UPV/EHUko ikasleek Yucatán penintsulan barrena egindako espedizio batean parte hartu zuten iazko udan, Inti Ibilbidearen baitan. UPV/EHUko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak babesa eman zion esperientzia hari.
Inti Ibilbidea: esperientzia ahaztezina Yucatán penintsulan barrena
Naroa Barinaga eta Jon Gil ikasleak maien kulturan barneratu ziren hilabete batez, eta Mexikoko paisaia zoragarriak ikusi zituzten
- Report
First publication date: 25/01/2024
Naroa Barinaga Gizarte Langintzako ikaslea da, eta Jon Gil, Medikuntzakoa. Abentura paregabea bizi izan zuten biek iazko udan. Espainiako hainbat unibertsitatetako kideekin batera, Yucatán penintsulan (Mexiko) barrena ibili ziren ia hilabete batez, «Ruta Inti: El misterio de las selvas de Kukulcán» izeneko espedizioan. Aparteko bidaia izan zen, eta guztiz barneratu ziren penintsulako kulturan eta paisaian.
Gazteentzako programa soziala eta kulturala da Inti Ibilbidea. Parte hartzaileen arteko kultura trukea sustatzea du helburu, eta bidaia garatzen den ingurune soziala aberastea. UPV/EHUko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak hedapen kanpaina bat egin du, ikasleek egitasmoa ezagutu dezaten. Gainera, bi ikasleen bidaiaren zati bat ordaindu du.
Kultura bat eta jende berria ezagutzeko nahiak bultzatu zituen programan izena ematera bi ikasleak, baina aurreko parte hartzaileen testigantzek areagotu egin zuten nahi hori. «Neska batek zioen familia bat topatzera zihoala, eta leku bat benetan nolakoa den ezagutzera ere bai», gogoratu du Naroak. Gauza bera gertatu zitzaion Joni. «Beste urte batzuetako esperientziak irakurri ondoren, iruditu zitzaidan dagoeneko egin ezin den bidaia mota bat egiteko aukera ematen zidala: talde handi batean eta kultura batekin elkarbizitzan», esan du.
Dena den, Yucatánera bidaiatu aurretik, hautaketa prozesu bat gainditu behar izan zuten. Hasteko, antolakuntzak proposatutako gaiei buruzko monografia bat prestatu behar izan zuten. Denbora dezente behar izan zuela adierazi du Jonek. «Nire interes arloarekin, medikuntzarekin, lotutako lan bat egin behar nuen; hortaz, maien zibilizazioa nola desagertu zen aztertu nuen». Naroak berandu samar izan zuen espedizioaren berri, baina joateko gogo handia zuzenez, «erlojuaren aurka» prestatu zuen proiektua. Popol Vuh-i (maien bibliaren antzekoa) buruzko aldizkari bat egin zuen: «Liburuko istorio bat kontatu nuen, eta maien jainkoen arabera unibertsoa nola sortu zen azaltzen zuen tutorial bat prestatu nuen».
Naroarentzat, «bidaia paregabea» izan zen bidaideei esker, interes asko partekatu baitzituen haiekin. Adibidez, Naroak betiko lagunekin inoiz eztabaidatuko ez zituzkeen hainbat hizketagai sortu ziren. Gainera, espedizioak iraun zuen 28 egunetan albo batera utzi zuten mugikorra. «Ondorioz, interes handiko pertsona oso argien burbuila bat sortu zen, eta apurtu zenean min dezente egin zuen». Zortzi kiderekin eta antolakuntzako talde batekin batera bizi izan ziren Jon eta Naroa. Jon harritu egin zen, taldea hain handia izanik ez zelako haserrealdirik sortu. Izan ere, baldintzak ez ziren onenak: «Ordu asko egiten genituen oinez, eta eltxoen ziztadekin edo zikinkeriaz beteta esnatzen ginen». Dena den, Naroaren hitzetan, «oso giro ona zegoen eta, ondorioz, denek zekiten eskura zutela besteen laguntza».
Harmonia izan zen protagonista espedizioaren lau asteetan eta ibilbidearen hiru etapetan: Puuceko Erreserba Biokulturala, Zenoteen Eraztuna eta Yucatángo Herri Magikoak. Naroak «asko» sufritu zuen Puuc-eko etapan. «Zementuzko bide batetik gindoazen oihanean zehar, eta zaila zen arnasa hartzea, hezetasunarengatik eta beroarengatik. Gainera, babaz beteta bukatu zuten denek, eta botetan ‘ekosistema propioarekin’», esan du, irribarrez. Jonek behin-behineko ospitalean amaitu zuen lehen eguna, eta dikotomia hura nabarmentzen du: «Sufritzen ari ginen eta, aldi berean, paradisua ikusten». Bidaian zehar, maien hondakin galduak topatu zituzten bide inguruetan.
«Ruta Inti 2024: Huellas en la Arena, la décima aventura». Urtarrilaren 25ean, ostegunean, online hitzaldi bat egingo dute 15:30ean programa berria azaltzeko.
Zenoteen Eraztunean, bete-betean sartu ziren Yucatán penintsulako ekosisteman. Gidarien eskutik, Mexiko osoa zeharkatzen duen ur bideari buruzko xehetasun guztiak ezagutu zituzten. Naroak oroitzen duenez, hamahiru zenoteko kobazulo batean sartu ziren egun batean, baina «kontu handiz» ibili behar izan zuten, posible baitzen saguzarrekin topo egitea. Jonek barrez gogoratu du atsegina zela «leku fresko batean amaitzea», eguzkipean ibilaldi luzea egin ondoren.
Yucatángo Herri Magikoetan barrena amaitu zuten ibilbidea. Naroaren hitzetan, «dentsitatea eta biztanleria hazi harren, herri izaera mantendu duten herriak dira». Jonek hunkituta gogoratu du beso zabalik hartzen zituztela herri guztietan: «Jakin-minez hurbiltzen zitzaizkigun, dantzaldiak antolatzen zituzten gauero eta, herri batean, haien etxeetan sartu gintuzten eta maien sukaldaritza eta hizkuntza erakutsi zizkiguten».
Biek uste dute «gizakia beste modu batera ulertzen eta kultura ezberdinen arteko bizimodua zein ezberdina den ulertzen» lagundu diela espedizioak. Jonen iritziz, «kultura batean murgiltzea da kultura horren alderdi guztiak ulertzeko modu bakarra». Eta, Naroak gehitu duenez, «abenturaz gozatzeko, aurreiritzirik gabe joan behar da». Gainera, abentura hau aberasgarria izan da haien ikasketetarako ere. Etorkizuneko gizarte langile hau «praktikak eremu komunitarioago batean egitera» animatu du abenturak, eta «ez hain ingurune indibidualean». Jonek, medikuntzako ikasleak, berriz, «haren ibilbideak irteera profesional gehiago dituela ikusteko eta jendea ulertzen eta tratatzen ikasteko» balio izan dio.
Naroak eta Jonek emozio handiz oroitzen dute bidaia, munduaren beste zati bateko ateak ireki baitzizkien. Naroak aberasgarri gisa deskribatzen du esperientzia, eta Jonek 10eko puntuazioa ematen dio. Eta, noski, ikasleak izena ematera animatuko ote lituzketen galdetuta, argi dute: «Bai!»
Inti Ibilbidearen hurrengo espedizioa 2024ko uztailaren 21etik abuztuaren 17ra egingo dute, Andaluzian, Kanarietan eta Marokon barrena: «Ruta Inti 2024: Huellas en la Arena, la décima aventura». Urtarrilaren 25ean, ostegunean, online hitzaldi bat egingo dute 15:30ean.
Informazio gehiagorako:
https://www.ehu.eus/eu/web/iraunkortasuna/-/berria-ruta-inti-2024
Eta, gogoratu, otsailaren 4ra arteko epea duzu abentura ahaztezin honetan izena emateko:
https://www.rutainti.com/como-participar/