euskaraespañol

Umeen portaera-arazoak ileko kortisol-maila handiagoekin lotuta daude

Estres-egoerei erantzuteko gorputzak jariatzen duen hormona hori biloan metatzen da eta epe luzeko estres-mailaren adierazle da

  • Research

First publication date: 27/08/2024

Ane Arregi Otxotorena
Ane Arregi, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzailea. | Photo: UPV/EHU.

Ane Arregi UPV/EHUko Basque Environmental Health Research Group taldeko kideak INMA proiektuko 11 urteko haurrekin egindako ikerketa batean ondorioztatu du portaera-arazo handiagoak lotuta daudela ileko kortisol-maila handiagoekin. Ikerketan, gainera, ondorioztatu dute aldi berean estres kronikoa eragin dezaketen zenbait faktoreren eraginpean egoteak ileko kortisol-kontzentrazioa determina dezakeela.

Estres-egoerei erantzuteko gorputzak jariatzen duen hormona da kortisola, eta, estres kronikoa aztertzeko, oso erabilgarria da ileko kortisol-kontzentrazioa neurtzea. “Kortisola, besteak beste, odolean, listuan eta txizan egon ohi da, eta horiek une bateko kortisol-maila adierazten dute; baina ilean, ordea, kortisola metatu egiten da, eta hori epe luzeagoko estres-mailaren adierazle da, alegia, estres kronikoarena”, azaldu du Ane Arregi Otxotorena Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzaileak. Une bateko estresa eta estres kronikoa bereizteko, adibide argi bat erabiltzen du Arregik: “Ez da estres bera egun batez ogia erostera joatean dirua falta duzula konturatzeak eragiten duena eta egunerokotasunean ogia erosteko dirurik ez duzula jakiteak sortzen duena”.

Basque Environmental Health Research Group (B-EHRG) taldeko ikertzaileak 11 urteko haurren ile-laginak erabili ditu estres kronikoa ebaluatzeko. Ikerketa egiteko datuak INMA proiektutik hartu ditu: Infancia y Medio Ambiente (INMA) proiektuan haurren eta familien askotariko datuak hartzen dituzte amaren haurdunalditik hasita epe luzerako ikerketak egiteko.

Hala, ikerketan ondorioztatu dute, batetik, portaera-arazo handiagoak ileko kortisol-maila handiagoekin lotuta daudela. Gainera, “amaren estresa haurren portaera-arazoekin erlazionatuta dagoela ikusi dugu. Horrek esan nahi du amaren estresak ere haurren portaera-arazoen bidez eragina izan dezakeela haurren kortisol-mailetan. Nolabait bi pausoko bide horretan zehar”, azaldu du Arregik.

Ingurumen-zaratak ere badu eragina kortisol-mailan

Bestetik, espero ez zuten zerbait ere aurkitu dute: “Ingurumen-zaratarekiko esposizio altuago bat kortisol-maila baxuagoekin erlazionatuta dago. Ikusi dugu zenbat eta zarata-maila altuagoa izan, orduan eta kortisol-maila baxuagoak ageri direla. Analisia sexuaren arabera banantzean, erlazio hori mutilen kasuan soilik zen esanguratsua”. Ikertzaileek diotenez, “litekeena da zaratak eragindako hasierako estres akutuak une bateko kortisol-mailen igoera bat eragitea, baina epe luzeko zarata-esposizio altu batek eragiten duen estres kronikoak kortisol-maila jaitsaraztea”. Zaratarekin lotuta espero ez zituzten emaitza horiek berresteko asmoz, Europako Athlete (Horizon 2020) proiektu zabalago batean egingo dute ikerketa berbera.

Ingurumen-faktoreak, faktore sozialak eta faktore indibidualak

Oro har, “gure ikerketan bi faktore horiek hauteman ditugu, baina horrek ez du esan nahi beste faktore batzuk ez daudenik erlazionatuta, baizik eta guk ez dugula bestelako erlaziorik aurkitu —argitu du Arregik—. Garrantzitsua da ikerketa hauei ikuspegi zabalago bat ematea, eta aldi berean estresa eragiten duten faktore bat baino gehiago kontuan hartzea”. Horrenbestez, ingurumen-faktoreen, faktore sozialen eta faktore indibidualen eta haurren ileko kortisol-kontzentrazioaren arteko erlazioa ikertzeko eredu bat sortu dute. Estresean eragina izan dezaketen faktore gisa literaturan ageri diren faktore guztiak izan dituzte kontuan; esate baterako: espazio berdeak eta urdinak, airearen poluzioa, ingurumen-zarata; familiako eta eskolako harremanak, gurasoen estres-maila; lo egiteko arazoak, jarduera fisikoa, adina, sexua, eta abar.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak adierazi duenez, “oraindik asko dago ikertzeko haur eta gazteen ileko kortisol-mailetan eragiten duten faktoreei buruz, eta orain arte egindako ikerketek ez zituzten kontuan hartzen hainbat faktorek aldi berean zer eragin duten”. Horri aurre egiteko helburuarekin sortu dute eredua. Arregik azaldu duenez, garrantzitsua da ereduan faktore asko kontuan eduki izana: “Hemendik aurrera, ereduak aukera emango digu jakiteko ileko kortisol-maila neurtzen denean zer aldagai hartu beharko liratekeen kontuan eta zein ez”.

Etorkizuneko ikerketek ikerlan honek ematen duen ikuspegi konplexuago hau erabili beharko lukete haurren ileko kortisolaren determinatzaileak hobeto ulertzeko; izan ere, aldi berean ingurumen-faktore, faktore sozial eta faktore indibidual desberdinen mende egoteak ileko kortisol-kontzentrazioan eragin dezake. Haurrak estres kronikoaren mende egotea osasun-arazo askorekin lotuta dago; “haurtzaroa eta nerabezaroa oso etapa zaurgarriak dira, garapen azkarreko etapak direlako. Oso garrantzitsua da jakitea etapa horretan nola eragiten duten faktore desberdinek haur eta nerabeen osasunean, pertsona heldu osasuntsu izatera irits daitezen”, adierazi du ikertzaileak.

“Gure ustez, ileko kortisola tresna baliagarria izan daiteke ingurumenarekin lotutako esposizioek estres kronikoan zer eragin duten ebaluatzeko. Azken batean, horrek politika publiko eraginkorrak aplikatzen lagundu dezake; izan ere, toki bateko biztanleen estres kronikoa zerk eragin dezakeen jakinez gero, errazagoa izan daiteke hori saihesteko politikak aplikatzea”, esanez amaitu du.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ane Arregi Otxotorenaren doktoretza-tesiaren barnean argitaratutako artikuluetako bat da. Arregi Euskal Herriko Unibertsitateko B-ERHG taldeko ikertzailea da, eta BioGipuzkoako Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapena taldeko kide ere bada.

Bibliographic reference