euskaraespañol

image of the day

Spacegune 2024: EAEko sektore aeroespazialeko parte gisa dituen indarguneak aurkeztu ditu UPV/EHUk

Aukera eta negozio ildo berriak agertzen ari dira espazioaren arloan, eta parte hartzen duten eragileen arteko lankidetzarako plataforma bat izan da topaketa hau

  • News

First publication date: 10/06/2024

Spacegunen 2024 ekimenean bildu ziren kideen talde argazkia.
Spacegune 2024ra bertaratutako kideak | Photo: CFAA

Maiatzaren 30ean Spacegune 2024 jardunaldia egin zuten lehen aldiz Bizkaiko Teknologia Parkean. UPV/EHUko Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (CFAA) eta Heganek (EAEko aeronautika eta espazio sektoreko klusterra) antolatu zuten ekitaldia.

EAEko sektore aeroespazialeko eragile garrantzitsuenak biltzea izan zen topaketaren helburua, lankidetza eta ezagutza trukatzea sustatzeko. 90 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten ekitaldian. Jardunaldian zehar, 20 erakundek (enpresetako, unibertsitateetako eta ikerguneetako ordezkariak) haien gaitasunak, proiektuak, behar teknologikoak eta etorkizuneko aurreikuspenak azaldu zituzten.

UPV/EHUren Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroaren (CFAA) ordezkari gisa, Naiara Ortegak (zentro horretako ikertzailea da, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko irakaslea) xeheki aurkeztu zituen UPV/EHUk arlo horretan dituen gaitasunak. Honakoak aipatu zituen: Ingeniaritza Eskolako Espazio Gelan egiten ari diren lana; antenetan eta egitura ultrarinetan metalaren fabrikazio aditiboa (3D-n) erabiltzeko aukera CFAA-n; tomografia bidezko ikuskapena (UPV/EHUren CFAA-n eta SGIKERen mikro-nano tomografo berriarekin); eta diseinu metalikorako eta elektronikorako gaitasunak.

Luis Norberto López de la Calle irakaslearen eta CFAAko zuzendariaren arabera: “Jardunaldia arrakastatsua izan da, eta bertaratuei aukera eman die lankidetza irekiko harremanak ezartzeko, ezagutza partekatzeko eta negozio aukerak aktibatzeko. Izan ere, une hau giltzarria da, espazioaren kudeaketa eredua aldatzen ari baita”.

“Europako BPGaren % 11 espazioari dagokiola esaten da: satelite eta behaketa bidezko nabigazio sistemak, esplorazio zientifikoa. Eta etorkizunean arlo horretan merkatu hobi berriak izango direla aurreikusten da. UPV/EHU dagoeneko ari da dituen gaitasunak erakusten. Adibidez, datorren Makina-Erreminta Biurtekoan Bisky Team taldea izango da; UPV/EHUko ikasleek funtzio garrantzitsua dute hor”, amaitu du López de la Callek.

Jardunaldia amaitzean, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroaren instalazioak eta tailerra bisitatzeko aukera izan zuten bertaratuek.