Proteinmat-ek Manuel Laborde saria irabazi du, Ekimen Berritzaile Berriari eskainitako saria
Ai Composerrek kategoria berri batean lortu du saria: 'Gradu eta Master Amaierako Proiektuak eta Doktorego Tesiak'
- News
First publication date: 03/12/2021
Proteinmat eta AI Composer proiektuek Manuel Laborde Werlinden XXI. edizioko sariak jaso dituzte. Bioosasunaren eta sormen industrien sektoreetan kokaturik, epaimahaiak aitortu duenez, bi ekimenetan aipagai dira beren balio proposamena, merkatuarekiko hurbiltasuna eta talde sustatzaile baten presentzia, proiektuaren heldutasuna beren gain hartzeko gai.
Proteinmat-ek, Ekimen Berritzaile Berria sariaren irabazleak, biotintak garatzea, ekoiztea eta merkaturatzea du helburu, ehunen ingeniaritzan eta medikuntza birsortzailean erabiltzeko. Talde ekintzaileak eta Biomat ikertaldeak izan duten lankidetzatik sortu da, Pedro Guerrerok aurkeztutako ekimena, eta, epaimahaiak aitortu duen bezala, ekonomia zirkularra biozientzien esparruarekin lotzen du, osasun arlorako abantaila lehiakorrak dituzten produktu berriak sortuz. Sari honek 7.000 eurotako diru-laguntza du eta, honez gain, BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza jasotzen ditu proiektuaren garapenerako.
Manuel Laborde Werlinden sarien 21. edizio honek, gainera, ‘Gradu eta Master Amaierako Proiektuak eta Doktorego Tesia' sarietarako aitorpen berri bat dakar berrikuntza gisa, kultura ekintzailea sortzeko eta unibertsitatearen jakintza merkatuaren potentzial berritzaile gisa aprobetxatzeko helburuarekin. AI Composer proiektua, kategoria honetan saritua, plataforma anitzeko partituren editore bat da, hain zuzen, musika konposatzeko aukera ematen duena adimen artifiziala erabiliz. Master Amaierako Proiektua da, Javier Aguirre ekintzaileak aurkeztua eta, gainera, UPV/EHUko hainbat ikertalderekin lotura eta harremana eskaintzen duena, proiektuaren geroko garapenarekin jarraitzeko helburuarekin. Kategoria honek 3.000 eurotako diru-laguntza dauka eta, gainera, BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza, ekimenaren garatzeko.
Proiektu berritzaileak unibertsitatearen eremuan
Manuel Laborde Werlinden sariak Entreprenari programaren bidez sortzen da. Programa hori UPV/EHUren Gipuzkoako Campusak eta BIC Gipuzkoa Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroak garatu eta kudeatzen dute. Ekintzailetzako ideiak eta proiektuak unibertsitatearen inguruan sustatzea du helburu. Edizio honetan aurkeztutako hautagaiak izan dira UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileenak, UPV/EHUko tituludun, graduondoko edo azken ikastaroko ikasleenak eta enpresa berri bat sortuz UPV/EHUrekin lankidetzan egindako ikerketa baten emaitzak ustiatzeko interesa duten enpresenak.
Epaimahaiaren iritziz, 21. edizio honetan berretsi egin da aurkeztutako proiektuen kalitatea eta, hortaz, azpimarratu du UPV/EHU funtsezko eragilea dela Gipuzkoako eta EAEko ekosistemaren enpresa proiektu berritzaile eta balio erantsi handikoak garatzeko. Aurkeztutako ekimenak bat datoz Gipuzkoako garapenerako hazkunde eta espezializazio adimenduneko estrategiarekin eta, industria aurreratua, bioosasuna, sormen industriak, adimen artifiziala, jasangarritasuna eta ingurumena bezalako sektoreetan kokatzen dira:
Ekitaldia eguerdian egin da Joxe Mari Korta Zentroan, eta bertaratze mugatua izan du pandemia kontrolatzeko ezarritako osasun neurriengatik. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Agustin Erkizia, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzaren Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendaria eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria.