euskaraespañol

Espazio urruneko supernoba bati esker, unibertsoko elementuen jatorria uler ditzakegu

  • Research

First publication date: 10/11/2022

Tom Broadhurst UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaile eta DIPCko ikertzaile elkartua | Photo: Ikerbasque

Supernoba deritzo oso masiboak diren izar batzuen bizialdiaren amaieran gertatzen den izar-leherketari. Bukaera bortitz honetan, izarrak talka-uhin baten bidez jaurtitzen du kanpoko geruzetako materiala, honen osagaiak ikusteko aukera erraztuz. Tom Broadhurst Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque ikertzaile eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikertzaile elkartua partaide duen nazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu, kolore desberdinetan, lehen planoan kokatutako galaxia baten handitze-ahalmenari esker. Ikerketaren emaitzak Nature aldizkari ospetsuan argitaratu dira.

Ikerketa-taldeak galaxiaren grabitazio-eremuaren eredua garatu zuen lente bezala
erabiltzeko, eta horri esker zehaztu zuten hiru irudi horien argiek hiru bide egin
zituztela, egun gutxi batzuen aldearekin. Horrexek argitzen du irudietan lortutako
hiru koloreen jatorria, izan ere, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, igorritako kolorea aldatu egiten da. Zenbat eta tenperatura handiagoa izan, orduan eta urdinagoa da igorritako argia, eta tenperaturak behera egin ahala, igorritako argiak gorrira jotzen du. Hartara, irudi urdina izar-leherketa gertatu eta ordu gutxira supernoba nola zegoen islatzen duen argazkia da, eta irudi berdea eta irudi gorria
eztanda gertatu eta 2 egun eta 8 egun geroagokoak dira, hurrenez hurren.

Informazio honetan oinarrituta, eztanda egin zuen izarra Eguzkiak baino 500 aldiz
erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela jakin ahal izan da, eta Lurra jaio
baino askoz ere lehenago lehertu zela, duela 11.500 milioi urte alegia, gure galaxia
ustez sortu zen une berean. Supernoba honen irudiak Hubble Teleskopio Espazialarenak dira, baina oso handituta daude lentearena egiten duen galaxia
hurbilago baten grabitazio-eremuaren eraginez, eta honi esker, gertuko galaxietako
supernoba lokal guztiak baino askoz ere urrunago ikus dezakegu, distantziari eta
denborari dagokienez.

Izar supererraldoi gorrien leherketei buruzko ikerketaren emaitzak bat datoz,
elementu atomikorik astunenak izarren barruan eta supernoben leherketetan sortu
zirela iradokitzen duen egungo hipotesiarekin: izarren barruan forjatutako
elementuak supernoben leherketetan askatzen dira, eta horietan sortutako gas eta
materialaren hurrengo belaunalditik sortuak dira eguzki-sistemak eta bizitza bera,
egun ezagutzen ditugun bezalaxe. Leherketa horiek gertatu izan ez balira, egungo
galaxietako gasak Big Bangean sortutako hidrogenoa eta helioa besterik ez lituzke
izango, eta ez lioke eutsiko beste elementu kimiko astunago batzuk behar dituen
egungo bizitza konplexuari. Gainera, grabitazio-lente baten bidez egindako
supernoba honen behaketak argi utzi du unibertso urruneko gertaera bat hainbat
aldiz ikus daitekeela, eta printzipioz, behatzeko tresnak behar bezala orientatuz gero, xehetasun osoz ikusi ahal izango genukeela supernoba bihurtuko den izar baten erupzioa.

Bibliographic reference