UPV/EHUren orientaTU ekimena jardunbide egokitzat jo dute Ikasleentzako Informazio eta Argibide Zerbitzuek (SIOU)
Saritutako jarduera Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako orientazioko langileei zuzenduta dago. Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketen alderdi garrantzitsuenen berri ematea da jardueraren helburua
- Kronika
First publication date: 10/11/2021
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen orientaTU orientazio topaketek lehen saria lortu dute Espainiako unibertsitateetako SIOU lantaldeak (Ikasleentzako Informazio eta Argibide Zerbitzuak) sustatutako 2021eko Jardunbide Egokien VII. deialdian. Saritutako ekimena, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak bultzatua, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako orientatzaileei zuzenduta dago. Jarduera horren bidez, orientatzaileei Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketen alderdi garrantzitsuenei buruzko informazioa ematen zaie, haiek, era berean, unibertsitatera joatekoak diren ikasleei ikasketak aukeratzeko informazioa eta orientazioa eman ahal izan diezaieten. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak aurkeztutako proposamen bat jardunbide egoki gisa aitortu den segidako bigarren aldia da hau. Aurreko edizioan, 2019an, “Arrakasta” programak ere lehen saria lortu zuen.
Arantza Martínezek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen arloko zuzendariak, aitorpen berri horren balioa azpimarratu, eta honako hau adierazi du: “orientaTU jardunaldiek Unibertsitatearen eta Bigarren Hezkuntzaren arteko loturak sendotzeko eta lankidetza bultzatzeko funtsezko zeregina betetzen dute. Horrek, zalantzarik gabe, unibertsitatera joatekoak diren ikasleei ikasketak aukeratzeko prozesu konplexuan orientazio eta informazio hobea ematea eta erabakiak hartzea erraztea dakar”.
Aurten, orientaTU azaroaren 22an (Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskola), azaroaren 23an (Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatea) eta azaroaren 24an (Donostiako Ignacio Mª Barriola Zentroa) egingo da.
Informazio gehiago eta izen ematea, hemen
*Izena emateko epea azaroaren 8tik 14ra bitartekoa izango da.