euskaraespañol

image of the day

Hamabost urte desagertutako pertsonak DNAren bidez identifikatzen

Cácereseko Terría meategian egindako lanetan parte hartu du UPV/EHUko BIOMICs taldeak

  • Report

First publication date: 12/12/2024

Miriam Baeta eta Caterina Raffone | Photo: UPV/EHU.

Arkeogenetika da BIOMICs ikertaldearen ikerketa lerroetako bat. Beste gauza batzuen artean, giza arrastoen DNA aztertzen dute, memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko. Egindako azken lanetako batean, Terría meategitik (Cáceres) desobiratutako 49 gorpuetako zazpi identifikatu ahal izan dituzte.

Komunikabideetan agertu da berriz ere Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs ikertaldearen jarduera. Izan ere, Terría meategitik (Cáceres) desobiratutako gorpuak identifikatzen parte hartu du. DNA proben ondoren, 49 gorpuetatik zazpi identifikatu ahal izan dituzte dagoeneko. Hobi komun horretan aurkitutako pertsonetako bat Diego Vital zen, Manuel Vitalen aita; azken horretan inspiratuta dago ‘El 47’ pelikula.

“Prozesu konplexua izan da, eskeletoen hondarrekin lan egiteak dituen zailtasunak direla eta”, aipatu dute BIOMICs ikertaldeko kideek. “Kontuan hartu behar da kasu hauetan ohikoa dela DNA gutxi eta hondatua topatzea, eta horrek zaildu egiten duela profil genetikoak eskuratzea. Hala ere, Terría meategian hondar askoren profil genetikoak eskuratzea lortu zen. Hala, eskuragarri zeuden senitartekoekin alderatu eta identifikazioak egitea lortu zen”.

BIOMICs-ek hamabost urte daramatza azterketa genetikoaren bidez desagertuak identifikatzen, eta urte hauetan zehar aurrerapen handiak gertatu dira analisi genetikoetan. Horri esker, handitu egin da horrelako ikerketa motetan emaitzak eskuratzeko probabilitatea.

Dena den, Terría meategian aurkitutakoen gisako giza arrastoak identifikatzea zaila da. Izan ere, “Espainiako Gerra Zibileko hobietatik berreskuratutako eskeleto hondarrak faktore tafonomiko intrintsekoen (hezurraren ezaugarriak) zein estrintsekoen (ingurumenekoak) mende egon dira. Faktore horiek kontserbazioari eragiten diote, eta, ondorioz, analisiak egiteko adinako kantitate eta kalitateko DNA eskuratzea zailagoa da. Ondorioz, beti ez da posible izaten desobiratutako hondar guztien profil genetikoak eskuratzea”.

Identifikazio lan horietan, beste muga bat ere topatzen dute: hondarrekin alderaketa genetikoa egiteko egokiak diren senitartekoak eskura izatea. “Kasu askotan, dagoeneko ez dago laginak eman ditzakeen senitartekorik; batzuetan, hil egin direlako, eta, beste batzuetan, desagertuak oinordekorik gabe hil zirelako. Beste kasu batzuetan, oso urruneko senitartekoak bakarrik geratzen dira, eta horrek zaildu egiten du identifikazioa”, esan dute ikertzaileek.

Hori dela eta, garrantzitsua da DNA bankua egunean mantentzea. “Horrek aukera ematen du desagertuen senitartekoen profil genetikoak eskura izateko, eta, hala, desobiratutako arrastoekin alderatzeko edo etorkizunean desobiratuko direnekin alderatzeko”.

Urte honen hasieran akordio bat sinatu zen Donostiako Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Auzitegi Genetika Unitateko Laborategia erabiltzeko, Gerra Zibileko eta gerraosteko hildakoen hondarrak identifikatu ahal izateko. Akordio horri esker, BIOMICs-eko ikertzaileek aukera izan dute “Gerra Zibilean eta gerraostean desagertutako pertsonen identifikazio genetikoko lanetan aurrera egiten jarraitzeko eta, hortaz, Memoria Historikoa berreskuratzen laguntzeko”. Testuinguru horretan, batez ere, Euskadiko hobietako laginak aztertzen ari dira, baina Espainiako beste eskualde batzuetakoak ere bai.

Baina UPV/EHUko ikertalde honen lana ez da hor amaitzen. “Diziplina anitzeko lantalde batek osatzen du BIOMICs, eta hainbat ikerketa lerro ditu. Horien artean, arkeogenetika, auzitegi genetika, giza taldeen genetika edo minbiziaren genetika nabarmentzen dira, esaterako”.