euskaraespañol

Borja Doncel García

Luzaroan bizi nahi dugu, baina zahartu gabe

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

First publication date: 13/07/2023

<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/pareja-ancianos-mujer-sentada-skate-parque_19963864.htm">Imagen de wirestock</a> en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“Gaixotasuna hartutako zahartzaro bat da, eta zahartzaroa gaixotasun natural bat, zenbait gaixotasun zahartzaroa bezala agertzen baitira".

Hala definitzen zuen zahartzaroa Aristoteles filosofo grekoak. Beraz, zahartzaroaren ikuskera aldatu zuen, Platonek honela deskribatzen baitzuen: "pertsonaren zuhurtzia, diskrezio, ernetasun eta zentzu onaren mailarik gorena, erantzukizun eta errespetu handiko rolak betetzeko aukera ematen diona". Ikuspegi klasiko hark azaltzen du adinekoek gizarte hierarkian pribilegiozko posizioa izatea garai batean, hots, Antzinako Aroko hainbat gizartetan, hala nola hebrearrak, Egipto, Grezia edo Erroma.

Baina zahartzaroa erabateko narriadura prozesu bat gisa ikusten hasteak dena aldatu zuen. Hainbesteraino, non gauden garai honetan adinagatiko diskriminazioa, edo adinkeria, oso presente baitago, pertsonak nagusiki produktibitateagatik epaitzen diren gizarte honetan.

Adinkeria edo adinagatiko diskriminazioa

Gaur egun adinkeria hirugarren diskriminazio modu nagusitzat hartzen den arren, arrazakeriaren eta sexismoaren atzetik, zenbait azterlanek beste biak baino prebalenteagoa dela irizten diote. Horixe ondorioztatzen da biztanleria orokorrak Europako Gizarte Inkestan 2012an emandako zifrekin.

Europako Gizarte Inkestaren arabera, adinkeria izan zen diskriminazio mota nagusia adin talde guztietan. Parte hartzaileen % 28k salatu zuten; sexismoa, berriz, % 24k, eta arrazakeria % 15ek. Gainera, inkestak erakutsi zuen errespetu falta izan zela adinkeriaren adierazpenik ohikoena (% 41), eta, ondoren, adinekoen aurkako tratu txarrak (% 23).

Duela gutxi, 2021eko Adinkeriari buruzko Munduko Txostenean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) kalkulatu zuen munduan bi pertsonatik bat adinista dela.

Adinagatiko diskriminazioaren ideia 50eko hamarkadan hasi bazen ere, 1969. urtean definitu zuen Robert Butler psikiatra estatubatuarrak: “adin talde batek beste adin talde bati buruz duen aurreiritzia”.

Adinkeria kontzeptu multidimentsionala da. Dimentsio kognitibo batek (sinesmenak eta estereotipoak), dimentsio afektibo batek (aurreiritziak) eta jokabide dimentsio batek (jokabide diskriminatzaileak eta jokabide asmoak) osatzen dute. Bestela esanda, zer pentsatzen dugun, zer sentitzen dugun eta nola jokatzen dugun.

Diskriminazio mota horrek maila asko izan ditzake. Estereotipoek eta aurreiritziek maila indibidualean (mikro) jarduten dute, eta hor gertatzen da adinkeria ulertzea; jokabide diskriminatzaileak, berriz, maila indibidualean nahiz meso (gizarte harremanak) eta makro (erakundea eta kultura) mailetan daude.

Guri dagokigun osasun arazo bat

Ez gara jabetzen adinkeria zein latza izan daitekeen, adinekoen osasunean dituen ondorio negatiboak ezagutu arte: heriotza tasa handitzea, bizitza luzera murriztea, gaixotasun fisikoak, narriadura funtzionala eta kognitiboa, antsietatea, depresioa, bizi kalitatea murriztea, gizarte isolamendua, bakardadea, gizarte bazterketa, gastu soziosanitarioa handitzea, instituzionalizazio goiztiarra eta abar.

Adinak osasunari nola eragiten dion azaltzeko teoriarik zabalduenetako bat Steele & Aronson-en estereotipoaren mehatxuaren teoria da (1995). Teoria horrek azaltzen du pertsonek errendimendu txikiagoa izaten dutela beren benetako potentzialarekin alderatuta, estereotipora edo haiei buruzko espektatibetara egokitzen baitira. Alegia, “profezia autokonplitu” moduko bat da, eta osasungarriak ez diren portaerak dakartza berekin, adinekoen osasunari eragiten diotenak.

Adinkeriaren anbiguotasuna: luzaroan bizi nahi dugu, baina zaharrak baztertzen ditugu

Adinkeriak hainbat berezitasun ditu, arrazakeriatik eta sexismotik bereizten dutenak. Horietako bat da adinkeriak gizaki guztien bilakaera baldintza komun bakarrari eragiten diola: zahartzeari. Autore askok iradokitzen dute portaera adinisten jatorria zahartzeko eta hiltzeko beldurra dela. Gaur egungo gizartean, beldur hori oraindik ere tabua da, eta badirudi ez diela eragiten adin txikieneko taldeei, ustez “hartatik” salbuetsita daudelako. Baina, zahartu ala ez, bizialdiaren amaiera da gizaki ororen patua.

Adinkeriaren beste bereizgarri bat da zaila dela zapaltzailearen eta zapalduaren figurak bereiztea: edozein gizabanakok edo adin taldek onar eta gauza dezake adinagatiko diskriminazioa, gazteek, senideek edo profesional soziosanitarioak barne.

Batzuetan, adinkeriaren biktima den adin talde bera ere, kasu honetan adinekoak, zapaltzaile bihurtzen da. Izan ere, adinekoak adinekoekin adinistak izan daitezke, eta azkenean ‘autoadinkeria’ deritzona gertatzen da.

Adinkeriaren kontzeptuaren anbiguotasun kulturala aipatzekoa da. Horren adibide garbia da mendebaldeko gizarteek adinekoen aurrean duten jarrera anbibalentea. Gizarte horiek, alde batetik, askotan hauteskunde helburuekin, adinekoak babesten dituzte pentsioen, gastu publikoaren eta gizarte zerbitzuen bidez, eta, bestetik, estereotipoen mende jartzen dituzte, haiek umiliatuz, baztertuz eta ikusezin bihurtuz.

Bizitza luze baterako desira hedatua ere ironikoa da. Urte luzez bizitzea arrakastaren sinonimoa dela uste izateak talka egiten du gizarteak zahartzeari buruz duen pertzepzio negatiboarekin. Deigarria da pertsonek urte askoan bizi nahi izatea, baina, aldi berean, zahartzeari uko egitea.

Zahartu, bizitzeko

Zahartzea prozesu fisiologiko bat da, bizi ziklo osoan zehar gertatzen dena, eta sortzen garenetik hiltzen garen arte irauten du. Beraz, gizakiok ulertu (eta onartu) beharko genuke gure bizitzetan etengabeko prozesua dela eta izango dela. Gure osasun, partaidetza eta segurtasun aukerak optimizatzen baditugu, OMEren zahartze aktiboaren kontzeptuak iradokitzen duen bezala, urteak bete ahal izango ditugu osasun hobea izanda.

Zahartzeari buruzko estereotipoak, inkontzienteki, gaztetan eskuratzen dira, eta, urteen poderioz, indartu egiten dira. Azkenean, gizabanakoek barneratu egiten dituzte, eta sinesmen horiekin bat datozen jokabide bihurtzen dira. Horregatik, helduekiko jarrera diskriminatzailerik gabeko hezkuntza kontzientea behar da konponbidea lortzeko, gazteenei zein adinekoei zuzendua.

Jarrera aldatzeko, nahikoa izan beharko genuke gogoratzea Maurice Chevalier artista frantziarrak esan zuena: “zahartzea ez da hain txarra, alternatiba zein den ikusita”.