Elena Leiñena Mendizabal
Prestakuntza, genero ikuspegitik: funtsezko tresna bat berdintasunaren arloan aurrera egiteko
Berdintasunaren arloko zuzendaria
- Cathedra
First publication date: 04/03/2021
Hamarkada berri baten hasieran, eta COVID-19ak markatutako testuinguru berezi batean, gure unibertsitateko kideak aurrera doaz emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren bidean. Bide horri, hain zuzen, 2006. urtean ekin genion, Berdintasunaren arloko Zuzendaritza sortu genuenean.
Ez dugu ahaztu behar bideari hasiera eman zioten pertsonak pozik eta konprometituta zeudela hezkuntza eremuko eta euskal gizarteko hainbat eremutako aukera berdintasunen aldeko borrokarekin, eta, horri esker, lorpen garrantzitsuak izan ditugu Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan: sexuen eta unibertsitate estamentuen arabera banatutako informazioari buruzko datuen hasierako bilketa; aholku eta lankidetza batzordeak eratzea (Berdintasun Batzordea, sektore arteko batzordeak); erakundeko organoetan emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua ezartzea; eta, azkenik, estatu mailako aintzatespena, Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloagatik lortutako Menina Sariari esker (2020). Helburu gehienak UPV/EHUren I. eta II. berdintasun planetan aurreikusita zeuden.
2021eko martxoaren 8a, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eguna1, iristear dago, eta Euskal Herriko Unibertsitateari eta Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari dagokien lehen egitekoa zera da, gure aurretik zeuden pertsona guztiek egin duten lan itzela eta baliotsua aitortzea eta, salbuespenik gabe, bihotzez eskertzea osatzen dugun erakundean berdintasunaren alde egin duten bidea. Egia esateko, pertsona horiek garai hartan izan zirenagatik eta egin zutenagatik gara gu garena.
Baina, berdintasuna lortzeko bidea luzea da2, eta ekin aurretik, iraupen lasterketa baterako moduko estrategia bat pentsatu behar da; indarrak arrazionalizatu behar dira, eta helmugara iristeko biderik egokiena aurreikusi, egungo egoerak kontuan hartuta. Hori dela eta, nahitaez jakin behar dugu gaur egun zer puntutan gauden, bai gizartean bai unibertsitatean, bide hori planifikatzeko eta gure helburua arrakastaz lortzeko (ahalik eta kostu txikienarekin). Aurreikuspenak objektiboa eta errealista izan behar du; ez da ez autokonplazentzian ez utopian erori behar.
Gure gizartearen, unibertsitatearen eta hezkuntzaren errealitatetik abiatuta eta kontuan hartuta mendebaldean eta, zehazki, Europan (edo, nahiago izanez gero, XXI. mendeko Europar Batasunean3) finkatuta dagoela, aurrerapenak egin badira ere, gure eremu politiko-sozialean, harrituta geratzen gara errealitatea ukatzen duten korronteekin. Zalantzan jartzen dituzte datu objektiboak eta ukaezinak, eta, beraz, adi egon behar dugu, eta gure helburuei eutsi. Eta are gehiago kontuan hartzen badugu balitekeela korronte horiek unibertsitatean ere aurkitzea. Hainbat azterlanek agerian jarri dute gure unibertsitateetan genero politikak eta kultura ezartzearen aurkako jarrerak daudela4. Unibertsitateko erabakitze eremuetan emakume gutxi egon ohi da, eta gutxi parte hartzen dute. Berdintasun araudia (formala) benetan inplementatzea ez da nahikoa, ez duelako behar adinako finantzaketarik eta giza baliabiderik. Kasu batzuetan, hizkuntza inklusiboa erabiltzearen edo curriculumean genero ikuspegia txertatzearen aurkako jarrerak aurkitu dira, bai eta sexu jazarpenari eta sexuagatiko diskriminazioari ausardiaz heltzeko erreparoak ere. Egoera horren aurrean, unibertsitate politiken eta diskriminazio positiboko neurrien bitartez esku hartuko dugu, horrelako joerak neutralizatze aldera.
Seguruenik, neurri handiagoan ala txikiagoan, UPV/EHUk ez du errealitate horretatik ihes egingo. Baina baieztapen hori ez litzateke objektiboa izango erakundeak jarrera horiei aurre egiteko azken urteetan egindako urratsak eta aurrerapenak zerrendatu eta azalduko ez balira (horietako batzuk lehen aipatu dira). Hori horrela, ezinbestekoa da nabarmentzea apustu argia eta irmoa egiten duela abusuen aurkako prebentzioaren eta prestakuntzaren alde, unibertsitate eremuan berdintasuna eta aniztasuna lortzeko bidean. Apustu hori Emakumeen eta Gizonen III. Berdintasun Planean (2019-2022) daude zehaztuta, eta bere jomuga NBEren 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzen laguntzea da; besteak beste, genero berdintasuna (5. GJH).
Guztion erantzukizuna da berdintasunean prestatzea, abusuak prebenitzeko eta etorkizuneko gizarte parte hartzaileagoa eta hobea eraikitzeko tresna kualifikatuena eta eraginkorrena baita. Gure unibertsitate prestakuntzan ezinbestean txertatu behar ditugu berdintasunaren, justiziaren eta ekitatearen balioak5. Hori horrela, UPV/EHUk, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren bidez, prebentzioaren aldeko apustu irmoa egin du Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloa (2018) txertatuta, eta prestakuntzaren aldekoa, emakumezko ikasleentzako doako ahalduntze programak abiarazita. Halaber, gizonak kontzientziatzearen aldeko apustua egin du, genero indarkeria prebenitzeko. Aldi berean, berdintasunari eta aniztasunari buruzko prestakuntza ikastaroak antolatu dira, gai heterogeneoak eta askotarikoak jorratzen dituztenak; besteak beste, hizkuntza inklusiboaren erabilera eta maskulinitate berriarekin lotutako erronkak6. Hezkuntzaren eremuan, Akademe lidergo programak erraztasunak eta bultzada eman dizkie emakumezko irakasleei eta ikertzaileei saileko eta ikerketa proiektuetako zuzendari eta/edo hainbat fakultatetako dekano izan daitezen, alde batera utzita ardura postu eta kargu horiek sortu izan dituzten erreparoak eta estereotipoak7.
Iraupen lasterketako hurrengo zatia (III. Berdintasun Plana) amaitu gabe, helmugak unibertsitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea izaten jarraitzen du. Hori dela eta, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ahaleginak egingo ditu 2019. urtean hasitako bidea jarraitzeko eta oraindik gauzatu behar diren ekintzak ezartzeko. Asmoa da honako arlo hauetara bideratzea ahaleginak: hezkuntzaren eremuan genero ikuspegia txertatzea eta hori sustatzea; ikertzaile berriei euren ikerketak genero ikuspegidun metodologiekin egiten laguntzea; emakumeen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak garatzea bultzatzea; genero edo orientazio aniztasuna errespetatzen duten unibertsitate guneak sustatzea; kontziliazio gida bat sortzea, langileen errealitate eta behar pertsonal, familiar eta soziolaboral desberdinei erantzuna emateko. Azkenik, UPV/EHUko ekitaldiak antolatzeko orientazio gida baten oinarriak diseinatzen saiatuko da Zuzendaritza (genero berdintasuneko eta jasangarritasuneko irizpideak izan beharko ditu).
Ekintza horiek guztiek barne hartzen duten prestakuntza eredua unibertsitateak aukeratutakoa da, eta unibertsitateko kide guztiei eragiten die; baina etorkizuna, funtsean, gure gazteei ematen diegun hezkuntzan eraikitzen ari gara. Hain zuzen ere, hemendik gutxira, beraiek egin beharko dute lan, zientziaren arlo guztietan, genero ikuspegiarekin.
Genero ikuspegidun prestakuntza eredua eraikitzeko bidea ez da bakarrik egiten, eta ez da bakarrik egingo ere. Taldean lan egin behar da; bereziki, unibertsitateko kideekin. Baina, horrez gain, gure inguruneko beste instituzio, erakunde eta unibertsitate batzuekin ere aritu beharko da elkarlanean, bai Espainiakoekin bai Europakoekin.
Berdintasunaren bidea jarraitu aurretik, unibertsitateak hitzordua dauka martxoaren 8an, Arabako Campusean egingo den ekitaldi eder batean. Bertan, alde batetik, gure emakume akademikoen eta langileen irakaskuntza, ikerketa eta jarduna omendu eta aitortuko dira. Bestalde, aurreko ikasturtean genero ikuspegia txertatu zuten lan akademikoak sarituko dira. Horrela, gai horri buruzko azterlanen abangoardia akademikoa osatuko da. Aldarrikatzeko, ospatzeko eta berdintasunaren bidean indarrak hartzeko egun bat.