Aste honetan abiatu da 2021-2022 ikasturtea, Euskal Herriko Unibertsitatean. Graduko ia 35.000 ikasle hasi dira dagoeneko campusetara gerturatzen eta errutina berri bat ezagutzen. Hilaren 15ean, Gipuzkoako Campusean, UPV/EHUk ikasturtea hasteko ekitaldia egiten duenean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea buru direla, fakultate eta eskola guztietako ikasleak ikasgeletan egongo dira.
Graduko ia 35.000 ikaslek hasi dute ikasturte berria, UPV/EHUn
Orain arte, lehen mailako 8.420 ikasle matrikulatu dira, 103 graduetan
- News
First publication date: 10/09/2021
Graduko matrikularen azken pausoa osatzea falta denean, orain arte, 8.420 ikasle berri matrikulatu dira orotara Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Ikasle berrien % 56 emakumeak dira, eta % 44, gizonak. Hizkuntzari dagokionez, % 54,4k graduko ikasketak euskarako taldeetan egingo dituzte, eta % 45,6k gaztelaniaz ikasiko dute.
Datuak campusen arabera banatzen baditugu, % 53 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira; % 26, Gipuzkoakoan; eta, % 21, Arabakoan; bestalde, jakintza adarrei erreparatuta, ikasleen % 42,1ek Gizarte eta Lege Zientzien adarrean eman dute izena; % 24,3k, Ingeniaritzan eta Arkitekturan; % 14,4k, Osasun Zientzietan; % 11,4k, Arte eta Giza Zientzietan; eta, % 7,8k, Zientzietan.
Azken datuen arabera, Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa Gradu Bikoitzak izan du gutxieneko nota altuena: 13,348; gero daude, hurrenez hurren, Biokimika eta Biologia Molekularra (13,265); Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,908); Bioteknologia (12,872); Medikuntza gaztelaniaz (12,850); Medikuntza euskaraz (12,848); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikoitza (12,804); Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza (12,704); Fisikako Gradua (12,694); eta, Matematikako Gradua (12,664).
Eva Ferreira errektorearen iritziz, “ikasturte berria betiko ilusioz hasten dugu, baina pandemiak jarri gintuen egoera zaila gainditu izanaren balio erantsiarekin. 2021-2022 ikasturtea oinarrizko bi zutaberen gainean planifikatu dugu: bikaintasun akademikoari eustea eta osasun baldintza onenak bermatzea. Horren harira, “presentzialtasun egokituaren” ereduarekin jarraituko dugu, unibertsitatean batez besteko % 75eko presentzia fisikoa mantenduz, baina erabateko presentzialtasunera itzultzeko itxaropena dugu, egoerak horretarako aukera ematen duenean. Bestalde, ikasturte berri honen datuek, alde batetik, goi mailako ikasketak egiteko euskal gazteen lehenengo aukera UPV/EHU dela berresten dute, eta, bestetik, agerian uzten dute gure unibertsitateak prestakuntza dualaren eta nazioarteko titulu bikoitzen alde egindako apustua.
103 gradu
Orotara, 35.000 ikasle inguruk 2021-2022 ikasturte honetan Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako 103 graduetako bat egingo dute. Hamaika gradutan unibertsitate-enpresa prestakuntza duala eskainiko da; UPV/EHU aitzindaria da modalitate horretan, non graduko ikasketak egin daitezkeen enpresa batean edo gizarte erakunde batean, alderdi praktiko nabarmen batekin. Era berean, graduko nazioarteko titulu bikoitzak hogeita hamarrera iritsi dira; baterako prestakuntza programa horietan, ikasleek graduko bi titulu lor ditzakete, bat UPV/EHUn eta bestea dagokion atzerriko unibertsitatean.
Mugikortasun programei esker, 2.407 ikaslek gutxienez lauhileko bat egingo dute mundu osoko unibertsitateetan, eta atzerriko edo estatuko beste unibertsitate batzuetako 817 ikaslek, berriz, gure unibertsitatean ikasiko dute. Datu horiek ikasleen mugikortasunaren berreskurapena islatzen dute; izan ere, pandemia aurreko zifretara gerturatzen ari gara, eta Erasmus eta Sicue programen kasuan dagoeneko hobetu dira. Gaur egun UPV/EHUk 2.059 mugikortasun hitzarmen ditu, bost kontinenteetako 55 herrialdeko unibertsitateekin.
Datu horiek Euskal Herriko Unibertsitatea zer erakargarria den erakusten dute. Horretan laguntzen du ere haren posizioak prestigio handieneko rankingetan. Izan ere, UPV/EHU sendotuta ageri da Shangaiko rankingaren azken edizioan, eta munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du.
Gizarteratzearekin konprometituta, urtez urte desgaitasunen bat duten eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopuru osoa areagotzen doa UPV/EHUn; aurtengo ikasturtean, 500 ikasle baino gehiago dira. Ikasturte bakoitzean, desgaitasunen bat duten edo hezkuntza premia bereziak dituzten 150 ikasle berri sartzen dira unibertsitatera.
COVID-19
2021-2022 ikasturte berri honen irakaskuntzari dagokionez, osasun egoera dela eta, UPV/EHUk aurtengo apirilean egindako Gobernu Kontseiluan “2021-2022 ikasturteko irakaskuntza planifikatzeko argibideak“ onartu zituen; bertan, nahitaez bete beharko diren babes orokorreko neurriak berresten dira: jende pilaketak saihestea; maskara erabiltzea; segurtasun tartea mantentzea; ikasgelak ongi aireztatzea; ikasleen mugimendua mugatzea, ahal den neurrian, ikastegien barruan; eta, ezarritako garbitasun eta desinfekzio neurri guztiak aplikatzea. Era berean, “presentzialtasun egokiaren” ereduari eusten zaio, gutxienez % 75eko presentzialtasunarekin jarraitzeko. Enpresetan edo beste erakunde batzuetan egindako Kanpoko Praktikei dagokienez: egingo direla bermatzen da, baina egingo diren erakundeetan ezarrita dauden neurriak errespetatu beharko dira une oro. Ebaluazioari dagokionez, irizpide orokor gisa ezartzen da, segurtasun neurriek horretarako aukera ematen dutenean, ikasleen ebaluazioa modu presentzialean planifikatzea, baina gomendatzen da, halaber, ikaskuntzen ebaluazio etengabe eta sekuentziatu baten planteamendua egitea.
Graduondokoak
UPV/EHUk aurtengo ikasturtean 108 unibertsitate master eskaintzen ditu; horietako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira; hau da, Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei emandako bikaintasun zigilua dute, eta hiru master prestakuntza dualean eskaintzen dira (Fabrikazio Digitala / Digital Manufacturing, Multimedia Kazetaritza, eta Sistema Txertatuen Ingeniaritza).
Bestalde, UPV/EHUk ikasturte honetan berezko 65 master eta graduondoko ditu, eta horien artean, 12 titulu berriak dira: Hidrogenoaren Teknologiak; Enpresaren Nazioartekotze Estrategiak; Gainbegiratzea Gizarte Ekintza Testuinguruetan; Humanitate Digitalak: Aukera Berriak Ikertzen; Irakaskuntza Atzerriko Hizkuntzen eta Edukien Ikasketa Integratuan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduei Lotuta; Haur eta Gazte Literatura eta Formakuntza Literarioa; Euskal Diaspora; Genero, Maskulinitateak eta Gizarte Ekintza; Mikologia Medikoa; Praktika Artistikoak eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea; eta, Ilustrazio Zientifikoa.
Bai unibertsitate masterren kasuan bai berezko master eta graduondokoetan matrikula egiteko epea irekita egongo da irailaren amaierara arte.
Azkenik, 2021-2022 ikasturterako doktoregoen eskaintza zabala 66 programakoa da, eta jakintza adar guztiak biltzen ditu. Izena emateko epea joan zen astelehenean, irailak 6, ireki zen, eta irekita egongo da irailaren 30era arte.
Irakasleak-ikertzaileak eta AZPko langileak
Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte honetan 5.700 pertsona ditu guztira irakasle-ikertzaileen kolektiboan (IRI), eta 1.888 pertsona, administrazio eta zerbitzuetako langileenean (AZPko langileak).
Gizonak | Emakumeak | Guztira | |
Irakasleak | 2.225 | 2.137 | 4.362 |
Ikertzaileak | 669 | 669 | 1.338 |
GUZTIRA | 2.894 | 2.806 | 5.700 |
Gizonak | Emakumeak | Guztira |
690 | 1.198 | 1.888 |