UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Alberto Magno Zientzia Fikziozko XXXIII. literatur lehiaketaren irabazleak ezagutarazi ditu. Lehen sariaren irabazlea, 2.000 euroko zenbatekoarekin, Angel Gallo (Zumaia) da, Azkarbideak euskarazko lanagatik. Bigarren saria, 1.000 eurokoa, Beatriz García Sánchez-i (Salamanca) eman zaio, Spolia kontakizunagatik. Azkenik, Sara Sacristán Horcajada (Madril) izan da finalista, La Singularidad kontakizunagatik.
Ángel Gallok Alberto Magno saria irabazi du
Euskarazko kontakizun batek saria irabazten duen lehen aldia da
- News
First publication date: 28/01/2022
Azkarbideak lehiaketa irabazten duen euskarazko lehen lana da, 2013an sari bakarra ematea erabaki zenetik, kontakizuna zein hizkuntzatan idatzita zegoen kontuan hartu gabe.
Edizio honetan 107 kontakizunek hartu dute parte. Aurkeztutako originalak 16 herrialdetatik bidali dira: Alemania, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Espainia, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Peru, Errusia, Uruguai, USA, Venezuela.
Azkarbideak, kontakizun sarituak gizateriak izan dituen aurrerapenak kontatzen ditu: Asko aurreratu da gizakia: gorputza gaztetzeko teknikak edota hitzik gabeko komunikazioa kontrolpean izateaz gain, unibertsoan barna mugi daiteke Azkarbide deituriko atari batzuen bitartez. Ez ditu ulertzen, ez daki naturalak edo artifizialak ote diren, baina erabili egiten ditu. Azkarbide bat zeharkatu eta gauzak espero bezala irteten ez direnean, ordea, galaxia guztia zalantzaz beteko da.
“Sari hau jasotzea oso berezia da: edizioak eta edizioak pilatzen dituen lehiaketa ospetsua izanik, lanen kalitatea eta aurretik irabazi dutenen izenen argitan, eta herrialde anitzetik heldutako narrazioak daudela kontutan hartuta, izugarri poztu nau. Are gehiago euskaraz idatzitako lan bat izanik! Zinez, sekulako poztasuna sortzen dit!”, adirazi du Ángel Gallok.
Irabazlea Ángel Gallo ingeniaria eta ingeniaritza irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Gallok hainbat sari jaso ditu bere lan batzuengatik. Lau liburu ere idatzi ditu autoargitalpenaren bidez.
Lehiaketa entzutetsua
Lehiaketaren bizitzan ehun istorio baino gehiago saritu dira, eta horietako batzuk oroitzapenezko 6 liburukitan argitaratu dira. Aurreko edizioen irabazleen artean kultur munduko pertsona garrantzitsuak daude (Xabier Kintana, Iban Zaldua, Iñaki Irazabalbeitia), eta UPV/EHUkoak (Felix Goñi eta Gotzone Barandika), bai eta zientzia fikziozko idazle ezagunak ere, hala nola Jose Antonio Cotrina, lehiaketa 3 aldiz irabazi duena. Aurtengo edizioko sarituen artean, idazle ezagun bat dago, beste literatur sari batzuetan jada saritua izan dena.
Lehiaketaren interesaren adierazle bat da zenbat kontakizunek betetzen dituzten lehiaketan aurkezteko baldintzak. 2012. urtean 100 kontakizun onartu ziren, eta ordutik 100 eta 128 artean izan dira lehiatu diren kontakizunak. Horrek argi adierazten du lehiaketarekiko interesak indarrean jarraitzen duela eta areagotu egin dela.
Aurrekoa berresten duen xehetasun bat da kontakizunen jatorria gero eta anitzagoa. Hala, 12. edizioan (2012), onartutako 102 kontakizunak 7 herrialdetatik zetozen (hispaniar hizkuntzako 6 herrialde eta AEB). Hala ere, XXXII. edizio honetan onartutako kontakizunak 16 herrialdetatik datoz (hispaniar hizkuntzako 12 herrialde, Alemania, Brasil, AEB eta Errusia).
Lehiaketa 1989an hasi zen, gaztelaniazko kontakizunei sari bat eta euskaraz idatzitako kontakizunei beste bat emanez. Orduan, 16 idazlan onartu ziren eta lehenengo edizio hartan Felix Goñi Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedraduna eta Iñaki Irazabalbeitia Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria izan ziren irabazleak.
Bosgarren edizioan (1993), erabaki zen UPV/EHUko langileek idatzitako kontakizunei sari bat ematea. Lehenengo sari hura Xabier Kintanari eman zitzaion, zeina gaur egun Euskaltzaindia Euskararen Akademiako kide osoa baita.