euskaraespañol

Image of the day

Kataluniako Unibertsitate Irekiko nazioarteko ekintzarako ordezkaria

Pastora Martínez: «Emakumezkoen ordezkaritza txikiena duten jakintza arloetan ere, badaude emakume adituak, planteamenduak eta eztabaidak aberasten dituztenak»

  • Interview

First publication date: 20/06/2024

Pastora Martínez Samper
Pastora Martínez Samperrek Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako jardunaldian parte hartu du | Photo: UPV/EHU

Ekainaren 4an “Generoa eta Zientziaren komunikazioa” jardunaldien bigarren edizioa antolatu zen. Genero ikuspegia komunitate zientifikoan nola txertatu hausnartzeko jardunaldiak dira. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskampus Fundazioak antolatu dute topaketa, Iberdrola, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta EITBrekin lankidetzan.

Pastora Martínez Samper izan zen hizlarietako bat, Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) nazioarteko ekintzarako ordezkaria, zeina komunikazio inklusiboago baten premiaz aritu baitzen, All Male Panels deritzenenei erreferentzia eginda.

All Male Panels, gizonek soilik (edo ia soilik) osatzen dituzten egitarauak dira. Adibide ugari dago eta, akaso, gero eta gutxiago izan daitezkeen arren, oso joera arrunta da hori oraindik ere. Ironiaz sortu zen salaketa, baina oso arazo serioa da.

Arazo larria da; izan ere, emakumeen presentzia bermatu gabe, oraindik iruditeria kolektiboan indarra duten zenbait genero estereotipo berresten dira, tartean, gutxien aitortzen den genero estereotipoetako bat: emakumeok gizonek baino adimen txikiagoa dugulako ustea. Angela Saini zientzia kazetariak uste hori badela frogatzen du “Inferior” liburuan (Círculo de Tiza, 2017), eta mitoa suntsitu ere egiten du, agerian utzita arazo hori elikatu egiten duela gizonez soilik osatutako egitarauak antolatzeak.

Uste hori luzaroan gailendu da mundu akademikoan. Beraz, akademiaren parte garen neurrian, berau desartikulatzeaz arduratu behar dugu, horretarako albait argudio, datu eta ebidentzia gehien erabilita, eta, zergatik ez, ironia finaz baliatuta ere bai. Ironia horren adibide da, kasurako, Saara Särmä Tampereko Unibertsitateko ikertzailearen ekimena. Hori horrela, ardura hartzeko eta ekintza espezifikoak aurrera eramateko deia luzatu nahi diegu gure kide akademikoei. Izan ere, ez dira gutxi dagoeneko askotariko ekimenetara batu direnak; “No Sin Mujeres” kanpainara, besteak beste, zeinaren berri eman baitzigun Óscar Menéndezek, “Generoa eta Zientziaren komunikazioa” jardunaldien antolatzaileetako batek.

Jardunaldietan parte hartzeko prest dauden emakumeak aurkitzea zaila dela argudiatu ohi dute egitarauen antolatzaileek. Zuk, ordea, aldarrikatzen duzu egon badaudela nahikoa emakume, eta egiturazko faktoreak direla egoeraren eragileak. Zeintzuk dira faktore horiek?

Halaxe da, bai. Emakumezkoen ordezkaritza txikiena duten jakintza arloetan ere, ingeniaritzetan kasu, badaude emakume adituak, jorratuko diren planteamenduak eta eztabaidak aberastuko dituztenak. Baina emakume aditurik ez dagoelako aitzakia erabiltzen jarraitzen dute askok oraindik. Eta horretan egin behar da indarra, hain zuzen ere; horrelako ekitaldiak antolatzen dituzten taldeek ardura hartzea exijitu behar da, planteatzen diren eztabaidak begirada anitzen bidez aberasteko ahalegina egin dezaten.

Asko eta askotarikoak dira aipatu ditudan egiturazko arrazoiak; tartean dira guztiok geure baitan ditugun arrakala inkontzienteak (antolatzaile batzuek ez dute inolako arazorik ikusten profil bakarreko pertsonek osatutako mahaiak antolatzean), edota eztabaida pluralagoak sortzeko pizgarri instituzionalik eza. Horrela, profil jakin bateko pertsonek profil jakin bateko pertsonentzat pentsatuko egitura da nagusi.

Unibertsitateko karrera batzuen izenak aldatzeak (informatika karrerarena, kasu) ikasleen profila aldatzea eragin zuen. Gizonen presentzia areagotu zen eta behera egin zuen emakumeen parte hartzeak. Baina arazoa sakonagoa delakoan zaude zu. Arlo teknologikoa gurpil zoro batean murgilduta dagoela uste duzu, eta genero arrakalak nonahi ageri direla.

Izena aldatzea ez zen izan informatikan emakumeen matrikulak gutxitzeko arrazoi bakarra; lizentziatura izatetik ingeniaritza izatera igarotzeak eragin handia izan zuen curriculum formal eta informalean. Hau da, aldatu egin zen zer eta nola irakasten den. Horrekin guztiarekin, gainera, ezin dugu ahaztu testuinguru sozialak genero estereotipoak sendotzen jarraitzen duela.

Biztanleriaren erdiak ordezkaritza txikiegia dauka hainbat jakintza arlotan, hain zuzen ere, egunerokotasunean lagungarriak diren tresna eta soluzioak diseinatzen eta sortzen dituzten horietan. Bada, joera horrek gurpil zoroa sortzen du; egoerara egokitzeko aukera gutxiago ematen dizkie, teorian behintzat, aplikazio horien hartzaile ere badiren emakumezko erabiltzaileei, eta emakumeak diziplina jakin batzuekin gutxiago identifikatzea eragiten du. Horrela, estereotipoak eta genero arrakalak (eta bestelakoak) betikotu egiten dira, beste behin ere.

Kataluniako unibertsitateen kasuan, bada esparru akademikoan genero ikuspegia txertatzeko arautegi bat. Eraginkorra izaten ari al da?

Zalantzarik gabe. Oraindik ez daukagu ebaluazio estandarizaturik; izan ere, arautegia 2019. urtean onartu zen eta mailaka aplikatuko da Kataluniako unibertsitateetako titulazio guztietan. Baina hainbat ebidentziak agerian uzten dute genero ikuspegia txertatu egiten ari dela unibertsitateko irakaskuntzan, nahitaezko arautegi horri esker.

Izan ere, konpromiso etiko eta globalerako zeharkako gaitasuna ezarrita, Kataluniako Unibertsitate Irekiaren (UOC) programa guztietan txertatuz joan gara genero ikuspegia. Hala, gure graduen % 93k eta masterren % 85ek genero ikuspegia barne hartzen dute gaur egun.

“Generoa eta Zientziaren komunikazioa” jardunaldietan emandako hitzaldian esan zenuenez, gizonentzat kodetuta dagoen egitura batean emakumeak txertatzeko zailtasunaren aurrean, egitura bera da aldatu beharrekoa.  Nola alda daiteke egitura hori? Uste duzu egiteko horretan aurrera egiten ari garela, ala oraindik helburu zaila da lortzeko?

Aipua Mary Beardena da. Cambridgeko Unibertsitatean Antzinaroaren Historiako katedraduna da Mary Beard, eta gaur-gaurkoz indarrean jarraitzen duten hainbat mito eta uste matxista desegiten dihardu ikerketa zientifikoen bitartez. Aipu hori barne hartzen duen liburuan, hain zuzen ere (“Mujeres y poder. Un manifiesto” -Crítica, 2018-), emakumeen boterearen erabilera eta ahots publikoa aztertzen ditu, eta defendatzen du egiturazko aldaketa gauzatu ahal izateko ezinbestekoa dela elkarlanean oinarritutako lidergoari bide ematea (tradizioz ezarri den lidergoa -maskulinoa, alegia- baztertuta). Hori da, zalantzarik gabe, erantzukizun postuetan dihardugunok bultza dezakegun aldaketa eraginkorrenetako bat. Baina badago gehiago. Egitura instituzionalak aldatu ahal izateko, ezinbestekoa da politika feministak zeharka txertatzea eta, horiekin batera, ekintza positibo zehatzak martxan jartzea, kasuan kasuko erakundeari egokituta, betiere. Horretarako, borondatea behar da, baita heziketa ere; horrela soilik erakutsiko dugu egungo sistemak ez duela behar bezala funtzionatzen.

Aurrerapauso handiak eman dira, jakina. Esaterako, Espainiako unibertsitateetan, berdintasun planen bitartez (nahitaezkoak dira azken urteetan), lan bikaina egin da barne desorekak aztertu eta ikusarazten, baita hobetzeko proposamenak diseinatzen ere. Baina asko dago oraindik egiteko, eta ezin da, inola ere, atzera egin. Bide horretan, hortaz, sisteman biltzen diren eragile guztiek lankidetzan jardun behar dute, norbanakoaren ekintzak nahiz ekintza komunitarioak erdigunean jarrita.