euskaraespañol

Noemi Jimenez-Rojo, Darlene Solomon sariduna

  • Kronika

First publication date: 09/03/2021

Noemi Jimenez-Rojo, Darlene Solomon sariduna. Argazkia: Alejandro Melero Carrillo.

Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako doktorea da UPV/EHUn, eta, sariari esker, abangoardiako ikerketako ezagutzak eta esperientzia praktikoa areagotu ahal izango ditu.

Noemi Jimenez-Rojo UPV/EHUko ikertzaile ohiak Darlene Solomon saria irabazi du; mintz biologikoetako lipidoen dibertsitatea eta funtzioa ikertu du, eta, besteak beste, lipidomika aurreratuko teknikak erabili ditu horretarako.

Jimenez-Rojok Biokimika eta Biologia Molekularreko lizentziatura egin zuen UPV/EHUn. Gero, Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako Masterra egin zuen, bai eta nazioarteko doktorego tesia ere, lehengo Biofisika Unitatean –gaur egun, Biofisika Institutua (UPV/EHU, CSIC)–, zehazki, Biokimika eta Biologia Molekularreko Sailean. Alicia Alonso doktoreak zuzendu zuen tesia.

Doktoratu ondoren, denboraldi txiki bat Biofisika Unitatean lanean jarraitu zuen, harik eta Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondorengo kontratu bat lortu zuen arte. 2014ko irailean, Genevako Unibertsitateko Howard Riezman laborategira joan zen; han garatu zuen saritutako ikerketa, eta UPV/EHUko beste talde batzuekin elkarlanean jarraitu zuen, besteak beste, Félix María Goñi doktoreak eta Unai Silván doktoreak (Ikerbasque ikertzaile elkartua, BCMaterials) zuzentzen dituztenekin eta Alicia Alonsoren lantaldearekin.

Darlene Salomon sariaren helburua da emakumezko zientzialari gazteek masa espektrometriako ikerketa eta, besteak beste, ikerFeMS elkarteak (Females in Mass Spectrometry - Emakumeak masa espektrometrian) gaiari buruz abiarazitako jardueretako eta azterlanetako ikerketa sustatzea. Jimenez-Rojo lipidomikako abangoardiako ikerketan, sistemen biologian eta ikerketa klinikoan aritu ahalko da, eta ezagutzak areagotu ahalko ditu Agilent enpresak Singapurren duen Irtenbide Globalen Garapeneko Zentroan. Hor, laborategiko tresnen enpresa horretako zientzialariekin batera lan egingo du, zeinak aplikazio berriak garatzen espezializatuta baitaude.