euskaraespañol

Image of the day

Tesi batek ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzeko ikasleetan

Batirtze San Martínek aztertu du ea graduko ikasgai bat eraginkorra den adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak murrizteko

• Research

First publication date: 03/05/2023

Ezkerretik eskuinera: Marta Sastre, Endika Ezquerra, Ana Belén Fraile, Batirtze San Martín eta Koldo Berganzo, Erizaintzako ikasleak eta irakasleak | Photo: Ibai Biritxinaga. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

- Min handia dut hanka honetan.
- Jakina, zure adinarekin normala da...
- Nire ama triste dago.
- Logikoa da, ez du gogorik izango, eta hain da zaharra...

Adineko pertsona bati tonu altuagoan eta mantsoagoan hitz egitea, horretarako beharrik izan gabe, haurrak izango balira bezala tratatzea, gutxiestea (“zure adinarekin ezin duzu halakorik egin”), haiekin jarrera paternalista izatea, haiei abesten arituko bagina bezala hitz egitea... Nork ez du halakorik entzun edo egin? Ba, jakin ezazu, adinkeriazko jokabide baten lekuko izaten ari zarela, edo, beharbada, zu zeu ari zarela hala jokatzen. Uste duguna baino ohikoagoa da, baita osasun langileen artean ere.

Sarritan, adinari egozten dizkiogu beste kausa batzuen ondorio izaten diren zenbait gaitz. Adinekoekiko ditugun aurreiritziak dira, eta ondorio okerrak ateratzera eta haiekin dugun interakzioan modu desegokian aritzera garamatzate. “Osasunaren kudeaketaren kasuetan, jarrera horrek ondorio larriak ekar ditzake, hala nola diagnostiko gutxiago egitea eta behar diren tratamenduak ez ematea”, Ana Belén Fraile Erizaintzako irakasleak azaldu duenez. “Hori dela eta, posible da, besteak beste, tumore bat edo depresio bat ez diagnostikatzea, behar diren probak ez egiteagatik. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu osasun zientzietako ikasleak, eta zehazki Erizaintzako ikasleak, horretaz jabetzea, haiek baitira pazienteekin –horietako asko adinekoak– etengabeko kontaktuan daudenak. Adinkeriazko estereotipoak eta aurreiritziak baditugu, gure jokabideak ere halakoxeak izateko arriskua dugu”, ohartarazi du Frailek.

Erizaintzako bigarren mailan “Bizi Zikloa II” irakasgaia dute; bertan, ikasleek geriatria eta gerontologia ikasten dituzte, bai eta kolektibo horren ezaugarri espezifikoak ere. Maila horretan, ikasleek, eskolez gain, praktikak ere egin dituzte zentro soziosanitarioetan, eta haietan adineko pertsonekin aritzen dira. “Gure ikasleak kontzientziatzen saiatzen gara, askotan, pentsatu gabe, adineko pertsonekiko jarrera negatiboak izan ditzakegula –horrek erizaintza eraginkorra izatea zailtzen du– eta, garrantzitsuena, hori ekiditen ikas daitekeela”, esan du Frailek.

Batirtze San Martín Erizaintzako irakasleak aztertu du nola eragiten duten ikasleengan “Bizi Zikloa II” irakasgaiak eta praktika klinikoak, bai eta hura egin ondoren estereotipo eta aurreiritzien karga hobetu, okertu edo bere horretan mantentzen den ere. Ikerketa hori izango da bere tesiaren oinarria. Ana Belén Fraile irakaslea ari da zuzentzen.

Ikerketa egiteko, bi ikasle talde hautatu zituen: lehen taldeko kideek (Erizaintzako 113 ikasle) “Bizi Zikloa II” irakasgaia egin zuten eta praktikak egin zituzten zentro soziosanitarioetan; bigarrenekoek (Medikuntzako graduko 109 ikasle) ez zuten ikasgai hori eduki, ez eta antzeko besterik ere, eta ez zuten praktika klinikorik egin. Proben hasieran, parte hartu zuten bi taldeetako kideek estereotipo negatiboen eta aurreiritzien antzeko maila zuten; baina, maila amaitzean, Erizaintzako ikasle taldean nabarmen murriztu ziren adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak. Aldiz, Medikuntzako ikasleen artean, ez zen aldaketa nabarmenik ikusi.

'Tradizio' handiko jarrera

“Hau ez da berria, adinkeria betidanik egon da –gogoratu du San Martínek–, oinordetzan hartu dugu eta gure seme-alabei irakasten diegu konturatu gabe: haien amamei eta aititeei buruz hitz egitean, adibidez, pertsona ahul gisa identifikatzen ditugu eta nolabaiteko autonomia falta egozten diegu”. “Gainera, gerraosteko eta baby boomaren hasierako belaunaldiek oso bizi baldintza gogorrak jasan dituzte, laztasunera ohituta daude eta, osasun kontuei dagokienez, medikuak esandakoa zalantzan jarri gabe onartzen zuten”, esan du Frailek. “Hainbesteraino ezen haien seme-alabek erabakitzen baitzuten beren adinekoek zeuzkaten gaixotasunei buruzko informazioa jaso behar zuten ala ez. Zainketen alderdiari dagokionez, ahaleginaren eta sakrifizioaren baloreetan hezi dira, eta, askotan, konformatu egiten dira tratatzen dituzun moduarekin, kexatu gabe. Hori jada ez da gertatzen ondorengo belaunaldiekin, haien eskubideak eta autonomia ezagutzen dituztelako”, azaldu dute bi ikertzaileek.

'Bizi Zikloa II' irakasgaian asko lantzen dira adineko pertsonek jasaten dituzten aldaketa fisiko zein kognitiboak, bai eta urteen poderioz izaten duten narriadura ere. “Zahartze prozesu hori oso heterogeneoa dela azaltzen diegu”, azaldu du San Martínek. Gainera, ikasgaian “zahartze jantzi” bat dute eta, hari esker, ikasleek lehen pertsonan senti ditzakete adineko pertsona batek izan ditzakeen zailtasunak mugikortasunari, ikusmenari, entzumenari eta abarri dagokienez. “Egoitzetako eta ospitaleetako pazienteen azalean jartzen dira”, ziurtatzen du Frailek. “Dinamika horien bidez, lortu nahi da adinekoekiko duten enpatia areagotzea eta horren arabera jokatzea zailtasunak dituzten pazienteak dituztenean”, erantsi du San Martínek.

Oso esperientzia aberasgarria

Marta Sastre, Endika Ezquerra, Koldo Berganzo eta Patricia Revilla Erizaintzako bigarren mailako ikasleak dira, “Bizi Zikloa II” irakasgaia amaitzen ari dira eta dagoeneko egin dituzte praktikak adineko pertsonekin zentro soziosanitarioetan. Lauek gauza bera diote: “Oso esperientzia aberasgarria izan da”.

Berganzok gogoratu du harritu egin zela 87 urtetik gorako pertsona batekin topo egitean, izan ere, “memoria miresgarria zuen, 25 urteko pertsona batena baino hobea eta, bere mugak bazituen ere, farmakologiako azterketekin lagun ziezadakeen, pilula guztiak kontrolatzen zituen eta!”, esan du txantxetan.

Revillak, bere aldetik, azaldu du ohartu direla “mikromatxismoak ditugun moduan, mikroadinkeriak ere baditugula. Banuen horren berri, bai eta adineko jendearekin konparatzen gaituzten txisteak ere («begira amona bizikletan» edo «zahartuta zaude, ez zara enteratzen»), baina gazte bat sufritzen ari denean ere egiten dugu, honakoa esaten dugunean: «zer jakingo du horrek bizitzaz, hamabost urte besterik ez ditu eta». Kontuz ibili behar dugu nola hitz egiten dugun eta besteei nola zuzentzen gatzaizkien”.

Ezquerrak dioenez: “Aurreiritziak nituen egoitzara joaten nintzenean, pentsatzen bainuen adineko oso menpeko pertsonak egongo zirela, baina ohartu nintzen haietako askok sekulako burua zutela, eta niri gustatuko litzaidakeela haiek bezala egotea adin horretan”.

“Azken finean, gizarteak adineko pertsonekiko estereotipo batzuk sartzen dizkizu buruan: ez dutela entzuten, ez dutela ondo ikusten, guztiak ohean egongo direla... Dena den, bertara joatean ikusten duzu pentsatzen zenuenaren oso bestelakoa dela», esan du Marta Sastrek”.

Laguntzen dute praktikek adineko pazienteekiko enpatia handiagoa izaten? Ezquerrak baietz uste du: “Suposatzen da enpatia handiagoa dugula gure adineko pertsonekiko, baina ez dut uste hala denik, askoz ere nagusiagoak direnekiko ere enpatia senti baitezakezu. Urteak ez dira oztopo enpatikoa izatea eragozteko –ziurtatzen du–, pertsona guztiek eta adin guztietakoek izan beharko luketen ezaugarri bat da, batez ere egoitzetan eta ospitaleetan”, oso egoera mingarriak pairatzen baitira bertan. “Bai –gehitu du Revillak–; hori dela eta, ikasgelan azpimarratzen digute erizaintza terapeutikoa egin behar dugula, pazienteek sentitzen dutenari garrantzirik kendu gabe, negar egiten dutenean, eta abar. Adinekoek asko baloratzen dute”.

Batirtze bere tesiaren bigarren fasearekin hasi da, eta dagoeneko ikasleei eta adinkeriari buruzko bere bigarren artikulua prestatzen ari da. Oraindik amaitu ez badu ere, ondorioetako batzuk aurreratu ditu: “Adinekoekiko kontaktua lanaren edo boluntariotzaren bidez soilik izan duten ikasleek, hau da, familiako kontakturik izan ez dutenek, estereotipo negatiboak eta adinkeriazko aurreiritziak izateko joera handiagoa dute”. Nazio Batuen eta OMEren adinkeriari buruzko mundu mailako txostenak argi utzi du ez dela osasun langileen kontua soilik; aitzitik, erakunde eta pertsona orok landu beharreko gai bat dela.