UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeek sudurreko tapoi bat garatu dute, ekonomia zirkularraren ikuspegitik egina, sudurreko hemorragia edo epistasia tratatzeko; gaur egun merkatuan dagoen tapoirik onenak baino ezaugarri hobeak ditu. Sudurreko tapoia elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz egin da, hala nola sojaren proteina eta txibiaren lumaren kitina.
Sudurreko hemorragia tratatzeko etorkizun handiko tapoi ekologikoa
Epistasiari aurre egiteko sudurreko tapoi bat garatu du UPV/EHUko talde batek, elikagaien industriako hondakinetatik abiatuta
- Research
First publication date: 08/09/2022
Sudurreko odoljarioa —epistasia ere deitzen zaio— mundu osoko larrialdi otorrinolaringologiko ohikoenetako bat da. Kalkuluen arabera, munduko populazioaren % 60k gutxienez behin izango du epistasia, nahiz eta % 6tik % 10era bitartean soilik beharko duten laguntza medikoa. Hainbat metodo daude epistasia tratatzeko, eta metodo ezagunenetako bat, arrakasta handia duena, sudurra buxatzea da. Hala ere, sudur-tapoirik egokiena aukeratzea funtsezkoa da tratamenduaren emaitzarako. Sudurreko tapoi idealak hemostasia lagundu behar du —odoljarioak geldiarazteko mekanismo biologikoen multzoa—, eta gaixoarentzat erosoa izan behar du; eta, hala, sudurreko mukosaren kaltea gutxitu.
UPV/EHUko NanoBioCel eta BIOMAT taldeen elkarlan honetan, “egiaztatu dugu elikagai-industriako azpiproduktuak biomaterialen iturri baliotsu eta jasangarria direla, eta horiek erabil daitezkeela propietate hemostatiko handiko sudur-tapoi seguru eta eraginkorrak fabrikatzeko”, adierazi du Edorta Santos Vizcainok, NanoBioCel taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.
“Elikagai-industriako azpiproduktu naturaletatik abiatuta —soja-proteina eta kitina-proteina—, scaffold edo matrize harro bat garatu dugu, oso propietate fisiko-kimiko interesgarriak dituena: ur edo odol kantitate handiak xurgatzeko gai da, gainazal handia du barruan zelulak elkartu eta gordetzeko, ez du materialaren kontrako inolako erantzun okerrik eragiten eta, gainera, partzialki degradatzen da”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.
Kitina da egitura berri horren oinarria, hau da, material harroaren eskeletoa; soja-proteinak, berriz, egitura hori inguratzen du, materiala oso biobateragarria izan dadin eta, era berean, odol-kantitate handiak xurga ditzan.
Estrategia berde bat
“Gizarteak gero eta behar handiagoa du ingurumena errespetatzeko —dio UPV/EHUko ikertzaileak—, eta, ondorioz, lan honetan ikertu dugu ea soja-proteinatik eta kitina-proteinatik sortutako materiala sudur-tapoi gisa erabil daitekeen epistasia tratatzeko”. Gure materialak sudur-tapoi gisa duen potentziala ebaluatzeko, “sudur-tapoi gisa duen erabilera aztertu dugu, material sintetikoekin egindako Merocel® izeneko gold standard-arekin alderatuz”, gehitu du Santosek.
“Arratoietan in vitro eta in vivo egindako saiakuntzek erakusten dute garatutako materialak mikroegitura porotsua duela, ura eta odola xurgatzeko ahalmen handikoa. Gure biomaterialak odolaren koagulazioa eraginkortasunez sustatzen duela egiaztatu zen, eta globulu gorriak eta plaketak lotzeko propietate bikainak dituela Merocel®-ekin alderatuta. Hori guztia osagai naturalen berezko propietate hemostatikoengatik da”, dio Edorta Santosek. Gainera, “ikusi genuen uretan pisua galtzeko eta egun gutxitan partzialki degradatzeko gai dela odolean murgilduta dagoenean, eta hori gero eta garrantzitsuagoa da sudur-tapoientzat, bestela tapoia erauzteko prozesu inbaditzailea suerta baitaiteke”, erantsi du ikertzaileak.
Azken finean, “elikagaien industriako hondakinetatik sortutako materialak Merocel® tapoiak baino propietate mekaniko eta hemostatiko handiagoak erakutsi zituen”, dio Edorta Santosek.
Bi ikerketa-taldeetako ikertzaileak bat datoz honetan: “ekonomia zirkularraren ikuspegitik egindako lan honek erakusten du estrategia berde bat jarrai daitekeela sudur-tapoiak egiteko elikagaien industriako azpiproduktuak erabiliz; izan ere, klinikako urrezko estandarrak baino propietate hemostatiko hobeak dituen tapoia ekoitzi dugu”.
“Hain zuzen, oraintxe bertan, Europako patentea eskatzeko bidean gaude, produktuaz interesatuko den enpresaren bat bilatu nahian, ideia gauzatu ahal izateko eta ekonomia zirkularraren kontzeptuan oinarritutako teknologia horren aldeko apustu egiteko”, esan du Edorta Santosek.
Bibliographic reference
- Green hemostatic sponge-like scaffold composed of soy protein and chitin for the treatment of epistaxis
- Materials Today Bio
- DOI: 10.1016/j.mtbio.2022.100273