euskaraespañol

Image of the day

Orientaziorako EHUazoka arrakastatsua

UPV/EHUk larunbat jarraituetan egin du unibertsitate orientaziorako azoka euskal hiriburuetako bakoitzean

  • News

First publication date: 22/03/2022

Donostian, martxoaren 5ean; Gasteizen, martxoaren 12an; eta Bilbon, martxoaren 19an. Horixe izan da EHUazoka egiteko aukeratu den ibilbidea, hots, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) urtero antolatzen duen unibertsitate orientaziorako azoka, aurten, edizio telematiko baten ondoren, ohiko formatu presentziala berreskuratu duena.

Eva Ferreira errektorearen aburuz, “aurten, azoka baldintza ezin hobeetan gauzatu da, hiru saioetan egiaztatu ahal izan dudanez, ikasleekin eta irakasleekin hitz eginez. Jendetza handiak saihestu ditugu, elkarren segidako deialdiak eginik, eta, zorionez, berreskuratu dugu ikasleak zuzenean ikastegietako arduradunengana eta haien intereseko mailen edukira jotzeko aukera izan dezaten. Harreman zuzena izatea oso garrantzitsua da, belaunaldi berriek erabaki garrantzitsua hartu behar baitute beren ibilbide pertsonalean: unibertsitatera joatea eta bertan beren kezken araberako prestakuntza ibilbiderik egokiena aukeratzea”.

EHUazokak aukera paregabea eskaintzen die ikasleei UPV/EHUk 2022-2023 ikasturterako jartzen dituen graduko ikasketak gertutik ezagutzeko, baita unibertsitatera sartzeko prozedura, bekak eta mugikortasun programak ezagutzeko ere. Presentzialtasuna berreskuratzeko, arreta berezia jarri da osasun neurrietan, eta, horretarako, ondoz ondoko deialdiak egin zaizkie ikasle taldeei, pilaketak saihesteko. Nabarmentzekoa da izena eman zutela 8.900 pertsonak, jarduera ezberdinetako (ikastegietako standetako hitzorduak, hitzaldi informatiboak…) 19.800 plaza bete zituztela. Izan ere, EHUazokaren hiru jardunaldietan, fakultate eta eskoletako irakasleek informazio saioak eman dituzte taldeentzat eta banan-banan, hartara, unibertsitate aurreko ikasleek hobeto ezagutu ahal izan dute euskal unibertsitate publikoa, graduko ikasketen eskaintza, eta haien zalantza guztiak argitu.

UPV/EHUk 105 gradu eskainiko ditu datorren ikasturtean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan banatuta. Berrikuntza gisa, aurten euskal unibertsitateak bere eskaintza handitu du bi gradu bikoitzen bitartez (Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoan, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Araban), beraz, 14 dira euskal unibertsitatean eskaintzen diren gradu bikoitzak.

Bestalde, prestakuntza duala (ikasleak ikasketen zati bat hezkuntza erakunde batean egiten du eta beste zati bat enpresa batean) egin daiteke jada UPV/EHUk eskaintzen dituen 11 gradutan.

Une honetan, gradu guztiak egin daitezke bi hizkuntza ofizialetan, eta beste hizkuntza batzuetako eskaintzak ere goraka jarraitzen du. Business + Economics gradu bikoitza, adibidez, ingelesez ematen da oso-osorik, eta Lehen Hezkuntza hiru hizkuntzatan ematen da Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean (Bizkaiko Campusa). Azken fakultate horretan, Haur Hezkuntza ere ematen da hiru hizkuntzatan. Bestalde, gradu gehienetan irakasgaiak ingelesez (800 irakasgai baino gehiago eskaintzen dira) jarrai daitezke, edo beste hizkuntza batzuetan (180 inguru).

Lau graduk dute Unibasq-Kalitatearen Euskal Agentziak ematen duen nazioarteko aipamena, ikasleen nazioartekotzea sustatzeagatik.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (2022koa) , ekainaren 8an, 9an eta 10ean egingo da ohiko deialdian, eta bertan hautazkotasun handieneko azterketa eredua mantenduko da, 2020an sartutakoa.