euskaraespañol

Image of the day

Saltillo ontzian, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroaren hirugarren edizioan

UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleek hezkuntza esperientzia ezberdina izan dute, Kantauri itsasoan nabigatzen ari zirela

  • News

First publication date: 05/07/2024

Euskal Herriko Unibertsitateak, Bordeleko Unibertsitatearekin eta Euskampus Fundazioarekin elkarlanean, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroaren hirugarren edizioa egin du, uztailaren 2tik 5era, "Saltillo" eskola-ontzian.

Santurtzitik abiatu zen Plentziara, eta, ondoren, abiapuntura itzuli zen. Bidaian zehar, ikasleek marinel formakuntza jaso zuten ontzian eta energia garbiei, ingurumen hezkuntzari eta itsas iraunkortasunari buruzko hitzaldietara joan ziren, hori guztia kulturartekotasuna sustatzen duen ingurune eleaniztun batean.

Hitzaldiak Plentziako Itsas Estazioan (PiE) egin ziren eta jende guztiari irekita zeuden. Bertan, hamalau ikaslek euren ikerketa gaiak aurkeztu zituzten eta esperientzia partekatu zuten itsasontzian.

Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren hedapenean eta Euroeskualdeko unibertsitate publikoen Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroekin bat etorriz integratutako ekimen honen helburua itsasoko ingurumenaren osasunaren eta biodibertsitatearen garrantziari buruzko ezagutza eta kontzientziazioa sustatzea da.