euskaraespañol

The Conversation eta UPV/EHUren arteko lankidetzak miloi bat irakurketa baino gehiagoko emaitza izan du

Euskal Herriko Unibertsitatea Kolaborazio gehien dituen erakunde akademikoa da, CSICen eta Alcalá, Complutense eta Carlos III unibertsitateen aurretik

  • News

First publication date: 05/11/2019

The Conversation plataformaren helburua mundu garaikideko gai nagusiak hobeto ezagutaraztea da.

UPV/EHUren eta The Conversation informazio plataformaren arteko lankidetza emankorrari esker, azken urtean 1.006.817 irakurketa metatu dira. Aipagarria da zeinen harrera ona izan duten Juan Ignacio Pérez Iglesiasen artikuluek (ariketari, dietei eta giza arrazei buruzkoak), Oskar Gonzálezek artelanei egin zaizkien erradiografiei buruz idatzitako artikuluak, Marta Macho-Stadlerrek egin dituen emakumezko zientzialariei buruzko profilek edo José Luis Granados Mateok idatzitako berrikuntzaren historiak.

“Datu horiek bikainak dira, kontuan izanik UPV/EHUko autoreek lankidetzaren lehen urte honetan argitaratu dituzten 69 artikuluen irakurketei dagozkiela (2018ko irailetik 2019ko irailera). Nire iritziz, izandako arrakastaren arrazoi nagusia da irakurleek eskertu eta gozatu egiten dutela kalitate kontrastatua duten edukien irakurketarekin; hau da, gure autoreen zorroztasun zientifiko, akademiko eta teknikoa idazteko estilo erakargarri eta modernoarekin eta herritar guztientzat eskuragarria eta baliogarria den aurkezpenarekin konbinatzen duten artikuluen irakurketarekin”, azaldu du Miren Bego Urrutiak, UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko zuzendariak.

The Conversation Espainiako eta Latinoamerikako hainbat komunikabidek (Huffington Post, eldiario.es, ABC, Cadena Ser, Público edo El Periódico, besteak beste) zientziaren munduko albisteak eskuratzeko iturri gisa erabiltzen duten plataforma bihurtu da, edukiak berme osoz erreproduzitzeko; horrek asko areagotzen du plataforman argitaratzen diren artikuluen irakurketa kopurua.

The Conversation plataformako bozeramaileen arabera, lankidetzaren lehen urteko “alderdirik aipagarriena” UPV/EHUri loturiko autoreek argitaratutako artikuluen “kalitatearen maila benetan altua izan da, bai zientzia hutsen diziplinetan, bai gizarte zientzien diziplinetan”. Gainera, plataformak txalotu egin du UPV/EHUren ekarpen kopuru handia; izan ere, kolaborazio gehien egin dituen erakunde akademikoa izan da, CSICen eta Alcalá, Complutense eta Carlos III unibertsitateen aurretik.  “Lorpen horrek, zalantzarik gabe, zerikusia du UPV/EHUren zabalkunderako tradizio luzearekin”, azpimarratu dute plataformakoek.

“Metrika hutsez harago (prentsa ohar hau argitaratzeko unean, 1.362.000 irakurketa baino gehiago dituzten 80 artikulu daude), azpimarratu beharra dago gure unibertsitateari loturiko autoreen zabalkunde ekoizpena nazioartera ireki dela. Aurretik aurkeztutako inpaktu datuen azterketa xehatuak honako emaitza hauek dakartza argitara: metatutako irakurketen % 41 Espainiatik kanpokoak dira, nagusiki Latinoamerikakoak (espero izatekoa zen, argitalpenak gaztelaniaz baitaude), baina ez soilik; aipagarria da erregistratutako irakurketen % 7 Ameriketako Estatu Batuetakoak izatea; % 3 Zeelanda Berrikoak; % 2 Frantziakoak eta % 1 Singapurrekoak”, azaldu du Miren Bego Urrutiak.

Artikuluen kalitateari buruzko gaian sakonduz, UPV/EHUko irakasle Juan Ignacio Pérez Iglesiasen El ejercicio ayuda poco a adelgazar: es más efectivo comer menos artikulua frantsesera itzuli dute eta The Conversation Francia atalean argitaratuen artetik irakurriena izan da argitaratu zen egunean. Horrez gain, laster ingelesezko edizioetan ere argitaratzea aurreikusten da.

The Conversation

The Conversation Australian jaio zen, 2011n. Plataformaren helburua zen mundu garaikideko gai nagusiak, hala nola osasuna, ingurumena, berrikuntza teknologikoak, aurrerapen zientifikoak, giza eskubideak edo aditu eta akademikoen pentsamendua, hobeto ezagutaraztea. The Conversation plataformako artikuluak irakurketa eta zabalkunde askekoak dira Creative Commons lizentziapean.