateko oraindik goizegi den arren, testu honek galdera berri asko iradoki dizkigu:  “praefectus autrygon(um)” bat baldin bazegoen, noiztik eta noiz arte egon zen?, zer funtzio zituen?, nolako harremana zuen inguruko lurraldeekin?, zer pertsona motak zuen kargu hori?, eta abar.

Espero dugu azterketa-aldiaren ostean eta halako aurkikuntza berriei esker, galdera horiei erantzuteko abagunea izatea eta erromatarrek eremu horretan ezarritako lehen kontrol-sistemen gaineko informazio gehiago lortzea.

The Conversation