Gazteen jokabide suizida animaliek lagundutako terapiaren bidez prebenitzeko eta murrizteko tratamendu bat diseinatu, inplementatu eta ebaluatu dute lehen aldiz UPV/EHUko Psikologia Fakultateko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko zenbait ikertzailek. Esku-hartze horien ostean, gazteek jarrera suizida eta autolesio ez-suizida gutxiago izan zituzten, eta laguntza bilatzeko joera handiagoa azaldu zuten. Esku-hartze horien ostean, gazteek jarrera suizida eta autolesio ez-suizida gutxiago izan zituzten, eta laguntza bilatzeko joera handiagoa azaldu zuten.
Animaliekin lagundutako terapia, gazteen suizidioari aurrea hartzeko
Txakurrek lagundutako esku-hartzeen bidez jokabide suizidari aurrea hartzeko programa aitzindari bat diseinatu du UPV/EHUk
- Research
First publication date: 28/04/2022
Gazteen suizidioa osasun publikoko arazo orokorra da. Munduko Osasun Erakundearen (OME) datuen arabera, suizidioa laugarren heriotza-arrazoia da 15 eta 29 urte bitarteko adin-taldean, zirkulazio-istripuek, tuberkulosiak eta pertsonen arteko indarkeriak eragindako lesioen ondoren. Horregatik, suizidioagatiko heriotza-tasa murriztea da OMEren helburu nagusietako bat.
Animaliek lagundutako psikoterapia osasun mentaleko arazoak dituzten gazteekin aplikatu duten zenbait ikerketa egin dira. Dena den, “lan honetan lehen aldiz aplikatu dugu animaliek, gure kasuan zakurrek, lagundutako terapia nerabeen eta gazteen jokabide suizida bezalako fenomeno konplexu bat tratatzeko”, adierazi du Alexander Muela ikerketan parte hartu duen UPV/EHUko ikertzaileetako batek.
Jokabide suizida izan ohi duten gazteak ez dira beti gai izaten beren familiakoekin edo lagunekin beren egonezin emozionala kanporatu edo partekatzeko, eta, askotan, ez dute laguntzarik bilatzen edo mesfidantzarik agertzen tratamendu tradizionalekiko. “Behatu duguna da esku-hartze horietan animaliak sartzeak tratamenduaren motibazioa eta atxikimendua areagotzen dituela. Gainera, segurtasun- eta konfiantza-giroa ezartzen laguntzen dute, animaliak lubrifikatzaile sozialak baitira. Erabiltzen ditugun txakurrak bereziki entrenatuta eta prestatuta daude. Animalia otzanak dira, oso lagunkoiak eta malguak estimulu estresagarrien aurrean. Animalia perfektuak dira jokabide suizida duten pertsonei laguntzeko; izan ere, lotura afektiboak sustatzen dituzte, gaitzespen- eta estigmatizazio-sentimenduak murrizten dituzte, eta bat-bateko komunikazioa sustatzen dute, tratamenduaren eragina sustatuz”, esan du UPV/EHUko ikertzaileak.
“Animaliekin lagundutako tratamenduaren ondoren —dio Muelak—, gazteek ideia suizida eta bere burua zauritzeko jokabide gutxiago erakutsi dituzte; halaber, laguntza bilatzeko joera handiagoa azaldu dute. Laguntza behar izanez gero laguntza eska zezaketela uste horrek esan nahi du konfiantza handiagoa dutela, sufrimendu emozional handiko uneetan laguntza komunitarioko baliabideetara jotzeko”.
“Tratamenduaren bidez ikusi dugu gazteek beren buruaz beste egiteko alarma-seinaleak detektatzen ikasi dutela, eta autolesio ez-suizidak baino gomendagarriagoak diren estrategiak ikasi dituztela emozioak erregulatzeko”, dio Alexander Muelak. “Alarma-seinale horiek erabiltzen ikastea, laguntza bilatzeko eta eskatzeko gai izatea, eta bizitzeko itxaropena lortzea dira esku-hartze mota horien gakoak”, gaineratu du.
Alexander Muelaren arabera, “azterketa pilotu honetan lortutako atariko emaitzen arabera, programa eraginkorra izan daiteke beren buruaz beste egiteko arrisku handia duten gazteen jokabide suizida eta autolesio ez-suizidak murrizteko”. “Animaliekin egindako terapia hauen ondorio nagusietako bat da ikaskuntza sozioemozionaleko esku-hartzeak errazten dituztela eta haien eragina maximizatzen duen faktore gehigarria direla”, gehitu du UPV/EHUko ikertzaileak.
Bibliographic reference
- A Social-Emotional Learning Program for Suicide Prevention through Animal-Assisted Intervention
- Animals
- DOI: 10.3390/ani11123375