euskaraespañol

Image of the day

Europako landare espezieen inbasioaren gakoak argitu dira

Europan dauden espezie exotikoen ahalmen inbaditzailea eta baldintzatzaileak identifikatu ditu UPV/EHUren partaidetza izan duen nazioarteko ikertalde batek

  • Research

First publication date: 08/07/2021

Idoia Biurrun
Idoia Biurrun, Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakaslea, panpa lezkako aleen artean, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Landare inbaditzaileen sarrera datak eta jatorriak neurri handi batean zehazten dute landare horien ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa; eta ezaugarri biologikoek, hazkunde azkarrarekin batera, rol garrantzitsua betetzen dute ahalmen horretan. Hiru alderdi biologiko horiek (ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa) funtsezkoak dira espezie inbaditzaile horien ahalmena ulertzeko.

Hori da nazioarteko azterlan baten ondorio nagusietako bat. Azterlanaren izena Dimensions of invasiveness: links between local abundance, geographic range size, and habitat breadth in Europe’s alien and native floras da, eta Proceedings of the National Academy of Sciences of USA aldizkarian argitaratu zen. Eusko Jaurlaritzak azterlana babestu du –babesleetako bat da–, unibertsitate sistemako ikertaldeei laguntzeko IT936-16 proiektuaren bitartez. Idoia Biurrun doktore eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasleak ikerketa garrantzitsu horretan parte hartu du: Iberiar penintsularen iparraldeko landare komunitateetan dauden landare exotikoei buruzko datuak eman ditu, eta azterlanaren emaitzak interpretatzen lagundu. Datu horiek, Europa osoko datuekin batera, ezinbestekoak izan dira espezie exotiko bakoitzak hiru alderdietan duen ahalmena kalkulatzeko: tokiko ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa. Hiru alderdiko esparru horrek landareen banaketaren dinamikari buruzko ezagutzak hobetuko ditu, eta, beraz, egon daitezkeen inbasioak aurreikusten eta kudeatzen lagunduko du.

Landare exotikoak gizakiek lurralde berri batean sartu dituzten eta beren habitat naturaletik urrun hazten diren landareak dira. Ingurune berri horietan ezartzeko eta ugaltzeko eta, hala, populazioak mantentzeko gai diren landareak espezie naturalizatuak dira; hala ere, horietako batzuk inbaditzaile bihurtzen dira, eta inpaktu ekologiko eta sozioekonomiko larriak eragin ditzakete. Idoia Biurrunek dioenez, gure eremuan oso ezagunak dira bai panpa lezka (Cortaderia selloana), bai japoniar piper belarra (Reynoutria japonica). Sartu diren espezie guztiek ez dute ahalmen “inbaditzaile” bera; kontzeptu horrek habitat berriak inbaditzeko gaitasuna edo eraginkortasuna adierazten du. Ondorioz, Mark van Kleunen irakasleak (aditua inbasio biologikoetan, eta mundu osoan ezaguna) zuzendutako nazioarteko zientzialarien talde batek “ahalmen inbaditzaile” mota desberdinak ikertu ditu, bai eta Europan sartutako espezieen ahalmena zehazten duten faktoreak ere.

Hiru alderdiak (tokiko ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa) Europa mailan aztertu zituzten, bai bertako floraren, bai flora exotikoaren proportzio handi bat hartuta. Europan goizegi sartu izana eta azkar hazteko gaitasuna daude landare “superinbaditzaile” askoren ezaugarrien artean. Aurkikuntza horiek landare espezieen –bai bertakoen, bai inbaditzaileen– banaketari buruz dugun ezagutza hobetzen dute, eta gerta daitezkeen inbasioak hobeto aurreikusten eta kudeatzen lagun dezakete.

Ahalmen inbaditzaile bera dute espezie exotiko guztiek?

Ekologiaren arloko adituek gero eta hobeto dakite “inbaditzaile” terminoak ez duela ezaugarri bakarra deskribatzen. Hain zuzen ere, espezieen banaketa motek inbaditzaile izan daitezkeela adieraz diezagukete. Espezieek inbaditzaile bihurtzeko dituzten moduak hobeto ezagutzeko, egileek bi datu base handi nahastu dituzte: alde batetik, naturalizatutako flora exotikoari buruzko datu basea (Global Naturalized Alien Flora –GloNAF–), eta, bestetik, landareei buruzko Europako datu basea (European Vegetation Archive –EVA–).

Ikerketaren abiapuntua zen alderdi horiek erlazionatuta egon behar zutela landare exotikoetan, bertako landareen banaketan gertatzen den bezala. Azken finean, leku bateko espezie exotikoak bertakoak dira beste nonbait. Ikerketak frogatu zuen Europan inbaditzaileak diren espezie exotikoen hiru alderdien arteko loturak (ugaritasuna, hedapen geografikoa eta zabaltasun ekologikoa) Europako bertako floraren eredu berari jarraitzen diotela: alderdietako batean ahalmen inbaditzailea duten landareek beste alderdietan ere izan ohi dute.

Ahalmen inbaditzailearen baldintzatzaileak

Jatorrizko landareek eta landare exotikoek antzeko lotura ereduak dituzten arren, alde erabakigarria dago bi taldeen artean: bertako landareek ez bezala, inbaditzaileek ez dute eboluzionatu berriki sartu diren habitat inbadituetan. Hori dela eta, ikerketaren egileek bigarren helburutzat zuten hiru alderdietan ahalmen inbaditzailea izateko funtsezko baldintzak edo faktoreak identifikatzea, hiru alderdiak erlazionatuta egon daitezkeela alde batera utzita.

Ikusi zuten balio altuak dituzten landareak, oro har, beste kontinente batzuetatik datozela; adibidez, Asiatik edo Amerikatik. Europako beste toki batzuetatik sartu diren landareek, aldiz, ez dute ahalmen inbaditzaile handirik. Gainera, Europatik kanpoko “superinbaditzaileek”, askotan, azkar hazten laguntzen dieten propietate biologikoak dituzte, baina euren defentsa mekanismoak ez daude hain garatuak. Emaitza horiek Enemy release hypothesis edo “etsaiengandik ihes egitearen hipotesia” babesten dute. Hau da, espezie inbaditzaileek gure lurraldeak hartzen dituztenean, alde batera uzten dituzte beren habitatetan berekin eboluzionatu duten patogeno, herbiboro eta aurkari asko. Horri esker, “kontrolik gabe haz” daitezke, eta ondorio hori are nabarmenagoa izan daiteke inbasio prozesuan kontinenteen arteko mugak igaro badira, hala nola ozeanoak edo mendikate handiak.

Arauaren salbuespenak

Alderdi batean ahalmen inbaditzailea duten landareek beste alderdietan ere badutela dioen arauaren salbuespenak ere aurkitu zituzten zientzialariek, eta salbuespen horien kausa posible batzuk identifikatu zituzten. Adibidez, sarrera data duela gutxikoa bada, litekeena da landare inbaditzaileak arau hori ez betetzea. Izan ere, landare horiek berriak dira lurraldean, eta oraindik ez dute beren ahalmena garatu. Horrek esan nahi du sartu berri diren eta ahalmen inbaditzailea alderdi bakarrean duten landareez arduratu behar dugula, litekeena baita beste alderdietara ere zabaltzea. Horrenbestez, “ahalmen inbaditzailearen alderdien” esparrua tresna eraginkor bat da naturalizazioaren egungo ereduak azaltzeko eta espezieen banaketaren dinamikari buruz dugun ulermena hobetzeko. Horrez gain, lagungarria izan daiteke gerta daitezkeen inbasioak aurreikusteko eta banakako kudeaketa estrategiak prestatzeko, landare inbaditzaileak hobeto kontrolatze aldera.

Bibliographic reference