euskaraespañol

Gure arroka bolkanikoa

  • Photocampus

First publication date: 27/09/2021

Arroka bolkanikoa

NON: Arboretumeko pasealeku geologikoa (Leioa-Erandio eremua. Bizkaiko Campusa). NOIZ: 2021eko irailaren 22an. NORK: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

 

Etengabe bolkanez hitz egiten diguten egunotan, gure arroka bolkanikoa etorri zaigu gogora. Geologia Saileko irakasle Ainhoa Alonsok bere jatorria azaldu digu:

Paseo geologikoko arroka bolkanikoa ur-azpiko leherketa baten ondorioz azaleratu zen, eta  lapillizko toba deritzo.

Orain dela 90 milioi urte, euskal arro kantauriarrean ere erupzio bolkanikoak izan ziren, baina ur-azpian. Garai hartan, Goi Kretazeoan, sakonera ertaineko itsaso bat zegoen gure eskualdean, eta Ozeano Atlantikoa irekitzearen ondorioz gertatutako hausturak gure arroraino iritsi ziren. Lurrazalaren azpiko mantuko arroken presioa galtzea eragin zuten hausturek, eta arrokak urtu egin ziren. Urtze horren ondorioz, magmak sortu eta gure arroko itsaspean azaleratu ziren. Itsas azpian ohikoak dira erupzio lasaiak (pillow-labak, laba lobularrak eta laminarrak), baina erupzio leherkorrak ere gerta daitezke.

Gure arroka leherketa baten ondoriozko arroka bolkanoklastikoa dugu. Magmaren elementu lurrunkorren eta tenperatura altuaren eraginez (≈ 1000 °C), ur hotzarekin kontaktuan jartzean, magmaren energia termikoa energia mekaniko bihurtzen da, eta, horren ondorioz, leherketak gertatzen dira eta magma zati txikitan leherrarazten dute. Gure arroka osatzen duten partikulak beiratsuak dira, gas-burbuilek utzitako hutsuneak dituzte, eta hondo ozeanikoan erupzioaren aurretik zeuden beste arroka batzuen zatiak ere baditu, tartean Axpeko trakita-zatiak.

 

Saileko argazki guztiak Photocampusen.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus


Honen harira