euskaraespañol

Enpresa Familiarretan aditua

Rodrigo Basco: «Ba al dago alabak gizonezko batek baino gaitasun txikiagoa duela uste duen aitarik?»

  • Interview

First publication date: 19/12/2019

Rodrigo Basco. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Rodrigo Basco Argentinako enpresa familiar baten laugarren belaunaldiko kidea da, baita Arabiar Emirerri Batuetako Sharjahko Unibertsitate Amerikarreko (AUS) irakaslea eta Sheikh Saoud bin Khalid Al-Qassimi Enpresa Familiaren Katedraren zuzendaria ere. Enpresa espiritua, kudeaketa eta eskualdeko garapena ikertzen ditu, arreta berezia jarriz familia enpresetan.

Eusko Ganberen Familia Enpresaren Erakundeak, UPV/EHUren Familia Enpresaren Katedrarekin batera, Euskadiko familia enpresen erradiografia egiteko aurkeztu berri duen azterlanean kolaboratu du Bascok.  Harekin hitz egingo dugu, nazioarteko aditu gisa, Euskadiko familia enpresen egoeraz duen iritzia ezagutzeko, Europako egoerarekin eta mundukoarekin alderatuta.

Egoera onean al dago familia enpresa hemen, Euskadin?

Nire ustez, bai, egoera onean dago. Alderdi positiboak daude, adibidez, emakumeak zuzendaritzan hasi izana. Ikusi dugu familia enpresak kudeaketa egitura formalagoetara egokitzen ari direla, eta administrazio kontseiluak gehitzen hasi direla. Hala ere, badaude hobetu beharreko zenbait arlo. Digitalizazioa da bat: enpresa askok ez dute ezarri. Bestea, talentua erakartzea eta atxikitzea da, lehiatu ahal izateko.

Emakumezko zuzendariak dituzte Euskadiko familia enpresen % 24k; zifra % 14koa da beste era bateko enpresetan.  Emakumeak zuzendaritza lanetan sartzeko konpromiso handiagoa dute, eta berdintasuna bultzatzeko inguru aldekoagoa dira.

Emakumea hasi da familia enpresan espazioak aurkitzen lider aritzeko, enpresa eraldatzeko eta erakusteko zer lor dezakeen aurreko belaunaldiena ez den beste lidergo estilo batekin. Gurasoak hasi dira hori errekonozitzen.  Hala ere, zailtasunei egin behar die aurre, esaterako egiten duena zilegi dela frogatu behar du jabearen alaba izateagatik. Enpresaburu batzuek diote emakumeen lidergoak beren enpresak aldatu dituela. Gainera, zer gurasok pentsa dezake alabak gizonezko batek baino gaitasun txikiagoa duela?

«Emakumezko zuzendariak dituzte Euskadiko familia enpresen % 24k; zifra % 14koa da beste era bateko enpresetan»

Zer da alderik handiena Euskadiko eta Europako familia enpresen artean?

Euskadikoak txikiagoak dira, gehienek 50 langiletik behera dituzte. Europakoak, ordea, handiagoak dira fakturazioari eta langile kopuruari dagokienez. Beste alde nabarmen bat da administrazio kontseiluak Euskadikoak baino askoz anitzagoak direla. Senideak ez ezik, kanpoko kideak ere izaten dituzte. Nire iritziz, Euskadin aldaketa hori sustatu beharko litzateke.

«Euskadiko familia enpresen neurri txikia desabantaila izan daiteke»

Oztopoa al da Euskadiko familia enpresen neurri txikia?

Proiektuak gauzatzeko edo digitalizazioan aurrera egiteko dirua lortzeko desabantaila izan daiteke. Aldiz, abantaila izan daiteke askoz ere malguagoa izatea, enpresa handiek baino askoz azkarrago abiaraz ditzaketelako ekintzak.

Euskadik lurraldean eskalako ekonomiak sor ditzake, lankidetzan aritzeko eta lehiatzeko nazioartean indartsuagoak izateko. Horixe da gakoa nire ustez, euskal kulturarekin bat baitator.

Zer egin beharko lukete familia enpresek lehiakorragoak izateko?

Talentua erakartzea eta atxikitzea, digitalizazioa ezartzea eta kanpo kapitaletara edo kontseiluak kanpoko pertsonei irekitzea. Enpresen % 90en baino gehiagoren jabetza % 100 familiarra da. Kapitala % 5 edo % 10 irekita eta kanpoko bat hartuta, lagundu dezan, kontrolari euts dakioke. Beste erronka bat da familiak enpresaren inguruan elkartuta jarraitzea, gatazkarik sortu gabe.

Aipatu duzu enpresen % 90 familienak direla soilik. Ahultasuna ala indargunea al da?

Alemanian, familia enpresa askok kapitala ireki dute nazioartekotzeko beharra dela eta. Nire ustez, ez da beharrezkoa hori kopiatzea. Euskadiren indarguneak identifikatu behar ditugu. Indartsua izateko kapitalaren % 100 familiarena izan behar bada, onartu behar dugu eta beste inbertitzaile batzuk sartzea nola lortu zehaztu behar dugu.

Baliteke beldurra izatea enpresaren kontrola galtzeko beste kapital batzuen sarrera onartzeagatik.

Hori da. Eta beldurra dago hirugarren batek jakin dezan familian eta enpresan zer gertatzen den. Ez dut nahi beste batzuek semearekin zer gertatzen zaidan jakitea. Nolabaiteko independentzia izateko modu bat da.

Euskadiko familia enpresa gehienak bigarren belaunaldikoak dira. Datu kezkagarria al da?

Momentu zaila da; hirugarren belaunaldiaren ateetan gaude: enpresarekin zer egin erabaki behar duen “lehengusuaren belaunaldia”. Hitz egiten hasi behar dute; erabaki enpresa moduan zer nahi duten. Nork hartuko duen parte eta nork ez, nork egin dezakeen lan eta nork ez.  Une horretan enpresa gai bada egitura sendotzeko eta gobernu organoak osatzeko, epe luzera bermatuta egongo da.

Horrekin lotura dute familia protokoloak eta ondorengotzaren prestaketak.

Protokoloak tresna garrantzitsua izan daitezke. Batez ere, hitz egiteko aukera eta lehengusuekin, anaiarekin, osabarekin gauzak esatekoa. Komunikatzeko aukera horrek batasuna sortzen du. Euskadiko enpresen % 30ek soilik dauka protokolo bat. Etorkizunera begira nolabaiteko miopia sor dezake, arazoei aurrea hartzen ez bazaie.

Zer izan behar luke protokolo on batek, nolakoa izan beharko litzateke?

Era guztietako protokoloak ikusi ditut hainbat herrialdetan. Egia esateko, protokoloa familiaren konstituzio moduko bat izan beharko litzateke. Oso zaila da, familia emozioen, sentimenduen, babesaren eta zaintzaren arabera definitzen baita. Dena den, zehaztu behar da familiaren eta enpresaren arteko harremana zer izango den, zer baldintza izango diren, baita lotura afektiboak ere, Euskadiko familia enpresen ezaugarrietako bat baitira.

Sentimenduak, bi ahoko ezpata.

Garrantzitsuena da sentimendu horiek enpresari ez eragitea eta enpresak sentimenduei ez eragitea. Nire ustetan, sentimenduak funtsezko elementu izaten hasi dira enpresaren lehiakortasunari dagokionez. Adibidez, krisi garaietan, familia enpresetan bestelakoetan baino kaleratze gutxiago izaten dira, familiarekiko sentimenduagatik eta inguruagatik. Krisialdietan saiatzen dira enpresari eusten eta langileak babesten. Beste kasu batzuetan, baliteke saltzea edo ixtea, baina kasu honetan epe luzean irauteko aukera ematen die.

Abantaila da enpresarentzat berarentzat eta gizarterako.

Bai, horregatik iruditzen zait enpresa sareak ez lukeela familia enpresa galdu behar. Gizartearen genetikaren parte da eta oso garrantzitsua da kontserbatzea.

«Iruditzen zait Euskadiko enpresa sareak ez lukeela familia enpresa galdu behar»

Euskadiko enpresa askok digitalizazioaren aldeko apustua egin dute, baina beste zati handi batek planteatu ere ez du egin.

Oso ahulezia handia da. Enpresen % 30ek uste dute digitalizazioa ez dela negoziorako garrantzitsua. Digitalizazioa webgune bat baino askoz gehiago da. Informazioa erabiltzeko modua ere bada, hobeto saltzeko, produktuak hobetzeko, hornitzaileekin eta bezeroekin.

Digitalizazioaz gain, zer erronkari egin beharko diete aurre familia enpresek?

Enpresa baten betiereko lanak ez du dagoeneko funtzionatzen. Badago pasioak mugiarazten duen jende gaztea. Erabat teknologikoa den eta konektatua dagoen gizartean jaio da. Nola atxiki daitezke? Euskadiko enpresen beste erronka bat nazioartekotzea da. Nola lortu enpresa nazioartekotzea eta lehiakorra izatea?  Ondo zaindu behar da familia enpresen bilakaera. Nire ustez, administrazio publikoak, merkataritza ganberek eta unibertsitateak ere badute zer egin familia enpresei bizirauten laguntzeko. Baliteke hori izatea gauzarik garrantzitsuenetako bat.