euskaraespañol

Image of the day

Teknologia eta teknika zientifiko berrien erabilerak neandertalei buruzko informazio osagarria lortzea erraztu du

  • Research

First publication date: 22/02/2018

La Ferrassie 1 gizabanakoaren 1909ko aurkikuntzaren argazkia. © Collections M.N.P. Les Eyzies
La Ferrassie 1 gizabanakoaren 1909ko aurkikuntzaren argazkia. © Collections M.N.P. Les Eyzies

Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago, La Ferrassieko neandertalak gizaki haien anatomia eta portaera ulertzen lagunduko digun informazio berria ematen jarraitzen du. Journal of Human Evolution aldizkari ospetsuak argitaratutako lan hau, egun UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez Olivencia Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendu du.

UPV/EHUn lanean diharduen Asier Gómez-Olivencia Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendutako nazioarteko lantaldeak informazio berria lortu du 1909an aurkitu eta ia-ia osorik dagoen La Ferrassie 1 gizonezko neandertal helduaren eskeletoari buruz.

Ikerketaren emaitzak Journal of Human Evolution aldizkari ospetsuan argitaratu dira. Lana taxutu duen taldeak honako berritasun hauek aurkeztu ditu: 1) fosil berriak, belarriko hezurtxo guztiak barne (mailua, ingudea eta estribua); 2) aurreko ikerketetan aurkitu ez ziren patologia berriak, atlasaren (lehenengo orno zerbikala) jaiotzetiko aldaketa eta klabikulako haustura barne; eta 3) gizabanako hau nahita lurperatu izanaren hipotesiarekin bat datorren informazio tafonomiko berria. Ikerketa honetan, tomografia konputerizatuak erabili dira aztarna berriak aurkitu eta lesio patologikoak hobeto karakterizatu ahal izateko, honelako teknikei giza-paleontologiari buruzko ikerketetan eman ahal zaien erabilpena aitortuz.

La Ferrassieko harpea Savignac de Miremont herriko kareharrizko muino baten oinarrian kokatuta dago, Le Buguetik 5 km iparraldera, Dordoinan (Frantzia). 1909ko irailaren 17an, gizonezko neandertal heldu baten eskeletoa aurkitu zuten, La Ferrassie 1 (LF1) izena emanez. Indusketa zuzendu zuen Denis Peyrony adituak duela 40-54 mila urte inguruko mailan dataturiko hilobitzat jo zuen leku hura. Kontserbazio-egoera apartagatik nahiz neandertalen anatomia eta portaera interpretatzeko historikoki izan duen garrantziagatik, eskeleto hau gizabanako neandertalik garrantzitsuenetakotzat jo izan da.

Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago ere, fosil honek ikuspegi berriak eskaintzen jarraitzen du neandertalei buruzko ikerketan. Alcalá de Henares (Madril), Musée de l’Homme (Paris), Liverpool John Moores University (Erresuma Batua) eta Binghamton University (AEB) unibertsitateetako nahiz Giza-Bilakaera eta Portaera Ikertzeko UCM-ISCIII Zentro Mistoko (Madril) ikertzaileen arteko nazioarteko lantaldeak eskeleto neandertal honi buruzko informazio berria lortu du, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) lanean diharduean Asier Gómez-Olivencia Ikerbasqueko ikertzailearen zuzendaritzapean.

Teknologia eta teknika zientifiko berrien erabilerari esker, Gómez-Olivencia buru duen taldeak honako aurrerapen hauek egin ahal izan ditu:

Eskeleto honi dagozkion hondar fosil berriak identifikatzea, eskuineko loki-hezurraren barruan zeuden belarriko hiru hezurtxoak, hiru orno-zati eta bi saihetsezur-zati barne hartuta. Belarriko hezurtxoak osorik daude eta neandertalek alde anatomiko horretan zuten aldaera hobeto ulertzen lagunduko digute.

  1. Lesio patologiko berriak identifikatzea; adibidez, klabikulan izandako hezur-desplazamendurik gabeko haustura, bizkarrezurrean atzemandako degenerazio artrosiko handiagoa eta eskoliosi arina, edota lehenengo orno zerbikalaren sortzetiko aldaketa, ondorio klinikorik ez duena. Anomalia hauei aurretiaz deskribatutako beste ezaugarri batzuk gaineratu behar zaizkie; hala nola, eskuineko femurreko trokanter nagusiaren haustura edota infekzio edo kartzinoma batek sortutako biriketako afekzio sistemikoa, seguru aski gizabanako honen heriotza eragin zuen berbera.
  2. La Ferrassie 1eko eskeletoaren hezurretan azaleko alteraziorik ez dagoela eta, ondorioz, hezurrak hautsita dauden modua kolagenoa galdu duten hezurrei dagokiela egiaztatzea. LF1 gizabanako neandertalaren azterketa tafonomikoa bat dator hil eta gutxira gorpua lurperatu izanaren eta, horren ondorioz, ezein haragijalek gorpua eraso ez izanaren hipotesiarekin. Usteltzean, hezurrek kolagenoa galdu eta in situ hautsi ziren, sedimentuaren pisuaren eraginez. Datu hauek bat datoz eskeleto honen ehorzketa nahita egin izanaren hipotesiarekin, aurreko ikerketek proposatu dutenez.
  3. Teknologia berrien erabilera funtsezkoa izan da ikerketa honetarako. Tomografia konputerizatuak (bereizmen arruntekoak nahiz bereizmen handikoak) eta erradiografiak erabili dira, eta hauei esker zera lortu da: 1) eskuineko loki-hezurraren barruan zeuden belarriko hezurtxoak identifikatu eta birtualki erauztea; 2) LF1en eskeletoan zueden lesio patologikoak bistaratzea; eta 3) hezurren hausturaren orientazioa kuantifikatzea, berreginda egoteagatik zuzenean ezin kuantifika zitekeen hezurretan.

La Ferrassie 1 deritzona 50 urtetik gorako gizonezko neandertala zen, bizitza osoan hainbat lesio jasan zituena, seguraski ehiztari-biltzaile bizimoduarekin lotutakoak. Hil zen unean, biriketako gaixotasun bati lotutako osasun-arazoak zituen. Hil eta gutxira, bere taldeko kide batzuek lurperatu zuten La Ferrassieko Harpean. Milaka urtetan, neandertalek kanpalekutzat erabili zuten leku hau.

Bibliographic reference