Shanghaiko rankingaren azken edizioaren arabera, espezialitate akademiko espezifikoei buruzkoa, euskal unibertsitate publikoa munduko 500 unibertsitate onenen artean dago 24 diziplinatan.
Shanghaiko rankingak munduko 200 unibertsitate onenen artean kokatu du UPV/EHU sei espezialitatetan
- News
First publication date: 04/06/2021
Jiao Tong Unibertsitateak (Shanghai, Txina) bere urteko txostenaren azken edizioaren berri eman du. Txosten horretan, munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatzen ditu espezialitate akademikoen arabera. Oraingoan, UPV/EHU 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika; eta 200 onenen artean, beste hiru diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, eta Nanozientzia eta Nanoteknologia.
Shanghaiko rankinga izenez ezagutzen den sailkapena unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duen rankingetako bat da unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Sailkapenak munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan, eta, azken edizioan, 2020koa, 400 onenen artean zegoen jada. Espainiako Estatuko bederatzi unibertsitate bakarrik daude multzo horretan (UPV/EHUz gainera, Bartzelona, Bartzelonako Autonomoa, Complutensea, Granada, Valentzia, Madrileko Autonomoa, Valentziako Politeknikoa eta Pompeu Fabra).
Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak oso esanguratsuak dira, “gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dutelako, oinarri zientifiko irmoekin eta dinamismo handi batekin. UPV/EHU ondo kokatuta dago zerrendan eta 300 unibertsitate onenen artean egon ohi da bost jakintza arlo nagusietan, eta 200 onenen artean bai espezialitate akademiko klasikoetan –Kimika edo Ingeniaritza Metalurgikoa– bai abangoardiako beste batzuetan –Nanozientzia eta Nanoteknologia, edo Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza–.Oso harro nago gure unibertsitateko kideen ahalegin handiaz, UPV/EHUn egiten den ikerketaren kalitatea mantentzeko eta areagotzeko orduan”.
Espezialitate aipagarri horiez gainera, UPV/EHUk postu onak lortzen ditu ere beste diziplina batzuetan: Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Matematika, Fisika, Nekazaritzako Zientziak, Farmazia, Zientzia Farmazeutikoak, eta Hezkuntza (munduko 300 unibertsitate onenen artean); Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, eta Zientzia Politikoak (400 onenen artean); eta Informatika Zientzia eta Ingeniaritza, Lurraren Zientziak, Ekologia, Zientzia biomedikoak, eta Kudeaketa –Management– (500 onenen artean).
Txinako unibertsitateak egiten duen unibertsitateen ex aequo sailkapena, multzoka, honela azaltzen da: lehenengo ehun unibertsitateak izendatzen ditu, ordena zorrotzean; ondoren, 50 unibertsitateko bloke bat ezartzen du; gero, beste bloke bat, 50 unibertsitatekoa; eta hortik aurrera, 500era arte, hiru bloke, bakoitza 100 unibertsitatekoa.