euskaraespañol

Image of the day

EXERVEST azterketa jarri dugu martxan

Hipofuntzio bestibularra duten pertsonei zuzenduta dago, hau da, egonkortasunari, orekari eta orientazioari eragiten dion disfuntzio kronikoa duten pertsonei

  • News

First publication date: 30/09/2024

Sara Maldonado eta Maitane Ruiz Ríos | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Arabako ESIko Osakidetzako Otorrinolaringologia Zerbitzua eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutua lankide dituela, ‘Ariketa fisiko gainbegiratua urgazpen programa gisa aldebakarreko hipofuntzio bestibularra duten pertsonentzat: EXERVEST azterlana’ izeneko ikerketa jarri du abian. Lan honetan parte hartzen dute Asier Lekue Arabako ESIko Otorrinolaringologia Zerbitzuko jarduneko zerbitzuburuak, Sara Maldonado UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko medikuak eta Maitane Ruiz Ríos, gaiari buruzko doktore tesia sail berean garatzen ari denak. Era berean, azterlan honek Vital Fundazioaren finantzaketa ere izan du garatu ahal izateko (VITAL21/24. BAFV22/012).

Hipofuntzio bestibularra, alde batekoa zein alde bikoa, entitate kliniko heterogeneoa da eta bide bestibularrean izandako lesio baten ondorioz sortzen da. Behar bezala konpentsatzen ez bada, kroniko bihurtzen da eta askotan ezgaitzailea da, posturaren desegonkortasuna, burua mugitzean ikusmen lausoa, oszilopsia eta zorabio eta desoreka sentsazio subjektiboa eragiten baititu.

Garuneko lesioengatik zein, maizago, lesio periferikoengatik sor daiteke (lesioak barneko belarrian edo nerbio bestibularraren traktuan). Europan eta Estatu Batuetan soilik 95 milioi heldu baino gehiagori eragiten die. Helduen % 30ek ditu zorabioak noizbait. Horietatik, hipofuntzio bestibular kronikoa dutenek erortzeko arrisku bereziki handia dute, baita beldur eta antsietate handiagoa ere.

Hipofuntzio bestibularraren diagnostikoa duten pertsonek jarduera fisikoa murriztu ohi dute eta bizitza sedentarioa daramate, nahiz eta frogatuta dagoen ariketa fisikoak posturaren oreka hobetzen duela eta lesio bestibularretik osatzeko faktore erabakigarria dela.

Sarritan, errehabilitazio-tratamendu optimoak indibiduala izan behar du, pertsona bakoitzaren ezaugarri klinikoen araberakoa, eta postura hobetzea, begirada egonkortzea edo ikusizko mendekotasuna murriztea izan behar du xede. Horregatik, ikuskatutako ariketa fisikoa txertatzen da pertsona horiei laguntzeko onuragarriak diren programetan, baina, hala ere, ez dago oso ikertuta beste patologia batzuekin alderatuz gero.

Hipofuntzio bestibularra diagnostikatua duten pertsonen orekan ariketa fisikoak dituen efektuak aztertzeko, EXVEST izeneko programa jarri dugu abian, esku-hartze aldiaren aurretik eta ondoren izandako aldaketak neurtzeko.

Horrez gain, ikerketaren helburua da kaltetutako pertsonen bizi-kalitatean eta ongizate psikikoan izandako aldaketak baloratzea, eta, horretarako, orekaren aldaketa aztertuko da hipofuntzio bestibularra eragin zuen etiologiaren eta hipofuntzio bestibularra duenetik igarotako denboraren arabera, eta orekan izandako aldaketen eta aztertutako gainerako aldagaien arteko lotura ebaluatuko da.

Bibliographic reference