euskaraespañol

Pertsonalki nahiz kirol aldetik ikasteko eta hazteko aukera bat

Martxoaz geroztik, Espainiako Unibertsitate Txapelketak egin dira estatuko hainbat hiritan, eta UPV/EHUk 21 domina irabazi ditu

  • Report

First publication date: 24/06/2024

Espainiako unibertsitate txapelketa

Adrian Ocio, urrea karatean, Juan Otazua, urrea igeriketa egokituan, Irune Muguruza, urrea 400 metroko hesidunean, Haizea Oses, zilarra eskaladan, Hurtxo Garmendia, zilarra errugbian… dominak irabazi dituzten kirolarietako batzuk dira.

Kirol Kontseilu Gorenak urtero iragartzen ditu Espainiako Unibertsitate Txapelketak. Unibertsitate guztietako kirolariek parte hartzen dute, hiru hilabetez, nork bere modalitatean, esperientzia berriak bizitzeko eta, zergatik ez, dominaren bat irabazten saiatzeko.

“Bigarren urtez izan naiz, eta kasu honetan, unibertsitateko talde batekin joan naizenez, esperientzia izugarria izan da. Iaz gurasoekin bakarrik joan nintzen. Aurten, hasieran inor ezagutzen ez nuen arren, Itxasori esker, gure koordinatzailea, igerilari guztiak elkartu eta txapelketara eramateaz arduratu dena, ikaragarri gozatu dugu denok elkarrekin, eta oso esperientzia aberasgarria izan da”, nabarmendu du Juan Otazuak, urrezko eta zilarrezko dominen irabazlea igeriketa egokituko bi modalitatetan.

Txapelketa hauetan parte hartzeko, matrikulatuta egon behar da unibertsitate gradu, master edo doktoregoren batean. Guztira lehiatu dira UPV/EHUko 197 kirolari. Kirolariengan arrastoa utzi duen esperientzia izan da, eta aukera eman die beren kirol modalitateetan aritzen den jendea ezagutzeko.

“Unibertsitateko lehiaketan izan dudan esperientzia oso aberasgarria izan da, aukera izan dudalako jende berria ezagutzeko eta eskaladaz gozatzeko. Oso ondo pasatu dut, lehiakideen arteko giroa ikaragarria izan da eta zalantzarik gabe errepikatuko nuke”, adierazi du Haizea Osesek, zilarrezko domina eskaladan.

“Neurri handi batean, bete egin ditut txapelketa honetarako ezarri nituen helburuak. Pertsonalki, nire helburua zen erresistentzia hobetzea, eta uste dut urratsak egin ditudala alde horretatik. Talde gisa, gure helburua izan da finala irabaztea, eta harro esan dezaket ia lortu dugula. Gure helburu guztiak betetzeko, Europako txapelketara joan beharko genuke, hobetzen jarraitzeko. Jakina, beti dago zer hobetu, baina pozik nago gure errendimenduarekin”, azaldu du Hurtxo Garmendiak, Zaragozako finalean zilarrezko domina lortu duen errugbi taldeko kideak.

Nazioarteko txapelketetara iristea

“Pentsatzen nuen borrokan arituko nintzela estatuko txapelketetan ohikoak ditudan aurkarien kontra. Nire harridurarako, nazioarteko palmaresa duten aurkariak aurkitu ditut. Niretzat oso pozgarria izan da tatami gainean aritzea horren eskarmentu handia duen jendearen aurka, eta asko ikasi dut”, adierazi du Adrian Ociok, urrea karatean.

Txapelketetan, kirolariak ahalegindu dira beren markak hobetzen. Txapelketa hauek antolatzen dira estatu osoko unibertsitate ikasleentzat, hainbat hiri eta udalerritan; aurten, bereziki Zaragozan eta Gaztela-Mantxan. “Maila ona izan da, lehiakortasun handia, eta horrek lagundu digu markak hobetzen. Gainera, oso ondo sentitu naiz eta marka on bat lortu dut”, esan du Irune Muguruzak, urrea 400 metroko hesidunean.

Juan Otazuak -urrea eta zilarra igeriketa egokituko bi modalitatetan- bereziki nabarmendu du aukera ematea kirol egokituan aritzeko unibertsitate txapelketetan, kasu honetan igeriketa egokituan, “desgaitasuna duten kirolarien inklusiorako bide bat delako”.

“Txapelketetan esperientzia irabazteko helburuaz, kementsuago lehiatu naiz, markak hobetzen jarraitzeko eta, zergatik ez, egunen batean nazioarteko lehiaketetara iristeko”, nabarmendu du Otazuak. 

Gainera, norgehiagokak gazte kirolari askori balio izan die jakiteko kirolean urratsak egiten jarraitu nahi duten.

“Unibertsitate txapelketetan parte hartzeak motibazioz bete nau. Entrenatzen eta lehiatzen jarraitu nahi dut, maila altuagoa lortzeko aukera berrien bila. Gainera, kirol honek erakutsi dizkit nire eguneroko bizitzan lantzen jarraitu nahi ditudan balioak”, azaldu du Ociok.

Beste kirolari batzuek, hala nola Irune Muguruzak, nabarmendu dute kirola dela beren buruarekin gustura sentitzeko modu bat, eta asko gozatzen dutela entrenatzen eta lehiatzen.

“Zalantzarik gabe, kirolean eboluzionatzen jarraitu nahiko nuke. Txapelketak erakutsi dit zenbat gozatzen dudan errugbiarekin eta zer tarte dudan hobetzen jarraitzeko. Asmoa dut gogor entrenatzen jarraitzeko eta lehiaketa gehiagotan parte hartzeko; adibidez, Europako txapelketan, lehen esan dudan bezala”, adierazi du Garmendiak.