euskaraespañol

Image of the day

Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 2024ko LEP onartu du UPV/EHUk

Gauzatu egin da 2019tik 2022ra bitarteko LEPa eta, hari esker, langile finkoen bidez beteko dira 1.164 lanpostu. Horrela, % 8tik behera geratuko da behin-behinekotasun tasa

  • News

First publication date: 17/12/2024

Gaur egin da egungo errektorearen, Eva Ferreiraren, gidaritzapean azken Gobernu Kontseilua. Bertan izan da Joxerramon Bengoetxea errektore hautetsia ere, hainbat taldekiderekin batera. Martxan dagoen botere aldaketarako prozesuaren esparruan, Unibertsitatearen funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren gaiak jorratu dira. Besteak beste, Lan Eskaintza Publiko (LEP) bat onartu da gaurkoan, teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzendutakoa (TEKAZEL). LEP berri honetan 36 plaza eskainiko dira; horietako 33 funtzionarioentzat eta 3 lan kontratudun langileentzat. Funtzionarioei bideratutako plazetatik 31 txanda askean eskainiko dira,  C taldean (administrazioko langileak); eta beste biak barne promozio bidezkoak izango dira, administrari langileei zuzendutakoak. Lan kontratudun langileen kasuan, txanda librean eskainiko dira 3 plazak.

Garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Herriko Unibertsitateak abian duela langileak egonkortzeko prozesua, eta urtero Lan Eskaintza Publikoak deitzea erabaki duela helburu hori lortzeko. Horrela, gauzatu berri diren LEPei esker, udaberrirako, TEKAZELen arloko lanpostuen zerrendako 1.164 lanpostu egongo dira langile finkoen esku. Gainerako 527 lanpostuetatik, 144 baino ez daude aldi baterako langileen esku. Horietatik, 15 lanpostu izendapen askekoak dira (hau da, ez doaz LEPera), eta bitarteko funtzionarioek betetzen dituzte. Hori horrela, lanpostuen zerrendan jasotako 1.691 lanpostuetatik 129 soilik betetzen dituzte bitarteko funtzionarioek edo aldi baterako lan kontratudun langileek. Horrek esan nahi du bete egin dela Unibertsitateak azken aldirako ezarritako oinarrizko helburuetako bat: 2024ko abenduaren 31ra begira, % 8tik beherako zifretara jaitsiko da behin-behinekotasuna. Hain zuzen ere, % 7,6koa izango da.

Eva Ferreira errektoreak azaldu duenez, agintaldi honetan, langileen arloan behin-behinekotasuna murriztea eta enplegua egonkortzea zen Unibertsitatearen helburu nagusietako bat eta, egin diren LEPei esker, aurrera egin ahal izan da bide horretan. Gaineratu duenez, Unibertsitatearen funtzionamendua arlo guztietan egokia izan dadin, funtsezkoa da karrera profesional sendo eta egonkorrak diseinatzea, eta denboran zehar hobetzeko aukerak bermatzea. Joan den urte bukaeran egin ziren 2019-2022ko LEPen probak; gure erakundean TEKAZELentzat inoiz egin den prozesurik handiena izan da, eta horrek agerian uzten du egonkortzearen aldeko borondatea, Ferreiraren aburuz. “Orain bide horretan urratsak egiten jarraitzen dugu”.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren saioan, halaber, zehaztu egin dira irakasle eta ikertzaileen 2023 eta 2024. urteetako LEPen deialdian aterako diren funtzionario edo lan kontratudun lanpostuen nondik norakoak. Lan Eskaintza Publiko biak batuta, 507 plaza eskainiko dira guztira.