euskaraespañol

Image of the day

Sergio Parrillasek V. Izaskun Heras Prado saria jaso du

Desgaitasunaren eta hezkuntza premia berezien arloan egindako master amaierako lanagatik aintzatetsi dute

  • Kronika

First publication date: 13/02/2023

Joana Acha, Sergio Parrillas eta Arantza Martínez Carlos Santamaría Zentroaren kanpoaldean | Photo: Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua. UPV/EHU

Sergio Parrillas Manchónek Izaskun Heras Prado sariaren bosgarren edizioaren saria jaso du, desgaitasunaren eta hezkuntza premia berezien arloan egindako master amaierako lanagatik. Saria Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak ematen du, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzaren bidez. Lan saritua hau da: La sensibilidad al efecto de etiquetaje lingüístico en niños del espectro autista.

Sergio Parrillasek azpimarratu duenez, saria “nire ikertaldearekin, Lindy Labekin, egindako lanaren errekonozimendu bat da. Izugarri baloratzen dut hizkuntzalaritzaren eta filosofiaren esparruko ikertzaileek (gehienak emakumeak), batez ere, baina baita psikologoek, terapeuta okupazionalek eta pedagogoek ere, jakintzak eskatzen digun diziplinarteko ahalegina egin izana. Ez dago Eusko Jaurlaritzak finantzatutako doktorego tesi bat hasteko modu hoberik sari bat besotan hartuta baino. Nolabaiteko konfiantza ematen dizu arlo guztietako doktoregaien osasun mentalean islatzen den ibilbide profesional oso ezezagun batean. Desgaitasuna errealitate fisiko nahiz mental oso anitz asko biltzen dituen konstruktua da, eta ezin zaio erreparatu bizi garen ekoizpen baldintzetatik bereizita egongo balitz bezala. Horregatik, espektro autistaren barruan dagoen pertsona naizen aldetik, eta desgaitasunen batekin jaio ez arren Estatuko zona txiroenetako batean beren familia aurrera ateratzeko bizitza osoan gorputz batek jasan dezakeena baino lan gehiago egiteagatik hala izatera pasa diren pertsonen semea naizen aldetik, Desgaitasun Zerbitzuak emandako sari honek balio sinboliko argia du. Sariak berak du balio hori, ez bainuen inoiz pentsatu esku artean iPad bat izango nuenik. Disca kolektiboan, eta aurrekari gisa Izaskun Heras bikaina dugu, korrontearen aurka borrokatzen gara –askotan, bazterretik, hara baikaramatza gizarteak–, eremu zientifiko batean geure buruaz hitz egiteko aukera izateko. Beti bestearen begiradatik eraiki gaituzte subjektu gisa. Dena den, aurrean bozgorailu bat jarrita ere ahotsik izango ez luketen horien partez ere hitz egin behar dugu, gizarte gisa ez garelako nahikoa saiatu nola komunikatzen diren eta mundua nola ikusten duten ulertzeko. Hitz gutxiko autistei buruz ari naiz, baina gauza bera esan zitekeen testuinguru kolonial batean. Gure kasuan, eten epistemikoa historikotik harago doa”.

Beste alde batetik, saritua izan den bere lanari buruz dio “pertsona neurotipikoek, haurtzaroan, etiketatze linguistikoaren efektua jasaten dute. Efektu hori agertzen da haur bati bistakoa ez den objektu bat, hark berehala hauteman ezin duen ezaugarri bat duen objektu bat, erakustean, hala nola astintzean ateratzen duen txintxina. Etiketa linguistiko bat jartzean (pirno izena, adibidez), objektu horren ezaugarriaren eta emandako etiketaren arteko lotura bat ezartzen da. Etiketa berdineko bigarren objektu bat erakustean, lehen objektua bezalakoa edo horren bestelakoa izan, haurrak soinu bera espero du. Aldiz, aurrekoaren antza duen objektu bat bada baina beste izendapen bat eman bazaio (trepi), haurrak ez du loturarik egingo soinuaren eta objektu berriaren artean, eta kategoria desberdinetakoak direla ulertuko du. Beraz, izen berdina edukitzea kategoriak egiteko irizpide sendoagoa da antzekoak izatea baino. Fenomeno hori garrantzitsua da, hizkuntzaren bidez kontzeptuak eskuratzeko iturri gisa jarduten duelako. Gure ikerketaren helburua da efektu hori 3 eta 9 urte bitarteko (gutxi gorabehera) espektro autistako haurrei gertatzen zaien ikustea.  Emaitzen arabera, gertatzen da efektua, eta nahiz eta ez izan haur neurotipikoetan bezain indartsua (mentalizatzen eta orokortzen ari diren haur batzuek izan ditzaketen dibergentzien ondorioz beharbada), alde nabarmena dago etiketatze berdinaren eta desberdinaren artean kategoriaren orokortzeari eta haien ezaugarriei dagokienez, azken baldintza horretan ez baita halakorik gertatzen”.

Saria eman duen epaimahaia honako hauek osatu dute: Arantza Martínez Balmaseda UPV/EHUko Ikasleen arloko zuzendariak, Joana Acha Morcillo Psikologia Fakultateko irakasleak, Laura Vela Plo Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak eta Natalia Ortiz Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko teknikariak. “Bestearen errealitatearekin kontaktuan egoteak nola garen ulertzeko aukera ematen digu. Normatiboa dena ulertzeko ezinbestekoa da desberdintasunak ulertzea.  Gerturatzeko eta ulertzeko ahalegin horrek inklusioa dakar berekin. Sari hau helmuga horretara iristeko pauso bat gehiago da. Alde batetik, autismoa duen pertsona batek ingurunearekin nola elkarreragiten duen eta interakzio modu horrek bere komunikazio nahiz lengoaia aukerak nola baldintzatzen dituen aztertzen duen lan zorrotz baten aintzatespen bat da. Beste aldetik, autismoa dutenek hizkuntza nola ulertzen duten jakiteko funtsezkoa den eta ikerketa lerro bat ikusarazten du, UPV/EHUko laborategi batean garatzen dena”, dio Joana Achak.

Era berean, Laura Vela irakasleak honako hau aipatu du: “LindyLab taldetik (https://lindy-lab.eus/) tipikoak ez diren garapen ibilbideetako hizkuntza gaitasunak ikertzen ditugu. Hizkuntzaren garapen tipikoan zein atipikoan funtsezkoak diren eta diagnostikoetan lagun dezaketen elementuak identifikatu nahi ditugu. Gure taldeko kideak bai ikerketaren, bai praktikaren esparruetakoak dira: batetik, unibertsitate eta zientzia arloetako ikertzaileak daude eta, bestetik, AENa dutenei eta haien familiei arreta eta laguntza ematen dieten inguruneetan esku hartzen eta diagnostikoak egiten dituzten pertsonak. Bi helburu ditugu: AENa dutenen gaitasun linguistiko eta kognitiboei buruzko ezagutza handitzea eta haiekin lanean ari garen pertsonei eta familiei onura bat eskaintzea. Espero dugu sari honek inklusioari buruz ikertzera animatzea ikasleak, eta aurrerapen horiek unibertsitateari eta gizarteari ekarpenak egitea”.