Merkataritza Nabigazioko Kapitainen Bizkaiko Elkarteak (AVCCMM) eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak Ariel Sebastián Virviescas Vega eta Adrián Martínez Pérez saritu dituzte, itsas arloko Gradu Amaierako Lanik (GRAL) eta Master Amaierako Lanik (MAL) onenen egileak izateagatik, hurrenez hurren. Portugaleten banatu dituzte gaur sariak, eta ekitaldian izan dira Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, eta Patxi Odiaga, AVCCMMko presidentea.
2022-2023 ikasturteko itsas arloko GrAL eta MALik onenak
Ariel Sebastián Virviescas Vegak eta Adrián Martínez Pérezek jaso dituzte AVCCMMren sariak, “Estudio de errores verbales de comunicación a bordo de buques mercantes” eta “Estudio de las rutas entre Europa y África Occidental para un petrolero Suezmax” lanengatik
- News
First publication date: 24/11/2023
Ariel Sebastián Virviescas Vegak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eta Itsas Garraioko gradudunak, irabazi du GRAL onenaren saria, “Estudio de errores verbales de comunicación a bordo de buques mercantes” lanarekin. Lanaren zuzendaria José Manuel Zubeldia izan zen, Enpresen Antolakuntza Saileko irakaslea.
Komunikazio eraginkorrari buruz eta itsasoko dialekto tekniko normalizatuari buruz dagoen araudia ikusaraztea da proiektu honen helburu nagusia. Horretarako, gizakiaren historiako istripu katastrofikoetako batzuk ekartzen ditu gogora, ahozko komunikazioko akatsak izan zituztenak. Eta, amaitzeko, egungo egoera aztertzen du, 2023ko lehenengo lauhilekoan Bilboko portuan porturatu ziren merkataritza nabigazioko ofizial eta kapitain aktiboei egindako inkesta batean eskuratutako datuetan oinarrituta.
Bestetik, Adrián Martínez Pérezek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako “Nautika eta Itsas Garraioa” masterreko ikasleak, jaso du itsas arloko GAL onenaren saria, “Estudio de las rutas entre Europa y África Occidental para un petrolero Suezmax” lanarekin. Javier Sánchez-Beaskoetxea Enpresen Antolakuntza Saileko irakasleak zuzendu zuen lana.
“Suezmax” neurriko petrolio ontziek Europa eta Afrika artean egiten dituzten ohiko ibilbideak ikertu ditu lan honetan. Lehendabizi, bidaia plan bat egiteko eta petrolio ontzi baten itsasbidea antolatzeko modurik onena aztertu du, bai karga egoeran, bai lastatze egoeran. Eta, gero, petrolioa inportatzen duten Europako portu nagusien eta hura esportatzen duten Afrika mendebaldeko portu nagusien artean egin daitezkeen bidaia plan posibleak aztertu ditu. Hainbat bidaia plan estandar lortzea da lan honen amaierako helburua, ontzia egiten ari den bidaia motaren arabera, eta portu gehienetarako. Hala, nabigazioko ofizialak hasierako eta amaierako tarteak bakarrik aldatu beharko ditu, irteerako eta helmugako portuen arabera.