euskaraespañol

«Kontuz ibili hor kanpoan»

Javier Navarro Publizitate eta Harreman Publikoetako ikasleak egindako 'Alaska: La última aventura' dokumentala BBK Mendi Film Festivalen proiektatuko da

  • Report

First publication date: 30/11/2022

Javier Navarro | Photo: Unai Zorriketa. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Mundu osotik iritsitako 190 film aurkeztu ziren BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zine-jaialdira, abenduaren 9tik 18ra ospatuko dena. Hautatutako 59etako bat Javier Navarro Publizitate eta Harreman Publikoetako Graduko hirugarren mailako ikasleak ekoitzi eta editatu du. Dokumentalak 'Alaska: La última gran aventura' izenburua du eta Iditarod-en, Alaskan zehar egindako 1.600 kilometroko neguko ultramaratoian, Gaizka Aseguinolazak izandako esperientzia kontatzen du. 

“Ez nuen inondik inora espero”, azaldu du Javier Navarrok (Bilbo, 1999) bere dokumentalaren arrakastari buruz. Izan ere, dokumentalak egitea ez zen bere asmoetan sartzen, baina Iruña taldeko arduradun Gaizka Aseginolazak Alaskako abenturari buruzko filma editatu eta ekoizteko aukera eskaini ziotenean, ez zuen zalantzarik izan. “Dena hasi zen lehen mailan Komunikazio Zuzendarien Elkarterako egin genuen talde-lan batekin. Harekin irabazi genuen DIRCOM + 'lehiaketa, making off kategorian. Gero, David Tazueco zuzendari sortzaileak, enkargu horretan lagundu zigunak, nirekin harremanetan jarri zen proiektu hau egiteko.”, adierazi du. 

Irailaren hasiera zen, eta bi astetan Iditarod ospetsuari buruzko informazioa bildu zuen. ‘Lurraren gaineko azken lasterketa handia’ deitzen diote, eta txakurrek eramandako leretan egin daiteke, edo eskiatzen, edo, Aseguinolazak bezala, mendiko bizikletan. Alaskako gune basatienak zeharkatzen ditu ibilbideak, Willowtik (Anchorageren iparraldean) hasi, eta Nome-n bukatu, hau da, Alaskako mendebaldeko muturrean, Bering itsasartean. Hor, itsasoaren beste aldean Siberia dago. Aseginolazak dokumentalean dionez, ‘kontuz hor kanpoan’ da Iditaroden gehien errepikatzen den esaldia. 

Informazioa aztertuta, Aseginolazak 1.600 kilometroko ibilbidea egiteko behar izan zituen 18 egunei buruzko 30 minutuko dokumental bat egiteko erronka onartzea erabaki zuen. Ultramaratoian haize biziak eta hotz polarra jasan behar izan zituen, “muturreko alaitasunera, muturreko beldurrera bultzatzen zaituzten paisaien artean”, azaltzen du Aseginolazak berak filmean. Hura izan zen bukatu zuen lehen espainola eta munduko 63.a. 

Navarrok azken bideoaren edizioa bi hilabete eta erdi eskasetan burutu zuen, 4-5 ordu inguru lan eguneko. Azken produktua urriaren erdialdean aurkeztu zien jaialdiko zuzendariei. "Hodei batean nengoen, ikusi genuenean sekulako giroa sortu zen, eta denok oso pozik geunden, ezin nuen sinetsi", gogoratu du Javierrek.
​​​​​​

Lehen emanaldia

Behin betiko proba abenduaren 11n izango da, 12: 00etan, BBK Aretoan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia festibala estreinatzen denean. “Ikusiko dugu nola doan dena eta erabakiko dugu neguko beste ultramaratoi bati buruzko bigarren dokumental bat egin ala ez.”, dio Javierrek. 

Plataforma berriek dokumentalen publikoarengana iristeko aukerak zabaldu dituztela dirudi. “Ez naiz aditua, baina denetarako tartea dagoela uste dut, denbora eta leku egokia aurkitzea besterik ez dago”, dio Navarrok. Bere etorkizunerako errezeta bera erabiltzen du: “Edozein proiekturi ateak irekitzen jarraituko dut, zernahi ere den, ikus-entzunezkoa, musikala, publizitatekoa, sortzailea… Heltzen zaidana beso zabalik jasotzen saiatuko naiz, oraindik karrerako hirugarren mailan nago, baina, jakina, hau nire bidean ireki zaidan beste ate bat da”.