euskaraespañol

Image of the day

Kultura Irekia elkarteak eta UPV/EHUko Civersity ikerketa taldeak Bilbao Bizkaia People’s Museum aurkeztu dute

“Auzoak eta memoria demokratikoa” IV. Jardunaldien baitan egin dute

  • News

First publication date: 13/12/2023

Jardunaldian Victor Urrutia sariak banatu dira
Jardunaldian Victor Urrutia sariak banatu dira

CULTURA ABIERTA-KULTURA IREKIA Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), CIVERSITY ikerketa taldearen bitartez eta Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuaren laguntzarekin, “Auzoak eta memoria demokratikoa: auzoa, borroka demokratiko eta antifrankistaren hirugarren espazioa” jardunaldiak antolatu dituzte eta auzoak dira protagonista. Halaber, jardunaldi horietan Bilbao Bizkaia People’s Museum (BBPM) aurkeztuko da, lurraldeko auzoen historiari lotutako museo-esperientzia berria.

Horietan hasi zen guztia: auzo langileek aitortu gabeko ekarpena egin zuten demokraziaren berreskurapenean. Hori da jardunaldi hauek egiteko arrazoia eta aurten laugarren edizioa izango da. Oraingoan, bi berrikuntza izango dira gainera: Bilbao Bizkaia People’s Museumen (BBPM) aurkezpena eta VICTOR URRUTIA sariak. Trantsizioaren garaian bizilagunen lider nabarmenak izan ziren eta inauguratuko duten museo birtualaren espirituaren ordezkari diren pertsonei emango dizkiete sari horiek.

BBPMk behar bati erantzuten dio: langile-auzoen eta mugimendu sozialen egiazkotasuna erakustea, eta bertan bizi izan diren eta bizi diren pertsonei eta aurrerabidearen eta demokraziaren garapenean ekarpena egin dutenei aitortza egitea.

Helburu horiek betetzeko, areto hauek ditu museoak:

AUZOAK

Bilbao Bizkaia People’s Museumeko areto horretan, Bilboko auzoak daude (etorkizunean Bizkaiko beste batzuk gehituko dira). Bertako edukiak honetarako balio izango du:

  • Auzo horien historia berreskuratzeko eta eguneratzeko, hiri osoari egiten dizkieten askotariko ekarpenak kontuan hartuz: borrokaren eta bizilagunen arteko elkartasunaren tradizioak, ondare arkitektoniko eta industrialak, herritar erreferenteak (aktibistak, artistak, pertsona ezagunak, etab.).
  • Hiri osoa auzoekin birkonektatzea, baita auzoak beren artean ere: esperientziak partekatzea, etorkizunak proiektatzea, sareak ehuntzea.
  • Bizilagunen identitatea indartzea, auzo horien harrotasun legitimoa.

MEMORIA DEMOKRATIKOA

BBPM klase herrikoien ekarpenei eta gizartearen garapenean eta demokraziaren aldeko borrokan izandako balioei ikusgarritasuna emateko kultura zentroa da.

Museoko areto hau bi ataletan banatuta dago:

MUGIMENDU SOZIALAK

Askotariko giza eskubideen aldeko borrokak ikusarazteko aretoa da, jendeak ikas dezan, inspiratua sentitu dadin eta borrokatzea merezi duten ideien alde egin dezan.

HERRITAR DEMOKRATIKOAK

Atal honetan, egitura kolektiboan murgilduta egonik, indibidualki nabarmendu diren, baina beharrezko aitortza sozialik izan ez duten pertsonak nabarmendu ditugu. Pertsona horiek beren kalea izango dute areto birtual honetan.

LIBURUTEGIA

Museo batean ezin du hutsik egin liburuei eta argitalpenei eskainitako aretoak. Liburutegi birtualak auzoei, Trantsizio demokratikoari eta mugimendu sozialei erreferentzia egiten dieten obra nagusiak jasotzen ditu. BBPM liburutegiko argitalpenek sarbide librea izango dute.

FILMOTEKA

Auzoetako eta mugimendu sozialetako bizitza ez da gai bereziki nagusia izan zinemagileentzat, baina Bilbao Bizkaia People’s Museumeko filmotekak ikus-entzunezko lekukotza eskas horiek berreskuratu ditu eta kontakizun zinematografiko berriak sortu ditu, habitat hori eta bertako pertsonen bizitza nolakoak ziren azaltzeko. Filmotekan Bizkaiko hainbat auzo eta udalerritako emakume langileen 32 bizi-istorio; Errekalde, Otxarkoaga eta Deustu auzoetako dokumental argitaragabeak; eta Bizkaiko fabrika handietako (La Naval (Sestao), Dalia (Gernika) Babcock & Wilcox (Trapaga), etab.) langileen bizitzari buruzko dokumentalak partekatuko dituzte. Sarbide librea izango dute guztiek.

ERAKUSKETA ARETOA

BBPMk, bilduma iraunkorrez gain, behin-behineko erakusketa-aretoak ere izango ditu publikoarentzat, eta ekoizpen berriak eta gaurkotasuneko gaiak bilduko dituzte horietan. Erakusketa-areto birtuala izango da, eta museoaren testuinguruarekin lotutako hainbat kontakizun egongo dira ikusgai askotariko euskarri artistikoen bidez.

EXTRA-RADIO

Extra-radio, auzoen irratia. Bilbao Bizkaia People’s Museumek auzoko bizitzaren alderdi guztiak jorratuko ditu podcast baten bidez. Auzoetako bizilagunen eta haientzat komunak diren gaien presentzia aktiboa izango da.