euskaraespañol

Image of the day

Elena Leiñena Mendizabal

Genero indarkerien aurkako UPV/EHUren protokoloa: ezinbesteko tresna

UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaria

  • Cathedra

First publication date: 21/11/2024

Elena Leiñena Mendizabal | Photo: Mitxi. UPV/EHU.

Unibertsitatean gertatzen den genero indarkeria gai delikatu, zail eta korapilatsua da, kontuan izanik unibertsitatea gizartearen goi mailako irakaskuntza egitura bat dela, non arrazoia garatu eta gizartera hedatuko den ezagutza eraikitzen den. Hori horrela, pentsa daiteke unibertsitatean are onartezinagoa izan behar duela indarkeriak, gizartearen gainerako eremuetan baino jasanezinagoa.

Hala ere, gizarte antolaketa bat den heinean, unibertsitatea ez dago libre gure gizartean nagusi diren genero indarkerietatik. Gainera, genero indarkeriek kutsu berezi eta espezifiko bat dute unibertsitatean, botere egitura errotuak, hierarkiak eta promozio profesional konplexu eta oso lehiakorrak dituen esparru akademiko batean gertatzen direlako.

Alde horretatik, unibertsitatean, gure gizartearen (patriarkala) eremu guztietan bezala, genero indarkeriak daude, hainbat azterlanek agerian utzi duten bezala. Horixe egiaztatu zuen, adibidez, UniSafe proiektuak eginiko azterlanak (2022ko azaroa): ‘Gender-based violence and its consequences in European Academia’, non Europako 15 herrialdetako 46 unibertsitatek parte hartu zuten; horien artean, UPV/EHUk. Ikerketaren ondorioetako bat izan zen inkestatutako pertsonen % 62k indarkeria motaren bat pairatu zutela noizbait unibertsitatean, eta kolektibo guztiei eragiten ziela (ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak). Indarkeria mota nagusia zen indarkeria psikologikoa (% 57), eta ondoren, sexu jazarpena (% 31). Inkestatuen % 10ek indarkeria ekonomikoa pairatu zuten; % 8k, indarkeria birtuala; eta % 6k, indarkeria fisikoa. Sexu indarkeria zen gutxien salatu zen indarkeria mota (% 3).

Hala ere, datu horiek ez datoz bat unibertsitatean aurkezten diren kexa edo salaketen kopuru txikiarekin (% 13). Unibertsitatean oso gutxi dira genero indarkerien salaketak, hiru izanik horren arrazoiak: 1) mendekotasuna promozio akademikoan; 2) estigmatizazioaren mehatxua; eta 3) konfiantza eskasa erakundearen erantzunean.

Ezin dugu ahaztu azken urteetan unibertsitateek ahalegin handia egin dutela indarkeria mota honi aurre egiteko, bai eta benetako babesa emateko ere erresistentziez (kontzienteak nahiz inkontzienteak) beteriko esparru honetan salatzera ausartzen diren emakumeei.

Gaur egun, lege esparrua nahiko garantista da eta unibertsitateak premiatzen ditu berdintasun zuzendaritzak edo egiturak sortzera. Egitura horien eginkizunen artean dago prebentzio eta erantzun neurriak hartzea, aurre egiteko genero indarkeriari, diskriminazioari edo jazarpenari (LOSU 43. art.). Hala eta guztiz ere, egitura horietako askok oraindik ez dute biktimen babes osoa bermatzeko nahikoa baliabiderik (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak), nahiz eta, adibidez, UPV/EHUren kasuan, 2024an, Berdintasunerako Zuzendaritzaren aurrekontua nabarmen handitu den datozen hiru urteetarako.

Nolanahi ere den, prestakuntza da prebentzioaren arloko tresna oinarrizko eta erabakigarrienetako bat, portaera eta jokabide matxisten naturalizazioari aurre egiteko.

Hori dela-eta, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak urtero eskaintzen ditu emakumeen aurkako indarkeriei buruzko online prestakuntza ikastaroak, kolektibo guztientzat, eta 600 bat pertsona akreditatzen ditu urtero. Gainera, ikasleentzako bi programa ditu (Indartu eta Eraldatzen), indarkeria matxisten detekzio, prebentzio eta erantzunari loturikoak. Hala ere, oraindik oso txikia da gizonen parte-hartzea prestakuntza saio hauetan (% 2), eta lanean jarraitu behar dugu, parte-hartze hori sustatzen, bestela nekez egingo delako aurrera.

Prebentzio tresnatzat hartutako prestakuntzaz gain, protokoloak dira genero indarkeriak identifikatzeko eta horiei erantzuteko tresna nagusia. Gure unibertsitatean, ‘Genero indarkerien aurkako UPV/EHUren protokoloa’ tresna garrantzitsu eta ezinbesteko bihurtu da indarkeria horiek detektatu eta tratatzeko. Protokoloa aplikatzen zaio unibertsitatearen barruan nahiz kanpoan indarkeria nozitu duen unibertsitateko edozein kideri (atxikitako ikastegietakoei ere), ingurune birtualetan edo sare sozialetan gertatzen diren indarkeriak barne. Ez da beharrezkoa aurretik salaketa jartzea polizia egoitzan edo epaitegietan, eta kontuan hartzen dira kexa jarri aurreko azken bost urteetan izandako indarkeriak.

UPV/EHUren protokoloa Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2018ko uztailean, adostasun zabalaz. Protokoloa idatzi zuen diziplina anitzeko lantalde batek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek, ordezkari sindikalek eta kanpoko adituek osatutakoa, unibertsitateko kolektibo guztien partaidetzaz egin zen prozesu baten ondoren (400 lagun inguruk parte hartu zuten prozesuan).

Protokoloaren edukiak sektore arteko batzordean lorturiko adostasunari eta UPV/EHUko kolektibo guztien konpromisoari esker, esan daiteke gaur egun protokoloa dela tresna moderno, malgu eta eraginkor bat. Dena dela, unibertsitatearen konpromisoaz gain, nabarmentzekoa da ere oso zorrotza izan dela protokoloaren prozeduraren inplementazioa bera.  Menina Saria jaso zuen 2018an eta eredu gisa erabili da beste protokolo batzuetan. Gainera, UPV/EHUren Bizikidetza Arautegiari (2023) erantsi zaio, genero indarkeriei erantzuteko tresna gisa.

Protokoloak aintzat hartzen ditu genero indarkeria mota guztiak (abusuak, jazarpena eta erasoa), genero identitate edo adierazpen, edo sexu orientazio oro, eta arreta jartzen du nagusiki biktimarengan, lan akademikoan edo profesionalean jarrai dezan, berme guztiekin.

Lehen eginkizun nagusi du entzutea, kexa aurkeztu duen eta egoera zaurgarrian dagoen emakumeari; ondoren, hura berriro ez biktimizatzea eta, horrekin batera, laguntzea eta segurtasuna eta babesa bermatzea. Hori guztia konfidentzialtasun zorrotz baten barruan, pertsonaren erritmoak eta borondatea errespetatuta. Horrek ez du esan nahi errespetatu behar ez denik kontraesan printzipioa, kexaren jomuga den pertsonari dagokionez. Hala ere, ez da salatutako pertsona per se zigortzea bilatzen duen zigor prozedura bat, proposatutako neurri batzuek xede hori izan dezaketen arren. Lehentasuna da biktima babestea, artatzea eta laguntzea, eta jokabide oldarkorra beste emakume batzuekin ez errepikatzea.

Prozedurak 4 fase ditu. Lehen fasea da beharbada delikatuena eta sentsibilitate eta arreta dosi handienak behar dituena, eta biktimaren harreran, entzutean, laguntzean eta kasuaren balorazioan datza. Fase honetan, nahitaez esku hartu behar dute indarkerietan adituak diren pertsonek, eta hainbat ikuspegitatik baloratu behar da kasua, kexaren ikuspegi integral batetik. Horregatik, oso garrantzitsua da unibertsitateko dekanotzetan edo zerbitzuetan kexak jasotzen dituzten pertsonek (ezin da salaketa anonimorik egin) kasua Berdintasunerako Zuzendaritzara bideratzea, berehala erantzuteko.

Bigarren fasean, salaketa jarri duen pertsonak hala eskatuz gero eta hala badagokio, prebentzio neurriak proposatzen dira, eta gomendagarria izan daiteke inplikatutako pertsonak elkarrengandik banantzea, kautelazko neurri gisa. Neurri horiek behin-behinekoak dira eta denbora irabazteko aukera ematen dute, informazio gehiago bildu ahal izateko eta modu egoki batean planteatzeko hirugarren faseko amaierako txostenen jasoko diren neurri zuzentzaile eta erreparatzaile egoki eta proportzionatuak. Txosten hori berretsi edo aldatu egingo du genero indarkeria kasuak aztertzen dituen Batzordeak.

Garrantzitsua da azpimarratzea neurri zuzentzaileek eta erreparatzaileek kontuan hartu behar dituztela kexa jarri duen pertsonaren beharrak: behar akademikoak, lanekoak, segurtasunekoak, arreta psikologikoa, kanpoko zerbitzuetara bideratzea, polizia egoitzan edo egoitza judizialean salaketa jartzeko erabakian laguntzea, espediente akademiko edo diziplinario bat hastea, etab. Horrek berekin dakar nahitaez inplikatutako zerbitzuekin koordinatzea, bai eta unibertsitateko gobernu organoekin ere (errektoreordetzak), hala badagokio dagokion administrazio erabakia emango dutenak.

Laugarren fasea da prozeduraren jarraipena eta ixtea. Batzordeak berretsitako txostenean proposatutako neurri zuzentzaileen eta erreparatzaileen jarraipena egitea da neurri horien aplikazioa bermatzeko mekanismoa. Horretarako, kontaktuan egon behar da indarkeria pairatu duen pertsonarekin eta prozedura koordinatu behar da unibertsitate organoekin, hura behin betiko itxi arte.

Protokoloa ezarri zenetik jaso diren kexen eta salaketen tipologia askotarikoa da: genero ikuspegitik onartezinak diren portaerak, jazarpen kasuak (batez ere sexu jazarpenak), epaiak betearaztea, etab.

Datuek erakusten dute gero eta gehiago salatzen dela unibertsitatean, eta positiboa da hori, agerian uzten duelako kontzientziazioa handitzen ari dela, bai eta erakundearen erantzunarekiko konfiantza ere. Datuak argitaratzen dira Berdintasunerako Zuzendaritzaren urteko memorietan, konfidentzialtasuna gordeta beti, biktimen nortasuna babeste aldera.

Protokoloa arau bat da, unibertsitatean sortzen diren genero indarkerien arazoei emandako erantzuna arautzen duena, eta beste arau askotan bezala, aplikazioan dago zailtasuna. Hain zuzen ere, aplikatzen denean ikusten da zein diren hobetu beharreko gauzak. Hala, ezinbestekoa da hainbat arlo hobetzea: hala nola indarkeriei loturiko prestakuntza (kolektibo guztietan), biktimak entzutea eta adituen laguntza, laguntza psikologikoko baliabideak (barneko eta kanpoko laguntza), unibertsitateko zerbitzuen eta kudeaketa organoen arteko koordinazioa, eta prozeduren iraupena murriztea. Horren guztiaren jakitun izanik, azken urteetan indartu egin da Berdintasunerako Zuzendaritzaren lantaldea, eta are gehiago indartuko da uztailean onartu zen Berdintasunerako IV. Planari esker.

Horrenbestez, UPV/EHUk ezin du alde batera utzi unibertsitate honetako hainbeste emakumeri lagundu dien eta laguntzen jarraituko duen tresna hau.