euskaraespañol

César San Juan Guillén

Guztiok al dugu nortasun anizkoitza?

Gizarte Psikologiako irakaslea eta Delinkuentziari, Bazterkeriari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Zentroaren presidentea

  • Cathedra

First publication date: 08/05/2023

Image

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

1998 eta 1999 bitartean, Koldo Larrañagak Begoña Rubio abokatua eta Agustín Ruiz enpresaria hil zituen, eta poliziak beti susmoa izan zuen ea ez ote zituen beste bi hilketa ere egin. Ibilbide kriminal gupidagabe horrek serieko hiltzailea Arabako kronika beltzaren kapitulu nabarmen batean kokatu du. Miguel Gutiérrez psikiatrak egin zuen baloraziorik teknikoena, epaiketan bertan. Hark eginiko txosten forentsearen arabera, Larrañaga psikopata bat zen.

Dena den, Gutiérrez doktorea gehien harritu zuen adierazpenetako bat zera izan zen, akusatuak, egindako hilketengatik inolako damurik erakutsi gabe, adierazi zuela bere semeak zer pentsatuko zuen zela kezkatzen zuen gauza bakarra.

Inondik inora ezagutzen ez zuen Begoña Rubio abokatuari hamazazpi sastada sartu zizkion gizabanakoak, bat-batean, aita kezkatu bat zirudien. Nola da posible hori?

Psikopata bat une oro da psikopata?

Intuizioak diosku hain pertsona gaiztoa beti dela gaizto, bizitzako alderdi guztietan. Eta, beraz, berdin eragiten die harreman sozial eta familiar guztiei. Baina, ikusi dugun moduan, Koldo Larrañagaren nortasuna ez zetorren bat logika horrekin.

Eta ez da bakarra. Praktika profesional forentsean ikusi dugu kasurik non gizabanako gupidagabe eta krudelek izugarri maitatzen dituzten haien amak, ahal duten guztia egiten duten anai-arrebaren batengatik, goibeldu egiten diren haien maskotek pairatzen duten minagatik, etab.

Adibide gisa, hortxe daukagu Amon Goeth odolzalea, Alemania naziko hiltzailerik zitalena. Hitlerren komandante hura errukitu egin zen Natalia Karp preso juduaz, pianoaz Chopinen nokturno bat jo zuenean. Bizia barkatu zion, fusilatua izateko eraman zuten Płaszówko kontzentrazio esparrura iritsi zen egun berean.

Guztiok dugu ‘nortasun anizkoitza’…

Paradoxa ulertezin horiek nortasun modularraren teoriaren ikuspegitik begiratuta soilik dute zentzua. Teoria horren arabera, guztiok dugu nortasun anizkoitz delako hori. Hau da, hainbat ‘ni’ desberdinetan banatutako nortasun bat. Nortasun horietako bakoitzak hainbat informazio motatan jartzen du arreta, eta iraganeko esperientziak ekartzen ditu gogora. Era berean, gai berari buruzko sentimendu kontrajarriak eta bizi helburu oso desberdinak eduki ditzakete.

Zirraragarriena da badagoela nortasunaren ‘banatze’ hori azaltzen duen oinarri neurologiko bat. J. Grigsby eta J. L. Schneiders neurozientzialariek 1991n egindako ikerketa baten arabera (eta gerora egindako lanek hala dela berretsi dute), nerbio sistema zentralaren egitura antolaketari buruzko egungo datuen arabera hobeto uler daiteke giza portaera. Ikuspegi horren arabera, garuna inguruarekin etengabeko elkarreraginean dagoen sistema modular bat izango balitz bezala egongo litzateke antolatuta.

Aurkikuntza horri gehitu diezaiokegun berri on bat da gure eguneroko mila forma eta koloreko kontraesanek azalpen zientifikoa dutela. Baita kriminalenenek ere.

… baina denek ez dugu nortasunaren nahasmendu bat

Izan ere, nortasun modularraren ideia hori mutur patologiko bateraino eramango bagenu, nahasmen psikiko baten aurrean egongo ginateke, identitate disoziatuaren nahasmendu gisa ezagutzen denaren aurrean, hain zuzen.

Nolabait, defentsa mekanismotzat har genezake; izan ere, zenbaitetan, nahasmendu hori tratu txar larri edo sexu abusu etengabeak jasan dituzten biktima adingabeetan agertzen da. Gerra edo hondamendi natural batek eragindako estresak ere sor dezake nahasmendu disoziatibo bat. Kasu horietan guztietan, bizitako trauma hori alter ego bati (beste ni bati) uzteko baliabide psikologiko bat izango litzateke.

Gaixotasun mental hori nortasunaren asaldura gisa agertzen da, eta ezaugarri ditu ondo definitutako bi nortasun edo gehiago. Horietako bakoitzak izen bat, historia pertsonal bat eta ezaugarri propioak izan ditzake. Buruhauste ulergaitz bat, ondoez psikologiko asaldatzaile bat sortzen duena.

Era berean, identitatearen desegituratze eta eten nabarmen bat erakusten ditu, eta hori da nahasmendu disoziatiboa pairatzen ez dugun gizabanakoekiko markatzen duen desberdintasun garrantzitsuenetako bat, nahiz eta aipatutako nortasun anizkoitza partekatzen dugun.

Oro har, gizakiok sentitzen dugu gure esperientzia kontzienteak fluxu jarraitu eta banaezin bakar batean lotuta daudela, eta fluxu horri ‘ni’ deitzen diogu. Dena den, dirudienez, ez da guztiz zehatza gure ikaskuntzaren eta oroitzapenak kudeatzeko dugun moduaren agindupean erabat lotuta dauden eremuak dituen garun ‘global’ baten ideia.

Hurbilketa kriminologiko bat

Onartu behar dugu nortasun modularraren teoriak, nolabait, halako ‘konfort eremu mental’ batetik ateratzera behartzen gaituela (hortik mundua hobeto ulertzen da, aurreikusgarriagoa da eta errazagoa da sinplifikatzea,iritziak sortzeko eta kondenak emateko). Horrek pentsarazten digu norbaitek jokabide antisozial bat badu pertsona antisozial bat baino ez ‘dela’. Edo, norbaitek lapurtzen badu lapur bat baino ez ‘dela’. Eta, norbaitek norbait hiltzen badu hiltzaile bat besterik ez ‘dela’.

Baina errealitatea ez da hain sinplea izaten. Hurbilketa kriminologiko batetik begiratuta, gizabanako baten delituzko jokabidea aztertzeko garaian kontuan hartu behar ditugu haren testuingurua eta aurrekariak. Eta ikuspegi horretatik, kontuan hartu behar ditugu haren sinesmenak, pentsamenduak eta bizipenak.

Azken batean, aztertu behar dugu zer ‘funtzio’ betetzen duen krimenak gauzatu den eszenatokian, eta ebaluatutako pertsonaren jokabide ez kriminalen katalogoarekin alderatu.

Oso ulergarria da kriminal bati “munstro” esateak dakarren efektu katartikoa. Zoritxarrez, ‘diagnostiko’ horrek ez digu asko lagunduko arazoa konpontzen. Guztiok gara poliedrikoak. Guztiok ditugu alde ilunak, bai eta, agian, itxaropentsuak ere.

The Conversation