euskaraespañol

UPV/EHUko Esperientzia Gelen I. Jardunaldiak

When and where

19/04/2024, 10:00

Location

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Description

Ostiralean, apirilaren 19an, 10:00etan, Carlos Santamaria ikastegia (entzunaretoa), Donostian, lehen aldiz bilduko dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetako Esperientzia Geletako azken ikasmailako ikasleak, esperientziak partekatzeko. Gainera, sistema demokratikoaren krisiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat eskaintzea da jardunaldiaren helburua. Horretarako, ‘Demokraziaren krisia’ lelopean, konferentzia bana egingo dute gaian adituak diren bi pertsona ospetsuk: Daniel Innerarityk, filosofia politiko eta sozialeko katedradunak, ‘Demokraziaren etorkizuna’ izeneko hitzaldia egingo du. Eta Cristina Monge politologoak eta Zaragozako Unibertsitateko doktoreak ‘Gure belaunaldiko demokraziaren krisia’ konferentzia egingo du. Topaketa amaitzeko, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa (Tabakalera) bisitatuko dute.

Honakoek parte hartuko dute irekiera instituzionalean:

  • Agustín Erkizia, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordea
  • Amaia Irazusta, Gipuzkoako Esperientzia Gelen zuzendari akademikoa
  • Aritz Ruiz, Bizkaiko Esperientzia Gelen zuzendari akademikoa
  • Idoia Igartua, Arabako Esperientzia Gelen zuzendari akademikoa

Inaugurazioaren ondoren, bi konferentziak egingo dituzte eta, jarraian, mahai-inguru bat moderatuko du Idoia Igartuak, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasleak.

Daniel Innerarity filosofia politiko eta sozialeko katedraduna da, IKERBASQUE ikertzailea UPV/EHUn eta Gobernantza Demokratikoko Institutuaren (Globernance) zuzendaria.  Irakasle gonbidatua Europako eta Amerikako hainbat unibertsitatetan. Gaur egun, Pariseko Fondation Maison des Sciences de l'Hommeko ikasketa zuzendari elkartua da. Liburu ugari idatzi ditu eta horietako batzuek sariak jaso dituzte. Esaterako, Literaturako Sari Nazionala, Euskadi Saria edo Espasa Saria; horiek denak, saiakeren modalitatean. 2022an Giza Zientzien arloko Ikerketa Sari Nazionala jaso zuen. Era berean, Nafarroako Gobernuak ematen duen Kulturaren Vianako Printzea Saria irabazi zuen 2013an. 2008an, Giza Zientzien, Artearen, Kulturaren eta Gizarte Zientzien Saria eman zion Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxak. Latinitatearen Akademiako kidea da, baita Europako Arte eta Zientzien Akademiako kidea ere; azken horrek Salzburgon du egoitza.  Frantziako ‘Le Nouvel Observateur’ aldizkariak munduko 25 pentsalari handien zerrendan sartu zuen 2004an.

Cristina Monge politologoa da, eta Zaragozako Unibertsitateko doktorea. Bertan, soziologia eskolak ematen ditu. Haren intereseko arloak jasangarritasuna eta kalitate demokratikoa dira eta, bereziki, trantsizio ekologikorako gobernantza. Gai horren bueltan lan egiten du hainbat ikergunetan, hala nola Globernancen, BC3n eta itdUPM-n, baita Ecodesen patronatuan ere. Llorente y Cuenca enpresako eta Ethic aldizkariko aholkularitza kontseiluko kidea da. ‘15M: Un movimiento político para democratizar la sociedad’ (2017) liburuaren egilea da, eta ‘Tras la indignación. 15M: Miradas desde el presente’ (2021) lan kolektiboa koordinatu du. ‘Hackear la Política’ (2018) liburuaren egilekidea, Raúl Olivánekin batera; eta ‘La Iniciativa Social de Mediación de los conflictos del agua en Aragón’ (2019) liburuaren egilekidea, J.J. Verónekin batera. Gainera, ‘Más Cultura Política, Más Democracia’ bildumaren koeditorea da, Gedisarekin elkarlanean, eta ‘Más Democracia’ elkartearen zuzendaria da.