euskaraespañol

Image of the day

Parkinson-gaixoen eboluzio kognitiboa iragar liteke erretinaren lodieraren bilakaera aztertuta

Neurodegenerazio hori monitorizatzeko tresna eskuragarri, erraz eta ez-inbaditzaile bat erabiltzea proposatu du UPV/EHU eta Biobizkaiako ikerketa batek

  • Research

First publication date: 25/04/2024

Ane Murueta Goyena
Ane Murueta-Goyena, UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzaileak | Photo: Laura López, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Maila klinikoan erabiltzeko oraindik alderdi batzuk berretsi eta bereizmena zertxobait hobetu behar badira ere, UPV/EHUko eta Biobizkaiako ikerketa batean egiaztatu dute oftalmologiako probak egiteko erabili ohi den metodo bat erabil daitekeela parkinsonean gertatzen den neurodegenerazioa monitorizatzeko. Ikerketan ikusi dute litekeena dela erretinaren neurodegenerazioa narriadura kognitiboaren aurretik gertatzea.

Parkinsona edo bestelako gaitz neurodegeneratiboren bat diagnostikatzen den unean bertan, galdera bera egiten dute pazienteek beti: “Eta orain zer? Zer gertatuko da? Zer espero nezake gaixotasunaz?”. Neurologoentzat, ordea, ezinezkoa da galdera horiei zehaztasunez erantzutea; izan ere, “pazienteen bilakaera askotarikoa izan ohi da: batzuek ez dute aldaketarik sumatzen urteak aurrera joan ahala, eta beste batzuek, ordea, dementziak jota edota gurpildun aulki batean amaitzen dute”, azaldu du Ane Murueta-Goyena UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzaileak.

Erronka handia da gaur egun narriadura kognitiboa izateko arriskua duten parkinsoneko pazienteak identifikatzea, tratamendu kliniko eraginkorragoak emateko eta entsegu klinikoetan aurrera egiteko. Hain zuzen ere, Ane Murueta-Goyena doktoreak ikusi nahi izan du, Biobizkaiako ikertzaileekin elkarlanean, “ea ikusmen-sistemaren bidez narriadura hori iragar daitekeen, alegia, ea iragar daitekeen pazienteak zer etorkizun izan dezakeen zenbait urteren buruan”. Horretarako, erretinaren lodiera erabili dute.

Erretina begi-globoaren atzeko aldean dagoen mintza da, nerbio-sistemarekin lotura du, eta zenbait geruzaz osatua dago. Ikerketan, parkinson-gaixoen kohorte edo talde bati erretinaren geruza barrukoenaren lodiera neurtu diete koherentzia optikoko tomografia bidez. Tomografia-mota hori proba oftalmologikoak egiteko erabili ohi den tresna da; bereizmen handiko neurketak, errepikagarriak eta zehatzak egiteko aukera ematen du. Hala, parkinson-gaixoen eta gaixotasuna ez duten pertsonen erretinaren geruza horrek 2015-2021 bitartean izan duen bilakaera aztertu eta alderatu dute. Bestalde, Erresuma Batuko ospitale bateko parkinson-gaixoen erretina-geruzen irudiak aztertuta emaitzak berretsi dituzte.

Emaitzek agerian utzi dutenez, erretina-geruza nabarmen finagoa da parkinsona duten pazienteetan. Gainera, ikusi dutenez, “gaixotasunaren hasierako faseetan hautematen da erretinan neurodegenerazio handiena, eta, une batetik aurrera, erretinaren geruza oso finduta dagoenean, neurodegenerazio hori egonkortu bezala egiten da. Ez dira aldi berean gertatzen erretinaren fintzea eta narriadura kognitiboa. Hasieran erretinan gertatzen diren aldaketak nabarmenagoak dira, eta, gero, urte batzuetara ikusten da pazienteek nola egiten duten klinikoki okerrera bai maila kognitiboan eta bai motorrean —azaldu du Murueta-Goyenak—. Alegia, erretina-geruza mantsoago fintzea lotuta dago narriadura kognitibo azkarragoarekin; mantsotze hori lotuta dago gaixotasunaren larritasun handiagoarekin”.

Ikertzaileak garrantzi handia eman die emaitzei: “Gaixotasunaren progresioari buruzko informazioa lortu dugu, eta, gainera, proposatzen dugun tresna ez-inbaditzailea da eta ospitale guztietan dago”. Emaitzak nazioartean baliozkotu egin behar dira, eta “teknologiaren bereizmena pixka bat hobetuta, parkinson gaitzan gertatzen den neurodegenerazioa monitorizatzeko metodoa balioztatzeko bidean gaude”. Beste paziente-kohorte batekin ikertzen jarraitzen dute, eta gakoa finantziazioan dagoela adierazi du.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Iñigo Gabilondo Biobizkaiako Ikerbasque ikertzailearekin elkarlanean egin da, Bizkaiko ospitaleetako (Gurutzeta, Urduliz eta Basurtu) eta Arabako ospitaleko pazientez osatutako kohortearen datuak baliatuz. Eta NIHR Biomedical Research Centre at Moorfields Eye Hospital eta UCL Institute of Ophthalmology-ko parkinson-pazienteen datu-base bateko irudiekin berretsi dute.

Ane Murueta-Goyena doktorea UPV/EHUko Medikuntza Graduko irakaslea da, eta LaNCE-Neuropharm - GIC 21/133 ikerketa-taldeko kide.

Bibliographic reference