euskaraespañol

Image of the day

Sena Matsuda eta Ryo Akane, Hiroshimako Unibertsitateko ikasleak

Ryo Akane: «Itzuliko naiz, ziur nago»

  • Interview

First publication date: 19/09/2024

Sena Matsudak eta Ryo Akanek ‘Basque Culture International Summer School’ udako ikastaroan parte hartu berri dute. | Photo: UPV/EHU.

Sena Matsuda eta Ryo Akane Hiroshimako Unibertsitateko (Japonia) bi ikasle dira, eta UPV/EHUren ‘Basque Culture International Summer School’ udako ikastaroan parte hartu berri dute irailaren 2tik 13ra bitarte.

Zehazki, aipatu ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hiroshimako Unibertsitateak 2023ko martxoan sinatutako lankidetza akordioaren emaitzetako bat da. Akordioak mugikortasuneko eta ikerketako programak sustatzea du xede, bi erakunde akademiko horietako kideen artean.

Kultur jardueren eta mintegi teorikoen bidez, Hiroshimako taldeak gure geografiako leku entzutetsuak ezagutu ditu, eta euskararen oinarrizko kontzeptuak ikasi dituzte taldekideek. Ez alferrik, ikasitakoa erabili egin dute gure elkarrizketan. Ongietorria emateko, ‘Harrera eguna’ ekitaldiak antolatu dituzte hiru campusetan, atzerriko ikasleei unibertsitatea erakuste aldera. Ekitaldien harira, Japoniako bi ikasleek beren esperientziaren berri eman digute.

 

Euskadira etortzen zareten lehen aldia da?

Sena: Bai, Euskadira eta Espainiara etortzen naizen lehenbiziko aldia da, eta asko-asko gozatzen ari naiz esperientziaz, janariaz eta paisaiez.

Ryo: Niretzat ere aurreneko aldia da eta errepikatu egin nahi dut, zalantzarik gabe.

Zer dela-eta matrikulatu zineten UPV/EHUren udako ikastaro honetan?

Sena: Gaztelania ikasten ari naiz bigarren hezkuntzaz geroztik, eta, programa hau ikusi nuenean, hona etortzeko eta hizkuntza praktikatzeko aukera ona iruditu zitzaidan. Gainera, kultura berri bat ezagutzeko aukera eman dit, euskal kultura, ez bainuen ezagutzen.

Ryo: Ni ere gaztelania ikasten ari naiz. Japonian ez daukat asko praktikatzeko aukerarik, eta ikastaroaren berri izan nuenean aproposa iruditu zitzaidan nire gaztelania hobetzeko eta, bidez batez, euskal kulturan murgiltzeko.

Aste honetan, Euskadiko historia, gastronomia eta paisaiak ezagutu ahal izan dituzue, eta euskarazko hitz batzuk ere ikasi dituzue. Zer ikasi duzue euskal nortasunari eta kulturari buruz? Zerk harritu zaituzte gehien?

Sena: Batez ere, euskara nola babesten den egin zait deigarria, beste hizkuntzekin erlaziorik ez duela kontuan hartuta, ezta gaztelaniarekin ere. Japonian dialekto ugari ditugu, eta txunditu nau euskara ez galtzeko egiten den kontserbazio lanak.

Ryo: Asko gustatu zait euskarazko hitzak erabili izan dituztela beti guri harrera egiteko egonaldian zehar; adibidez, ‘kaixo’ eta ‘agur’. Jende askok euskaraz hitz egiten duela iruditu zait.

Egun hauetan ezagutu duzuen unibertsitate ekosistemaren barruan, zer nabarmenduko zenukete?

Sena: Donostiako Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoa azpimarratuko nuke. Orain, Mikel Laboari buruzko erakusketa bat dago. Ikasketa zentroetan egiten diren erakusketek ikasleak kulturara gerturatzea eragiten dute. Gure unibertsitatean ez dago horrelakorik, eta, nire ustez, horrelako ekimenak onuragarriak izan daitezke ikasleok Hiroshimako kulturara gerturatzeko, zeren asko ez baitira bertakoak, ezta ni ere. Hiroshimako Unibertsitateak horrelako ekimenak sustatuko balitu, nik interes handia izango nuke.

Ryo: Ba nik antzekotasun bat ikusten dut gure unibertsitatearen eta UPV/EHUren artean: ingeniaritzak pisu handia du bietan.

Euskadira itzuli eta ikasitakoa praktikan jarri nahiko zenukete?

Sena: Noski, zalantza izpirik gabe. Bi aste egon gara, baina motza egin zaigu. Beste leku batzuk ere ezagutu nahiko nituzke, eta pintxoez gozatu nahiko nuke berriz ere.

Ryo: Itzuliko naiz, ziur nago, bi hizkuntzak praktikatzen jarraitzeko. Gainera, Euskadi ezagutu ondoren, gehiago dakit orain zuen historiari eta kulturari buruz. Euskadiri buruz dakidana zabaldu nahiko nuke Japonian, bigarrenez itzultzen naizenerako.

Zer daramazue hemendik Japoniara?

Sena: ‘Kaixo’, ‘agur’ eta ‘eskerrik asko’, besteak beste.

Ryo: Eman ta zabal zazu.