euskaraespañol

Ikerketak tomate landareen gaixotasunak eta estresa moteltzea du helburu

Proiektuak Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsen laguntza du, eta UPV/EHUk hartuko du parte bertan

  • Research

First publication date: 31/08/2023

Ikuspegi orokorra: ezkerretara, tomate gaixotua; eskuinetara, tomate osasuntsua
Ikuspegi orokorra: ezkerretara, tomate gaixotua; eskuinetara, tomate osasuntsua | Photo: UPV/EHU

Hiru ikertaldek -tartean UPV/EHUko batek- osatutako partzuergoak PREDESTOM izeneko proiektua du esku artean. Haren emaitzen argitan, estrategia berritzaile bat garatu ahal izango dute, klima aldaketak tomateen ekoizpenean duen eragina moteltzen lagunduko duena, beste labore batzuetara zabaldu ahal izango dena, eta nekazaritza jasangarriagoa sustatuko duena.

Mundu zabalean laboreen ekoizpenaren zenbait ereduk aurreikusi dutenez, etorkizunean errendimendua urritu egingo da, batez ere klima aldaketaren eragin handiaren ondorioz. Horrekin batera, ingurumen aldaketa horiek direla eta, baliteke laboreen berariazko patogeno berriak (fitopatogenoak) agertzea, edo lehendik daudenak sarriago edo erasokorrago azaltzea. “Eragozpen horiek kolokan jartzen dute landareen homeostasia (beren barne ingurunearen egonkortasuna), ingurumen arazoekin egokitzen den edozein organismori gertatzen zaion bezala, eta horrek "estresa" izeneko egoera fisiologiko oso espezifiko  bat sortzen du. Estresari erantzuteko, landareek zelulen jarduerak birprogramatzen dituzte (jarduera transkripzionalak, hau da, beren informazio genetikoaren prozesaketari dagozkionak), estresaren eragina murrizteko homeostasi fisiologiko horretan”, azaldu du Nicolás Nazar UPV/EHUko ikertzaileak, PREDESTOM proiektuan diharduenak.  RNA txikiak (ingelesez, sRNA: small RNA), berezkoak zein patogenoetatik eratorriak, prozesu genikoen erregulatzaile giltzarrizkoak dira, landareen garapenaren funtsezko mekanismoak modulatzen baitituzte. Alde horretatik, sRNAk xede har daitezke laboreen produktibitatea hobetuko duten tresnak garatzeko, eta, era berean, landareen kalte fisiologikoaren adierazle goiztiarrak ere izan daitezke.

Tomatea (Solanum lycopersicum) barazki garrantzitsuenetako bat da mundu osoan, eta Espainia da Europako ekoizle nagusietako bat. Hala ere, ingurumenari lotutako zenbait faktorek labore honen errendimendua mugatzen dute. Klima aldatzen ari den honetan, pentsatzekoa da estresoreek (hau da, estresaren erantzun fisiologikoa ekar dezaketen eragileak), hala nola onddoek, birusek, muturreko tenperaturek eta lehorteek edo horien konbinazioek, eragina izango dutela landareen hainbat maila funtzionaletan, eta nabarmen murriztuko dutela bai ekoizpena eta bai kalitatea. Gainera, landareen eritasun berriek, adibidez onddoek eragindakoek, ekar dezakete ekoizleek fungiziden premia are handiagoa izatea.

“Iragarpen teknologia berrien bidez optimizatu egin daiteke fungiziden eta izurriteen aurkako bestelako estrategien erabilera, tratamendu kopurua murrizteko laboreen ekoizpena urritu gabe. Hori dela eta, nahitaezkoa da estrategia berritzaileak garatzea nekazaritzara iraultza berri bat ekartzeko, nekazaritza praktikak egokituko dituena egungo eta etorkizuneko ingurumen baldintzetara, elikagaien segurtasunaren lau oinarriak (eskuragarritasuna, irisgarritasuna, erabilera eta egonkortasuna) bermatzeko, FAO-Elikadura eta Nakazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak zehaztu bezala", azaldu du UPV/EHUko irakasle Fernando Benito Lópezek. Gainera, argi dago elikagaien ekoizpen jasangarria kokatzen dela Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuen baitan, planeta babesteko eta garrantzi handiko helburuak lortzeko, hala nola goserik eta pobreziarik eza.

PREDESTOM proiektua

Hiru ikertalderen elkarlanaren bidez, proiektuan estrategia bikoitz bat garatzen ari dira tomate ekoizpen sistemen estres biotiko eta abiotikoari lotutako kaltea gutxitzeko. Lan horietako bat Universitat Politècnica de Valènciako Nekazaritza eta Basozaintzako Mediterraneoko Institutuak (IAM-UPV) gidatzen du, Josep Armengol ikertzaile nagusiaren zuzendaritzapean, ikerketa esperientzia baitu tomate landareak estresore biotiko eta abiotikoen eraginpean jartzen (haiei patogenoak inokulatuz, landare kutsatuak egoera desberdinetan haziz etab.). Bestalde, Sistema Integratiboen Biologiako Institutuak (I2SysBio), Gustavo Gómez ikertzailea buru duela, lagunduko du landareak estresadore konbinatuen eraginpean jartzeko saiakuntzetan, eta, horretaz gain, arduratuko da estresarekiko sentikorrak diren sRNAak identifikatzeaz eta miRNA direlakoen bidez estresari erantzuten dioten sare erregulatzaileen baliozkotze biologikoa egiteaz.  Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrofluidika Klusterrak (MFC), Lourdes Basabe Desmonts eta Fernando Benito López buru dituenak, lanean dihardu paperean oinarritutako tresna analitiko mikrofluidikoak sortzeko, estresari lotutako sRNA zehatzak hauteman dezaketenak. Horretarako, lehendabizi sRNA sintetikoak erabiltzen ditu lagin gisa, eta gero landareen estraktuak, intereseko sRNAk dauzkatenak. Horrela,  miniaturazko lanabes berri bat sortu nahi dute laboreen estresa analizatzeko, erabilerraza eta kostu gutxikoa, behar den toki zehatzean aplika daitekeena.

Azkenik, teknologia hori behin garatu ondoren, IAM-UPVren eta tomate ekoizleen kooperatiben arteko harremanari esker, biomarkatzaile horiek tomate landareetan hautemateko sentsorea baliozkotu ahal izango da, berotegi eta landetan, baldintza desberdinetan. Laburbilduz, “diziplina anitzeko eta diziplina arteko proposamen bat da. Ikertaldeek jakintza desberdinak baina osagarriak dauzkate -sRNA direlakoen bidez estresari ematen zaion erantzunaz (biologia molekularra), landareen eta patogenoen arteko elkarreraginez eta diagnostikoaz (fitopatologia), eta Lab-on-a-chip teknologiez (mikrofluidika)- baina guztiak ari dira batera lanean helburu beraren alde", azpimarratu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Nekazaritzako elikagaien sektorean eragin nahian

Europako Batasuneko Itun Berdean jasota dagoen trantsizio ekologikoa eta digitala sustatu nahi ditu proposamenak. Estresak laboreen garapenean dituen ondorioak goiz detektatzeak nekazaritza eraginkorragoa garatzen lagun dezake, eta, aldi berean, fungiziden eta beste konposatu kimiko batzuen erabilera murriztu, eta ondorioz, baita karbono aztarna eta ingurumenaren kutsadura ere. Horrela, ekoizpen katea optimizatu egingo da, eta produktuen kalitatea hobetu. Horrek, berriz, irabazi tartea handituko du eta nekazaritza praktika jasangarriagoak garatzen lagunduko.

Gainera, landareak estresari ematen dion erantzuna modulatzen duten sRNAk identifikatuz gero, beste ezaugarri multzo bat lortuko da, ohiko hobekuntza planei gehituko ahal izango zaiena. Azkenik, berrikuntza horrek nekazaritzako elikagaien sektorean izango duen eraginak -oso sektore garrantzitsua baita hori Espainiako ekonomiarentzat-  pertsonen bizi kalitatea hobetuko du hainbat arlotan (ekonomikoan, sozialean, ingurumenari dagokionean, osasun arloan etab.), eta eredu hori aplikatu ahal izango da bertako eta munduko beste nekazaritza eremu batzuetan. "Detekzio sistema eramangarri eta merkeok eskura izanda, nekazariek ekoizpenaren egoera fisiologikoa unean bertan eta beren beharren arabera monitorizatu ahal izango dute. Irispidean izango dute, hortaz, teknologia berritzaile eta erabilerraz bat, eta, horrenbestez, haien eskubide digitalak bermatuko dira”, gehitu du Fernando Benito Lópezek.

PREDESTOM proiektua (TED2021-129273B-C33) Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Ikerketako Estatuko Agentziak  (MCIN/AEI/10.13039/501100011033) finantzatzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan eta Europar Batasuneko NextGeneration funtsen bidez.