euskaraespañol

Osakidetza, UPV/EHU eta Achucarroko ikertzaileek iktusari aurrea hartzeko funtsezko biomarkatzaileak identifikatu dituzte

2008tik ari dira lanean Euskadin urtero 6.000 kasu berri izaten dituen eta 600 heriotza eragiten dituen gaixotasunari aurrea hartzeko

  • Research

First publication date: 29/10/2018

Koen Vandenbroeck, María del Mar Freijo eta Iraide Alloza. Argazkia: UPV/EHU

Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko profesionalek, UPV/EHU eta Achucarro zentroko Neurogenomiks taldearen laguntzaz, pertsona batek gaixotasun zerebrobaskular (IKTUS) bat izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte.

Une hauetan Osakidetzan iktusaren inguruko 37 proiektu edo azterlan kliniko daude abian, proiektu aktiboen azken inbentarioko datuen arabera. Iaz Eusko Jaurlaritzak guztira 4.700.000 euro bideratu zituen osasunaren arloko ikerketa eta garapen jarduera eta proiektuetara.

Jada iktus bat izan duten edo iktus bat izateko arrisku handia duten pazienteak aztertuz, Biocruces Bizkaia Institutuko, UPV/EHU eta Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzaileek identifikatu ahal izan duten gene-taldearen presentziak iktus bat izateko probabilitate handiagoa adierazten du. Arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak, hau da, hauskorragoak izatea eragiten dute gene horiek. Plaka hausten denean, zatiak zerebroko odol-hodietara iristen dira eta buxatu egiten dituzte, eta horregatik sortzen da gaixotasuna.

Gaur egun gene horiek odol-analisi baten bidez identifikatzeko ari dira lanean ikertzaileak, era horretara sintomarik izan gabe ere iktus bat izateko probabilitate handiagoa nork duen aurreratu ahal izateko. Praktika klinikoan analitika hori erabiltzea mugarri bat izango litzateke patologia horri aurre egiteko bidean; izan ere, kontrol handiagoa eta prebentzio-lan askoz ere eraginkorragoa egitea ahalbidetuko luke.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónen hitzetan, “ikerketa-proiektua sustatzen jarraitzeak lehentasuna du Osakidetzarentzat eta Osasun Sailarentzat, gure helburua osasunaren arloan euskal gizarte osoaren onerako izango diren emaitza hobeak lortzen saiatzea baita”.

Iktusaren aurkako borrokan emandako aurrerapauso honen atzean Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko neurologoa den María del Mar Freijo doktorea eta UPV/EHUko Neurogenomiks laborategiko (Achucarro zentroan dago laborategia) Ikerbasqueko ikertzaileak diren Iraide Alloza eta Koen Vandenbroeck buru dituen ikertzaile-talde handi bat dago. 2008tik ari dira gaixotasun honi aurre hartzeko lanean, eta gogoratu behar da urtero 6.000 kasu berri izaten direla eta 600 heriotza inguru eragiten dituela Euskadin (2017an 643). Bestalde, iktusa munduan heriotza eragiten duen bigarren kausa da, eta urtean 17 milioi kasu berri izaten dira.  

Gaixotasuna eragiten duten prozesuak oso konplexuak dira, eta horrek asko zailtzen du benetako diagnostiko-balioa duten biomarkatzaileak aurkitzea.  Era berean, orain arte ez da lortu iktus bat garatzeko arriskua baloratzen lagunduko duen testik. Horregatik da hain garrantzitsua abian den ikerketa, eta bere emaitzak BIOEFeko (Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa) Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoaren eta UPV/EHUren laguntzaz patentatu dira. Ikerketa garatzeko Carlos III.a Osasun Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza izan da.