euskaraespañol

image of the day

Andrazko aktore protagonistarik onenaren Goya saria 2021

Patricia López Arnaiz: «Unibertsitatetik igarotzea naizenaren eta lanean ematen dudanaren parte da»

  • Interview

First publication date: 11/03/2021

Patricia López Arnaiz. Argazkia: Xavier Torres-Baccheta

Euskal Herriko Unibertsitatean Publizitateko eta Harreman Publikoetan lizentziatua, egunotan izugarri lanpeturik dabil. Hala eta guztiz ere, une bat erreserbatu du zinema espainiarraren sari handienetako bat jaso ostean bizi izandako sentsazio batzuk partekatzeko.

Marketina, publizitatea, promozioa… funtsezkoak dira film baten etorkizunean, nahiz eta beti ustekabeak egon. Publizitateko ikasketek zure jarduera profesionalari aurre egiten lagundu zizuten?

Promozioa funtsezkoa da film baten ibilbiderako, eta hor nago ni, baina aktore moduan, proiektuei buruz hitz eginez, ez publizista gisa. Niri ez dagokit ikasi nuena erabiltzea; hori beste sail batzuen lana da. Baliagarriak izan dira, agian, publizitatearen munduari buruzko begirada propio eta kritikoa izateko, zinemaren industriarekin eta irudi publikoaren munduarekin harreman zuzena duelako. Euskal Herriko Unibertsitatean aritzea gainontzeko ikasleekin harremanak izateko baliagarria izan zen. Esperientzien, artearen eta kulturaren gose nintzen, eta, zentzu horretan, izugarri hazi nintzen. Naizenaren eta lanean ematen dudanaren parte da hori".

Nola egin zenion aurre Lideren paperari? Zergatik uste duzu pentsatu zutela zugan Lideri bizia emateko?  

Niretzako, gidoia gozamen bat izan zen. Hor zegoen dena. Lan handia egin nuen paperari barrenak ateratzen, eta material asko aurkitu nuen lan egiteko. Proposatutako eszenek eta egoerek bete ninduten Lide egia handiz interpretatzeko. Entsegu asko izan genituen, hori ere oso egokia izan zen. Bestalde, Gorka Lazkano nire euskarazko ‘coach’a izan zen; asko eta oso ondo lagundu zidan. Nik Lide interpretatzea Katixa de Silvaren (ekoizpen exekutiboa) eta David Perez Sañudoren (zuzendaria) ideia izan zen, beste lan batzuetan ikusi nindutelako. Aurretik, film labur bat egin genuen, elkarrekin egindako lana pixka bat probatzeko. Eta azkenean, erabaki egin zuten eta erabaki egin nuen neuk”.

Emakumezko aktore onenaren sarirako beste hautagaiak honako hauek ziren: Candela Peña, Kiti Mánver eta Amaia Aberasturi. Lehenengo biek ibilbide luzea dute, eta Amaia Aberasturi sarietarako izendatuta zegoen 'Akelarre' lanagatik. Andrazko aktore onenaren saria irabaz zezaketen bi euskaldun.

Ohore bat izan zen hirurekin izendapena partekatzea. Beterano horien artean egotea, ‘eszenako animaliak’, surrealista iruditzen zitzaidan zenbait momentutan. Amaiarekin partekatzea eta euskara eta gure etxea Goya sarien ekitaldira elkarrekin eramatea oso polita izan zen.

Horrek erantzuten al dio hemen azken urteotan egiten ari den lan zinematografiko handiari? Goya sariek beti uzten dute horren berri euskal zinemaren munduko langileentzako sariei esker.

Uste dut baietz, bide baten parte garela. Gure aurrekoek beren aztarna uzten dute, eta bai, oso urte emankorrak dira, kalitate goreneko euskal film preziatuekin, oso urrutira iristen ari direnak. Beste batzuek, agian, ez dute hain ibilbide luzerik izango, baina bide txikietan arrasto ederra utzi dute, gure zinema oso interesgarria eta kalitate handikoa izan dadin lagunduz.

Pandemiak eragin dizu 2020an? Goya hau bultzada ona izango da zuretzat, ala hobe da lanbide honetan ezer ez aurreratzea?

Nori ez dio eragin? Hau mugarri bat izan da gure bizitzan. Gure mundua goitik behera aldatu da. Arlo profesionalean, eragina izan du, sektoreak berak egokitu behar izan duelako egoerara: filmaketak, zinema-aretoak, jaialdiak... hala eta guztiz ere, urte ona izan da niretzat alde horretatik. Besteak beste, 'Ane' filmaren estreinaldiak egindako lanari esker on garrantzitsua eman dio, eta, gainera, proposamen berri eta interesgarriak iristen ari zaizkit. Goyak dakarrena, ikusteko dago.