euskaraespañol

Astronauta eta ikerlaria Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalean

Sara García Alonso: «Zientzia ez da gastua. Inbertsioa da; izan ere, soberan itzultzen da horren aldeko apustua egiten duten herrialdeetara»

  • Interview

First publication date: 26/09/2024

Sara García Alonsok Naukas Bilbaoren azken edizioan hartu zuen parte. | Photo: UPV/EHU.

Sara García Alonso (León, 1989) erreserbako astronauta gisa aukeratu zuen Europako Agentzia Espazialak (ESA) 2022ko azaroan. Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalean (CNIO) ikerlaria da eta 2022tik biriketako eta pankreako minbiziaren aurkako botika berriak topatzea helburu duen proiektua zuzentzen du.

Ikerlari izateaz gain, dibulgazio zientifikoaz ere arduratzen da. Horrekin lotuta, adibidez, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak antolatutako Naukas Bilbaoren azken edizioan hartu zuen parte eta zientzian inbertsioak egiteko beharra azpimarratu zuen eskainitako hitzaldian. Aurten, aldiz, Euskalduna jauregiko agertokira igo da “Traje espazialaren benetako balioa” izeneko hitzaldiarekin eta zientzia arloko ikerketaren aldeko alegatua izan dela esan dezakegu.

 

Pedagogia handiagoa behar al da zientzia, gastua beharrean, inbertsioa dela azaltzeko?

Horixe bera zen, hain zuzen ere, hitzaldiaren helburua: ikerketaren aldeko alegatua egitea. Beti pentsatu izan dut zientzia ez dela gastua.Horren aldeko apustua egiten duten herrialdeetara soberan itzultzen den inbertsioa da. Hitzaldi txiki horren bidez, entzuleei adibideak eman nahi nizkien espazioko esplorazioan egindako inbertsioa objektu, aplikazio, ezagutza eta inspirazio bihurtu dela eta Lurrean bizi garen guztiok horren onurak jasotzen ditugula erakusteko.

Esan liteke ikertzaile gisa egin duzun lan zabalari zientzia dibulgazioa gehitu diozula azken hilabeteotan eskaini dituzun hitzaldi ugariekin. Desinformazioak gero eta toki gehiago hartzen duela dirudien une hauetan, eta argitalpen zientifikoetatik harago joanda, publiko zabalarentzat dibulgazioa ezinbesteko elementu bihurtu al da zientziaren mundurako?

Desinformazioaren aurkako tresnarik onena publiko zabalari zuzendutako dibulgazio zientifikoa dela uste dut. Argitalpen akademikoez harago joanda, aurrerapen zientifikoen inguruko komunikazio argiak eta irisgarriak pentsamendu kritikoa sustatu eta mitoei aurre egiten die. Gainera, gizarteak zientziaren onurak hobeto ulertzea ahalbidetzen du, eta horrek eragina izan dezake erabaki politikoetan eta ikerketari emandako laguntzan. Horrez gain, uste osoa dut dibulgazioak bokazioak ere sorrarazten dituela eta ezagutza zientifikoaren inguruko konfiantza publikoa sendotzen duela.

Europako Agentzia Espazialean (ESA) erreserbako astronauta hautatzeko prozesua ez da erraza izan. Nolakoa izan da prozesu hori?

Oso prozesu zorrotza izan da, 18 hilabetekoa, eta 6 fase izan ditu. Lehen fasera 23.000 lagun aurkeztu ginen eta curriculumaren ebaluazioak, motibazio gutunak eta galdetegi batek osatu zuten. Bigarrena Hanburgon egin genuen eta 1.400 lagun izan ginen bertan. Matematikako, fisikako eta ingeleseko azterketak eta proba kognitiboak egin genituen. Hirugarren fasean, 400 hautagairekin, taldeko dinamikak, test psikometrikoak eta ebaluazio psikologikoak egin genituen. Kolonian izan zen. Laugarren fasea Okzitaniako Tolosan eta Kolonian egin genuen eta 100 hautagaik hartu genuen parte. Proba mediko gehiago egin genituen bertan. Jarraian, bosgarren fasea Kolonian izan zen eta 50 lagun elkartu ginen ESAko zuzendari eta langile batzuekin elkarrizketa egiteko. Azkenik, azken fasea Parisen izan zen eta ESAko zuzendari nagusiarekin elkarrizketa egin genuen.

Erronka handiena Hanburgoko adimen testekin lotutakoa izan zen, eta gogorrena, berriz, niretzat behintzat, probak nolakoak eta noiz izango ziren eta horietarako nola prestatu ez jakitea izan zen. Ez zegoen gai zerrenda espezifikorik, beraz, prestatzeko modua intuitiboa eta autodidakta izan zen.

Zu biologo modularra zara. Zer aukera eskainiko lioke, adibidez, zure ikerketa esparruari zero grabitatean lan egiteko aukerak?

Mikrograbitatearen inguruko ikerketak ezagutza eta Lurrean kopiatu ezin diren aplikazio berriak sortzeko hamaika ugari eskaintzen digu. Nazioarteko espazio estazioan ikerketa onkologiarekin lotuta egindako aplikazio eta ikerketen adibide ugari daude: proteinen kristalizazioa, minbiziaren aurkako farmakoen formulazio berriak, tumoreen monitorizazio sistemak edo tumoreen ereduak, organoideak adibidez.

Azken hamarkada hauetan, asko aldatu da espazioko lehia. Eragile berriak daude, eta ekimen pribatuak ere tartean sartu dira. Zure ustez, aldaketa horiek zer eragin izango dute epe laburrera edo ertainera begira?

Espazioko lehian herrialde berriak eta eragile pribatuak sartu izanak berrikuntza bizkortu, kostuak gutxitu eta aukera komertzialak zabaldu ditu. Epe laburrera begira, misio gehiago eta lankidetza publiko-pribatu handiagoa ikusiko dugu. Epe ertainera begira, lehia geopolitikoak eta Ilargiaren eta Marteren esplorazioak teknologia aurrerapen esanguratsuak bultza ditzakete. Baina horrek jasangarritasunarekin eta erregulazioarekin lotutako erronka berriak dakartza berekin eta, batez ere, espazioko zaborraren kudeaketari dagokionez.